GARA > Idatzia > Kultura

Milaka lagun bildu dira asteburuan Antzuolan izandako Mundumira jaialdian

Debagoieneko herrietan urtero egiten den Mundumira jaialdiak atzo eman zuen amaitutzat aurtengo edizioa milaka lagunen bisitarekin eta aurreikuspen guztiak beteta.

GARA | DONOSTIA

Mundumira munduko kulturen topaleku bihurtzen du urtean behin Debagoieneko herriren bat. Iaz Eskoriatzan bildu zuen jendetza eta, aurtengoan, beste herri txiki batera mugitu da festa. Antzuola herri txikia izanik ere, «munduko agertoki» bilakatu dela adierazi zuten atzo antolatzaileek. Azken egunean, jaialdiaren balantzea egiteko orduan, «oso pozik» agertu ziren lortutako emaitzarekin, «aurreikuspen guztiak beteta» geratu baitziren.

Ezin izan zuten larunbatean eta igandean Antzuolara hurbildutako jendetzaren kopuru zehatzik eman, baina milaka izan zirela ziurtatu zuten. Larunbat gauean izandako kontzertuetan (Baiao Brasil, Gose eta Ojos de Brujo izan ziren, besteak beste), 3.000-4.000 lagun inguru zenbatu zituzten.

Ororen gainetik, ordea, antzuolarrek antolakuntzarekin izan duten prestutasuna nabarmendu zuten atzokoan, asteburuan erakutsitako «jarrera, inplikazioa eta gogoa» nabarmenduz. Munduko kulturen festa, Debagoienera itzuliko da hurrengo urtean ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo