GARA > Idatzia > Euskal Herria

Altruismoak eman die bizitzan bigarren hegaldia egiteko bultzada

Aterpe eta Eutsi egoitzetan adituen eta boluntarioen lanari esker, ondasunik ez dituztenak laguntzen dituzte. Egoera honetan uste duguna baino jende gehiago dagoela ohartarazteaz gain, etxerik gabe gelditzea edonori gerta dakiokela diote bertatik: «Hau ez da irla bat, hau Donostia da beraz, ezin dugu beste aldera begiratzen jarraitu».

p012_f01.jpg

Oihane LARRETXEA

Aterpera eta Eutsira iristeko eskailerak jeitsi behar dira halabeharrez. Cáritasen egoitza hauetara hurbiltzen direnen soslaiak ezberdinak izan arren, guztiek partekatzen dute ezaugarri bera: ez dute etxerik, ezta ondasunik ere, eta egoitza hauen teilatupean topatu dute goxotasuna, baita bata zein bestearekin solasean aritu eta entzunak sentitzeko parada ere. «Pertsona hauek ez dira kalean jaio -dio Pottokok, Aterpeko arduradunak-. Kalean daude bizitzan jazo zaizkien gertaera erabakigarrien aurrean ez dutelako hauetatik irteteko tresna edo laguntzarik aurkitu. Ez dut esan nahi familia denik erantzule, baina ohartu behar gara edonori gerta dakigukeela».

Aterpeko egoitza eguneko eta gaueko zerbitzuetan banatzen da. Lehenengoan otorduak zerbitzatzen dira, astean hirutan dutxa eskaintzen da eta ileapaindegia, erizaintza gela eta arropa garbitegia daude. Bigarren gelari dagokionez, hamasei ohez osatuta dago, eta lo egin aurretik, telebista tarte batez ikusi eta txokolate bero bat hartzeko aukera ere badute.

«Aterpen -azaltzen du-, garapenean oinarritzen den lan sistema dugu. Bakoitzak gizarte langile bat dauka alboan prozesu hezitzaile bat egiteko, eta maiztasun batez elkarrizketatu egiten ditugu, jarraipen pertsonal osatu bat egiteko. Geure lana, fisikoki eta psikologikoki indarrak erabirratzea da. Egongelak ere paper garrantzitsua jokatzen du, izan ere bertan beraien artean eta boluntarioekin dituzten solasaldiei esker, harremanak eta loturak eraikitzen dituzte». «Ezin dugu ahaztu -dio-, geurera heltzen direnean etsita daudela. Ia guztiek beraien harreman sare osoarekin apurtu dutela; lagunak, familia, bikotea...». Indarberritzen direnean, bigarren proiektu batera bideratzen ditugu, `Alcohólicos Anónimos' edo `Proyecto Hombre'-ra, esaterako.

Aterpen parte hartu ahal izateko, bertan ahalbidetzen zaizkien bitartekoen bidez hobera egiteko prest daudela erakutsi behar dute. Lotan gelditzeko berriz, Gipuzkoan erroldatua egotea ezinbesteko baldintza da.

Aterpeko arduradunarentzat, horrelako proiektuen atzean `begiradaren erronka' ezkutatzen da: «Argi badugu egoera hauek geure gizarte ereduak ondorioztatzen dituela, eta gainera, ez duela inork kale gorrian bizi nahi, zergatik ez dugu aldaketaren alde lan egiten? Ezin dugu beste aldera begiratu. Hemen gaudenak ez gaude zuloak estaltzeko. Ez da kontzientzia lasaitzeko egiten dugun kontu bat, baizik gizartearen aldaketan irmo eta sendo sinisten dugulako».

Proiektu aitzindaria

Aterpe abian jarri ostean, ohartu ziren zorroztasun handiagoko proiektuetara jauzia ematean soslai jakineko pertsona batzuek ezin zutela aldaketa hura eman: «Bizitzak asko zigortu dituen pertsonak ziren, batik bat ezin zutenak kontsumitu gabe egon», dio. Bere aburuz, ez zegoen tresna aproposik hauek modu eraginkorrean laguntzeko, horregatik sortu zen, 2007ko apirilean, Eutsi.

Bertan buru belarri lanean dabil Rosario Bireben. Bere ustez, proiektua aitzindaria da, besteak beste, alkoholaren kontsumoa ez delako zigortzen, baina nabarmentzen du hori programaren ezaugarrietako bat besterik ez dela: «Zutoina ez da bideko minak ezabatzea, baizik gutxitzea. Horregatik, alkoholaren kontsumoa ezabatzen ez den arren, murriztu egiten da, eta hartzen dutena neurtu egiten dugu, hortaz, ondorioak leunagoak izatea lortzen dugu».

Bere iritziz, gakoa motibaziotik lan egitea da, alegia, ezer derrigortu gabe. Ezinbestean egiteko eskatzen zaien bakarra boluntarioez lagunduta, sendagilearengana joatea da. Motibazioa lantzeko bestetik, ekimen ugari burutzen dituzte: mahai jokoak, barre egiteko tailerrak, eztabaidak edota talde bateko kide direla sentiarazteko ekintzak. «Gai direla ikusten dutenean asko eskaintzen dute, eta izugarri eragin onak izaten ditu beraien autoestimuan», dio Birebenek.

Pottokoren aburuz pertsona hauek gizartearen bidetik at daude, eta gizarteari berari dagokio hauen egoerari irtenbidea ematea, «geure errealitatea» baita: «Aterpen zaplasteko asko jasotzen dira, ez fisikoak, baizik begiak zabaltzen dituzten horietakoak».

«boluntarioa modagatik egiteak min handia egiten die»

Fernando Gaztañazpik hemezortzi urte darama Aterpen boluntario lanetan, baita ireki zenetik, Eutsin ere. Ibilbide luze honetan zehar zerbitzu eske bertaratzen den jendearen soslaia aldatu egin dela ikusi du: «Garai batean gehienak jatera etortzen ziren, baina gaur egun horrez gain -azaltzen du-, boluntarioekin egotera, denbora partekatzera eta solasean aritzera etortzen dira, alegia, harremanak sortzera». Bere aburuz, gehien estimatzen dutena haien izenaz deitzea da, eskua ematea, sendagilearenean zer moduz joan zaien galdetzea, finean, bere bizitzaz interesatzea: «Hemendik kanpo gizarteak ez ditu begiratzen», dio.

«Hau konbentzimenduz egin behar da, benetan sinesten delako. Gaur egun -gaineratzen du-, jende asko modagatik egiten da boluntario eta denbora batera etortzeari utzi egiten diote. Horrek hemen daudenei min handia egiten die». O.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo