GARA > Idatzia > Ekonomia

Iaz ekoitzitako esne litro bakoitzeko 0,351 euro gastatu zuten Gipuzkoako baserritarrek, eta trukean 0,342 jaso

Esne litro bakoitzeko 0,009 euro galdu zituzten baserritarrek. Gipuzkoako ustiategiek, batez beste, 50 behi dituzte eta bakoitzak urtean 8.000 litro esne ematen ditu. Beraz, iaz 3.600 euro galdu zituen ustiategi bakoitzak.

Amaia ZURUTUZA

Behi esnearen azpisektoreak egoera txarra bizi du. Horixe ondorioztatu du Lurgintza Gipuzkoako Nekazal Kooperatibak 2009. urteko esne ekoizleen datuen batez bestekoak osatu ostean. 1971. urtean sortu zen Lurgintza kooperatiba eta ordutik Gipuzkoako baserritarrei aholkularitza zerbitzua eskaintzen die, besteak beste, ustiategien kudeaketa teknikoan lagunduz.

Hala, esnetako behien iazko kudeaketen emaitzak osatu ostean, esne litro bat ekoizteko kostu garbia 0,351 eurokoa izan zela azaldu du Lurgintzak; salmenta berriz, litroko 0,342 eurokoa izan zen. Baserritarrek esne litro bakoitzeko 0,009 euroko galera izan zuten beraz. Horixe da datu kezkagarri eta larriena, are eta gehiago gainerako datuekin osatzen bada.

Lurgintzak eskuratu dituen datuen arabera, Gipuzkoako esne behi ustiategiek batez beste 50 behi dituzte. Lan horretarako 2,1 pertsona aritzen dira beharrean. Hau da, urteko lan unitatea (ULU) 1.920 lanordutan zehaztuta egonik, 2,1 ULU behar dira urtean, 50 behi dituen ustiategia kudeatzeko. Hala ere, Lurgintzak gogorarazi du baserritarrek ULUan zehaztutako ordu kopuru hori baino gehiago egiten dutela lan. Bestalde, behi bakoitzak ia 8.000 litro ematen ditu urtean, eta ustiategi bakoitzak beraz, batez beste, 400.000 bat litro esne.

Ustiategi batek dituen gastu orokorrak, bertan lan egiten duten langileen ordaina eta ustiategiak izandako diru sarrerak kontuan izanda, ekoizpen kostua salmenta prezioa baino handiagoa izan zen iaz. Litro bakoitzeko 0,009 euroko galera izanda, datua ustiategi osora eramanda, urtean 3.600 euroko galera dakar.

Arrazoi hauengatik sektorea kinka larrian dagoela nabarmendu du Lurgintzak. Hala ere, ustiategi txikienak dira, hauetan baserritarren eskulanaren egitura gastua handiagoa delako, egoera honetan erreferentziazko errentara iristeko arazo larrienak dauzkatenak. Are eta gehiago, horiek dira egoera honetan aurrera begira bizirauteko zailtasun handienak izango dituztenak.

Azken urteetako bilakaera

Lurgintzak «Esnetako behien 2009ko gestio emaitzak» txostenean jaso duenez, 2007. urteko bigarren seihilekoan munduko esnearen salneurriak «neurri gabe» egin zuen gora, besteak beste, Txinaren eskaera handia eta Zeelanda Berriko lehorteak zirela medio. 2008. urtean berriz, salneurriak beheranzko joerari ekin zion. Azkenik, iazko urte amaierarako, esnearen salneurria 2007. urteko prezioa baino merkeago ezarri zen. Hala, eta urtebetean, 2008tik 2009ra, esne salmentaren fakturazioa %25 murriztu zen. Lurgintzako arduradunek datu honen larritasuna nabarmendu dute, batez ere, esne salmentak ustiategietako diru sarreren %76 osatzen duelako.

Datu positiborik izan zela ere adierazi dute. Izan ere, zekalea eta soja autoen gasolioa sortzera bideratu ostean, 2008. urtean pentsuak «gorakada ikaragarria» izan zuen. Iaz berriz, prezioak behera eginez «bere onera» etorri ziren. Horregatik, ekoizpen lanean elikadura gastua %18 murriztu zen. Hala ere, gastu murrizketa horrek salmenta prezioak izandako beherapena ez duela konpentsatu azaldu du Lurgintzak.

Zifra eta datuei begiratuta, beraz, galerak nagusi dira ustiategietan. Ekoizpenaren berezko hamaika gastuak aintzat hartuz, hala nola behien elikadura, albaitari eta botikak, abere erosketak, konponketak nahiz maileguen interesak, mila litro esne ekoizteko 323 euroko gastua izan zuten baserritarrek. Langileen soldatek, berriz -iaz erreferentziazko errenta, Gizarte Segurantza barne, 24.906 eurokoa izaki-, mila litroko 130 euroko gastua osatu zuten. Beraz, kostu guztia 453,5 eurokoa izan zen. Beste aldean, abere salmenta nahiz diru laguntzen bidez ustiategien diru sarrera 1.000 litroko 102,4 eurokoa izan zen. Hala, kostu garbia 351,1 eurokoa izaki eta esnearen salmentarekin (litroko 0,342 euro) mila litroko 342,1 euro eskuratuta, irabazirik ez eta salmenta prezioaren gainetik ekoitzi, horixe izan zen iaz Gipuzkoako baserritarren emaitza.

Zentralen salneurriak

Esnea erosten duten zentralek baserritarrei ordaintzen dieten prezioa funtsezkoa da. Alor honetan azken hiru urteetan izan den bilakaera kezkagarria da. Izan ere, 2007. urtearen erdialdean izandako gorakada handiaz geroztik, ondorengo joera beheranzkoa izan da etengabe.

Hala, 2007. urtean mila litroko 333 euro ordaindu zizkieten zentralek baserritarrei. Urte hasieran 276 eurokoa izan zen salneurria, baina urte erdiren buruan 409 eurora egin zuen gora. 2008. urtean batez beste mila litroko 358 euro jaso zituzten esne ekoizleek. Urtea 400 euroren bueltan hasi zuten, baina bukaerarako 100 euroko murrizketa izan zuen. Azkenik, 2009. urteko salneurria 269 euroan ezarri zen. Hiru urtean, beraz, ia %20 egin du behera esnearen prezioak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo