GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Himalaya | Estilo astuna

Himalaiako zortzimilakoen azken hondarrak

Amaitzear da denboraldia, eta, oro har, Himalaiako zortzimilakoetatik igaro diren espedizioek ezer gutxi eman dute. Makaluko hego-mendebaldean, adibidez, estilo astunaren alde egin dute ukrainarrek.

p043_f01_35073.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Himalaiako erraldoien denboraldia prest da agur esateko. Montzoia ia gainean da, eta hango zortzimilakoetan direnak bakan batzuk baino ez dira. Lasai asko baiezta daiteke beste urte batez ia ez dela igoera garrantzitsurik izan. Hots, «ekarpen» hitzak gero eta indar ahulagoa du. Eta, gainera, zer edo zer berririk egin denean, ondorioa ez da batere egokia izan. Hori gertatu da, hain zuzen, Ukrainako espedizio batekin.

Yuri Kruglovek zuzendutako espedizioak (12 kide izan ditu) Makaluko (8.485 m) hego-mendebaldeko aurpegian bide berri bat zabaldu du. Zehatzago esanda, ez da guztiz berria izan. Ekarpen gisa aurkezten da, baina estiloan atzerakada gertatu dela ere esaten da. Izan ere, marra berria sortzeko ukrainarrek estilo astuna erabili dute. 2010. urtean gaude, eta asko eta asko dira planteamendu hori ulertzen ez dutenak. Hala ere, Ukrainan estilo hori normaltzat hartzen da.

Bi kontzeptuen arteko talka horretan, Kruglovek zuzendutako taldeak Makaluko hego-mendebaldeko aurpegiaren hirugarren igoera egin du. Ordura arte, beste bi eskalada (biak ala biak bide berrietatik) egin dira. 1975. urtean, Jugoslaviako talde batek pareta horretako lehen marra sortu zuen. Bigarrena, berriz, 1989. urtean iritsi zen Beghin frantziarraren eta enparauen eskutik.

Hirugarrena, ukrainarrena izan da. Ez da erabat berria. Berez, Jugoslaviako bidetik hasi ziren, 6.600 metrora ezkerrera jo zuten eta 1.000 metro gorago mendebal zutoinera egin zuten eta hortik gailurrera.

Baldintza gogorrak

Kruglovek hiru talde antolatu zituen. Apirilaren 7an kanpaleku nagusian ziren, eta harrezkeroztik jo eta su ibili ziren. Bederen, aitortu behar zaiena da oso eguraldi eta baldintza traketsekin jardun dutela: elurteak eta haizete bortitzak.

Guztira bost kanpaleku altxatu zituzten. Joan den maiatzaren 19an prest ziren gailurrera jotzeko, baina haizeak eta elurrak atzera egitera behartu zituen. Nahiz eta tontorrean 150 km/h-ko ufadak izan, kanpaleku nagusitik beste talde bat irten zen. Ondorengo egunetarako eguraldi ona iragarrita zegoen, eta taldeak elkarri lekukoa pasatzen ibili ziren.

Hilaren 23a tontor eguna izan zen. Harrigarria bada ere, eskalada hasi zenetik (20 egun baziren), lehen aldiz, zerua erabat garbitu eta haizea ere baretu zen.

Bosgarren kanpalekuan Sergei Bublik, Dimitri Venslavovski eta Vladimir Roshko zeuden. Aipatu dugun bezala, eguraldiak eskainitako baldintzak oso onak ziren; ez, ordea, mendiarenak. Elur asko zegoen pilatuta, eta hiru espediziokide hauek lan eskerga egin behar izan zuten bidea zabaltzeko.

Arratsaldeko seietan zapaldu zuen hirukoteak gailurra. Jaitsiera, berriz, ohiko bidetik egin zuten. Aurpegi horretako hirugarren bidea zabaldu dute, baina, hori bai, estilo astunean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo