GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Iragana, oraina eta etorkizuna elkartuta, «Lea Ibarra» lanean

Historian, naturan eta paisaian zehar, «Lea Ibarra» dokumentalak Bizkaiko eskualde horretako bost udalerri erakusten ditu, inguru horietako kultura eta turismoa sustatzera bideratutako ekimen baten harira. Bideoaren aurrerapena Lea Ibarreko webgunean jarri dute ikusgai.
p051_f02_97x68.jpg

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

Dokumentalak Lea Ibarra Udal Mankomunazgoa osatzen duten inguruak aurkezten ditu euskaraz eginiko narrazio baten bidez -gaztelaniaz, katalanez, frantsesez eta ingelesez ere egin dira bertsioak-. «Lea Ibilbidea»rekin hasitako proiektuari laguntza moduan eginiko ekimena da honakoa; bailararen sustapena handitzeko osagarri bat, alegia.

46 minutuz, Lea ibaia ardatz duela betiere, bertako historia, paisaiak eta baliabideak aurkeztuz, Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto eta Mendexa udalerriak erakusten ditu, bakoitzaren arkitekturaren adibide batzuk aipatuz. Horretaz gain, Mankomunitateko lehendakari Iker Belaustegiren hitzak ere entzuteko aukera ematen du. Dokumentalean kapitulu berezi bat eskaini diote Pedro Bernardo Villarreal de Berrizi, hain zuzen ere, ingeniaritza hidraulikoaren eta burdinolen arloa goitik behera aldatu zuenari, egin zituen ekarpenekin.

Bideoari dibulgazio izaera eman diote, eta hortaz baliatuz, hainbat telebista katetan eman da; Hamaika Telebistak, adibidez, datorren asteartean emango du. Gainera, Ikastolen Elkartearen eskuetan 120 kopia utzi dituzte. Aldi berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan beste 500 ale banatuko dituzte, Ingurugela-Ceidaren eskutik.

2001. urtean «Lea ibaia eta bere inguruaren sustapenerako ekintzen proiektua» izeneko ekimena sortu, eta horren amaiera bezala, «Lea Ibilbidea» etorri da. Proiektu honek bertako paisaia, giroa eta natura ezagutzeko «aukera paregabea» eskaintzen duela azaldu dute Mankomunitatekoek; eta batez ere, «iraganean sekulako garrantzia izan zuten» baliabide eta aparatu hidraulikoak ezagutzeko. Izan ere, burdinolak, errotak eta presak bertako ondare historikoaren osagai esanguratsuak dira.

Bailaran zehar Lekeitio eta Mendexa Durangorekin elkartzen zituen errege galtzada topa dezakegu. Ibilbide horretan bertan, Bengolako energia berriztagarriei buruzko parkea bisitatu daiteke. Bertatik gertu, bai aisialdirako, bai kultura adierazpenetarako gune bat ere badago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo