GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Ikastolen eta euskararen aldeko olatuak Celaa ere busti zuenekoa

Lehen aldiz parte hartu zuen Ibilaldian Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak. Kritika eta eskakizun ugari entzun behar izan zituen, eta ikastolen lana goraipatu eta kontuan hartuko dituela esan zuen berak atzo milaka herritar jaso zituen Bermeon.

p002_f01_199x152.jpg

Manex ALTUNA

«Marigoran Kikunbera» lemarekin, ikastolak eta euskara gorantz datorren marea izango balira bezala, horien aldeko jaialdian buruz behera murgiltzeko mezua zabaldu zuten Bermeon. Lelo horri jarraika, milaka euskaltzalerekin batera busti zen atzo Bizkaiko ikastolaren eta euskararen aldeko jaialdian Lakuako Hezkuntza sailburu Isabel Celaa. PPren eskutik PSE Lehendakaritzara helduz geroztik, lehen aldiz parte hartu zuen Ibilaldian. Izan ere, Galdakaora ez zen agertu ere egin, agenda arazoak argudiatuta. Nahiago izan zuen bere alderdiak ospatzen duen Arrosaren jaialdira joan. Lakuaren ordezkari bakarra Hezkuntza Saileko zuzendari Javier Nogales izan zen orduan, 2007/08 ikasturtean hainbat urtez euskara ikasteko liberaturik egon ostean hizkuntza eskakizuna bete ez zutelako Bilboko Bertendona institutuan irakasleen protesta egin zuten irakasleen bozeramaile izandakoa. Hori dela-eta, hainbat kritika jaso zituen Celaak, eta Kultura sailburu Blanca Urgellek lagundurik agertu zen aurtengoan.

Eta Bermeon ere entzun behar izan zituen bere kontrako oihuak. Hasierako ekitaldian hitza hartzera zihoala zenbait herritarrek txistuka eta «kanpora» esanez hartu zuten. «Euskaraz ikasi, Euskal Herria ikasi» leloa ere entzun behar izan zuen. Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaok txaloka erantzun zuen protesta isiltzeko eta batez ere bere alderdiko kideek, gehiengoa baitziren, jarraitu zioten.

Ez ziren kritika bakarrak izan. Bizkaiko Ikastolen Elkarteko lehendakari Juan Carlos Gomezek finantziazio akordio integrala eta euskararentzat eta ikastolentzat baliabide gehiago beharrezkoak direla esan zuen haren aurrean. Euskal Herriko Ikastolen Europar Kooperatiba Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu ere berari zuzendu zitzaion. Alderdi politiko guztiei begira egindako adierazpenak izan ziren, baina bereziki Lakuako Hezkuntza Sailari, «bizikidetza demokratikorako» planari buruz hitz egin baitzuen.

Tellituk hezkuntza gaiak «politizatzea» eta «gain-aktuazioa» egitea egotzi zien. Ikastolak, behintzat, egoera horretan «deseroso» daudela esan zuen eta eztabaidarako ezberdinen arteko foro partekatuak zabaldu behar direla, guztien artean adostasuna lortzeko. Era berean, hezkuntza eragileen artean adostutako Euskal Curriculuma aldarrikatu zuen.

Celaak ez zion erantzun ekitaldirako prestatua zuen diskurtsoan, baina gero, hedabideen aurrean egindako adierazpenetan esan zuen ikastolak «entzuteko» prest dagoela Lakua, zehaztu gabe kasu egingo dien edo zein gairi buruz hitz egin dezaketen. «Bizikidetza plana» ere aipatu zuen, eta EAJrekin bat etorri zen, gaur akordioa lor dezaketela ziurtatuz. BBBko lehendakari Andoni Ortuzarrek hala esan zuen. Aurretik ordea, Lakuako Gobernuari euskararen alde gehiago egin behar duela esan zion, Sailburuak Ibilaldira joatea «ondo» dagoela, baina hori ez dela «nahikoa», eta euskararen aldeko dekretu eta politikak eskatu zituen.

Ortuzarrek hori esan arren, Bermeoko herritarrek EAJri gogorarazi zioten Udalak -jeltzaleak daude agintean- UEMAtik ateratzea erabaki duela orain dela gutxi. Esan bezala, EAJren ordezkaritza izan zen nagusi hasierako ekitaldian. Ezagun andana batu zen bertan, hala nola Josune Ariztondo, Josu Erkoreka, Izaskun Bilbao eta herriko alkate Xabier Legarreta. EBko Mikel Arana, EAko Joseba Gezuraga, Aralarreko Dani Maeztu eta ezker abertzaleko Eli Zubiaga. Euskaltzaindiko lehendakari Andres Urrutia, AEK-ko arduradun Edurne Brouard eta ESAITeko eta Eskubideak abokatuen elkarteko kide Iñigo Santxok ere parte hartu zuten.

Itsasoa eta arrantza

Bermeotarrek harro erakusten dute itsasoa eta arrantzarekin duten lotura. Asko izan ziren mahoizko arroparekin jantzita atera zirenak. Antolatzaileek ere, leloaz gain, aipamen berezia egin zioten, itsasoarekin zerikusia izandako jendea omenduz. Hasierako ekitaldia Arroyabe Kontserba lantegian egitea erabaki zuten.

Ibilaldiak aurreko edizioetan ikerketa, enpresa, kirola, antzerkia eta sukaldaritza arloko eragileak omendu izan ditu, eta aurten, berriz, itsasoa izan dute ardatz nagusia. Hain zuzen, itsas kulturaren alde lan egindako erakunde eta pertsonek jaso zuten omenaldia. Esaterako, Selma Huxley ikertzaile kanadarra saritu zuten, euskaldunek Ternuan egindako balearen harrapaketari eta arrantzaleei buruz egindako lanagatik. Donostiako portuan kokatutako Untzi Museoa eta antzinako bizimodua, lan tresnak eta teknikak biltzen dituen Bermeoko Arrantzaleen Museoa ere omendu zuten. Horrez gain, itsas ondarea zaintzeko Ziburuko Itsas Begia elkartea, Bermeon egoitza duen Saregin, sare konpontzaile eta kai neskatilen elkartea eta gazteen heziketarekin lotura duen Urdaneta proiektuak ere jaso zuten oroigarria. Omenduen zerrendan, bi izen propio ere izan ziren. Alde batetik, Julio Muruaga bermeotarra, ontzigintzan aritutako familia enpresa baten ordezkaria. Bestetik, Silvestre Bilbao; arrantzale guztien izenean jaso zuen Nestor Basterretxeak egindako oroigarria, 95 urterekin Bermeoko zaharrena baita bera.

Eguzkia gutxitan agertu zen egunean zehar eta hainbat aldiz aterpe bila aritu behar izan zuten Bermeora inguratu zirenek. Eguerdirako 80.000 lagun igaro zirela esan zuten, eta azken urteetan ohitura bilakatu den 100.000ra heltzea espero zuten. Antolatzaileek zailtasunei «buelta eman eta irribarrez erantzuteko» gaitasuna nabarmendu zuten arratsaldean hedabideetara bidalitako oharrean. «Euskaltzaleak ez dira beldurtu eta aho betez esan dezakegu gure aurreikuspenak bete egin direla eta euskararen izarrak Bermeo eta inguruak koloreztatu dituela».

Bost gune zituen herria eta inguruko mendiak zeharkatzen zituen ibilbideak, eta adin eta gustu aniztasunari erantzuteko egitaraua prestatu zuten: Txan magoa, umeentzako jolasak, euskal dantzak, erromeriak edo Euskal Herriko hainbat musika talde ezagunen kontzertuak nahastuz. Besteak beste, Esne Beltzak, Gatibuk, Betagarrik eta Anje Duhaldek jo zuten.

Jaialdia bukatzean, Ondarroako Zubi Zahar Ikastolari eman zion lekukoa Eleizaldek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo