Gineako krisia gainditzeko helburuz, ituna sinatu dute bertako ordezkari politikoek
Gineako Errepublikako TBN Trantsizio Batzorde Nazionalak eta herrialdeko alderdi politiko nagusiek etorkizun demokratikoa eraikitzeko eta indarkeria giroa atzean uzteko ituna sinatu dute asteburuan Erroman.
Jose Angel ORIA
Gineako hogeita bi ordezkari elkartu dira joan den astean Erromako San Egidio komunitatean, herrialdeko giro politikoa aztertu eta egin beharreko trantsizioa diseinatzeko, Fides berri agentziak jakitera eman duenez.
Etorkizuneko lehen hitzordu garrantzitsua hauteskundeak izango dira, ekainaren 27an egin beharrekoak. Bozketa horiek eta gainerako urrats guztiak eztabaidatu dituzte astebetez Gineako ordezkariek, horien artean TBNko presidenteordeak, gai politikoetarako zuzendariak eta berradiskidetze batzordeko presidenteak.
2008ko abenduko estatu-kolpeak erabat baldintzatu du Gineako giro politikoa. Kolpe hark urtebeteko erregimen militarra eragin zuen aurrena, eta dagoeneko gehiegi iraun duen zalantza giroa ondoren (borroka ugari eta biktima batzuk eragin dituen giro nahasia). Egoera hori gainditzea du helburu sinatu berri duten itunak.
Tankerako itun askok bezala, Gineakoak ere aldeek agintea banatzea aurreikusten du, Parlamentuan zein gainerako erakundeetan; talde askok sostengatuko duen gobernua eratzea eta berradiskidetzeko batzorde nazional bat sortzea. Sinatutakoaren arabera, alde guztiek bake giroari eusteko eta etnien arteko gorrotoa eragin dezaketen ekimenak baztertzeko konpromisoa hartu dute. Indarkeria eta tentsioa eragin dezakeen propaganda saihestuko dutela jakinarazi dute aldeek, hauteskunde garbiak eta justuak egin ahal izateko. Emaitzak onartuko omen dituzte politikariek.
Bestalde, Gineako Indar Armatuak berregituratuko dituzte, bortxaketen biktimek kalte-ordainak jasoko dituzte, eta elkarrizketa eta akordiorako foro iraunkor bat eratuko da.
«Demokrazia helburu duen trantsizioan gure laguntza eskaini nahi diogu Gineari», adierazi du Mario Giro San Egidio komunitateko buruak, ituna sinatzeko egindako ekitaldian.
Teknologia berriak
«Demokrazia egarria du Gineak -esan zuen El Hadj Mamadou Saliou Sylla TBNko presidenteordeak-. Horregatik uste dut hauteskundeak arrakastatsuak izango direla. Demokrazia egarria duen gizartea da gurea, batez ere gazteek, hedabide berriak erabiltzen dituzten ginearrek, horiek munduan gertatzen ari dena ikusteko gauza baitira. Gaur egun jadanik ezinezkoa da herri osoa ezjakintasunean edukitzea».