GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bost hilabetean poliziak bi aldiz bahitu duela salatu du gazte batek

Mikeldi Zenigaonaindia Aulestiko gazteak birritan Guardia Zibilaren eskuetan jasandakoak azaldu zituen atzo jendaurrean. Alboan herriko alkate Jon Bollar zein senide eta lagunak zituela, erakundetara salaketa helarazi nahi izan zuen. Bahitzeaz gain, Jon Anzarekin zer gertatu den ez al zekien galdetuz eta Txiki eta Otaegi bezala hilko zutela esanez mehatxatu zuten.

p010_f0240173.jpg

GARA |

Duela bost urte Lea-Artibain Guardia Zibilak egindako polizia operazio baten ondorioz atxilotua izan eta urtebete espetxean eman ondoren, «jazarpen polizial itzela» jasan behar izan duela salatu zuen atzo prentsaren aurrean eta herritarren babesarekin Mikeldi Zenigaonaindia Aulestiko gazteak. Gaur jarriko du salaketa epaitegian.

Izan ere, gertakariok jendaurrean salatzeko erabakia hartzera bultzatu duena da bereziki azken hilabeteetan jasan behar izan duen «jazarpen polizial gogorra». Azkenaldian beste hainbat euskal herritarrekin gertatu bezala -Juan Mari Mujika, Lander Fendandez eta Saioa Agirre kasu-, guardia zibilek azken bost hilabeteetan bera bi aldiz bahitu dutela eta heriotza mehatxuak egin dizkiotela salatu zuen Zenigaonaindiak. Gazteak berak kontatu zuenez, kasuetako bat Aulestirantz autoz zihoan batean izan zen, polizia gisa agertu zitzaizkion zortzi lagunek geldiarazi eta bidexka batean ordu erdiz eduki zutenean. Bere kontra kale borroka ekintzetan parte hartu zuela erakusten duten frogak zituztela esan zioten, eta eurekin kolaboratzeko, «bizi osoa kartzelan pasa nahi» ez bazuen. «Horrela harrapatzeko aukerarik ez bazuten, tiro egin eta kuneta bazterren batean agertuko nintzela esaten zidaten», kontatu zuen.

Beste behin, ia bi orduz basoan eduki zutela salatu zuen Aulestiko gazteak: aurreko aldian bezalatsu kolaboratzeko eskatu zioten, edo bestela «gaizki pasatzea» tokatuko zitzaiola. Mehatxu egiten zioten Jon Anzari zer gertatu zitzaion ez al zekien galdetuz. «Belauniko jarrarazi zidaten eta hala esaten zidaten: «altxa ezker ukabila eta ohikatu `Gora Euskal Herria Askatuta!' Txiki eta Otaegi bezala hilko zara-eta»».

Gauzak horrela, Aulestiko Udalbatzak «gisa horretako egoerei amaiera emateko» eskatzen zuen mozioa onartu zuen. Era berean, Zenigaonaindiari babesa agertzeaz gain, gertaera horiek argitzeko eta EAEko Arartekoari zein Lakuako Barne sailburuari halakorik gehiago gerta ez dadin neurriak hartzeko exigitu zioten.

Amnistiaren aldeko mugimendukoek, era berean, Euskal Herrian «benetako egoera demokratiko bat» ezartzeko, beharrezkotzat jotzen dute «horrelako egoerak gainditzea». Erakundeko kide batek adierazi zuenez, «apustu errepresiboa ahultasun politikoaren ondorio da eta benetako jarrera demokratikoa balute, konpondua legoke gatazka». Datozen hiletako erronka errepresioa indargabetzea izango dela azaldu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo