Aizkora | Urrezko lehiaketa
Nazabal eta Arrospide izango dira final handian
Etxarrikoak Lopez utzi zuen bazterrean, eta Leaburukoak, berriz, Senosiain kanporatu zuen. Biek eragozpenik gabe erdietsi zuten garaipena.
Jon LEUNDA
Ez da ezusterik izan, eta Nazabalek eta Arrospidek jokatuko dute datorren larunbat gauean Azpeitiko Betarran pilotalekuan maila nagusiko Urrezko Aizkorako finala, herenegun ilunabarrean Senosiain eta Lopez mendean hartu ostean.
Bi finalerdietan lan bera egin behar izan zuten. Hasteko, zeinek moztu kolpe gutxiagoan 45 ontzakoa. Ondoren erlojuz kontra tamaina bereko enborra erdibitu. Hirugarren lanean, 45 ontzako enborrak zutik eta etzanda moztu behar izan zituzten. Laugarren lanean, 60 ontzakoa bota behar izan zuten. Ondoren kana-erdikoa zutik moztu behar zuten, eta azkenik bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar izan zituzten.
Nazabalek Lopezi saioko proba guztiak kendu zizkion. Kolpekakoan, 33tan erdibitu zuen 45 ontzakoa, eta zazpiren aldea atera zion. Erlojuz kontrakoan, 49 segundoan bota zuen enborra eta beste zazpi segundo sartu zizkion Lopezi. Hirugarren lana 2 minutu eta 17 segundoan amaitu zuen Etxarrikoak, eta beste 13 segundo atera zizkion.
60 ontzakoa minutu eta 42 segundoan bota zuen Nazabalek eta 2.16an Lopezek. Zutikako lana minutu bat eta 53 segundoan amaitu zuen Florenek eta 28 segundo kendu zizkion Lezaungoari. Iraupen proba, berriz, 9 minutu eta 38 segundoan amaitu zuen Nazabalek eta 10 minutu eta 47 segundoan Lopezek. Lan guztiak 16 minutu eta 52 segundoan burutu zituen Nazabalek, eta 19 minutu eta 30 segundoan Lopezek.
Beste finalerdia ere aise irabazi zuen Arrospidek, Larretxea ordezkatuz aritu zen Senosiainen aurka. Kolpekakoan, 34tan erdibitu zuen enborra Leaburukoak, eta 45etan Olaguekoak. Erlojuz kontra, minutu bat behar izan zuen lana amaitzeko gipuzkoarrak, eta hiru segundo gehiago Olaguekoak. Lan mistoa, minutu eta 30 segundoan burutu zuen Anjelek, eta 59 segundo atera zizkion Antoniori.
60 ontzakoa 2.15en amaitu zuen Arrospidek eta 2.39n Lopezek. Zutikakoa bi minutu eta 15 segundoan burutu zuen gipuzkoarrak, eta 24 segundo sartu zizkion aurkariari. Iraupen proba 12 minutu eta 6 segundoan amaitu zuen Arrospidek, eta 13 minutu eta 17 segundoan Antonio Senosiainek. Lan guztiak 22 minutu eta 21 segundoan amaitu zituen gipuzkoarrak, eta 27 minutu eta 9 segundoan Senosiainek.
23 urtez azpiko finalerako sailkatu zen Ohian Larretxea eta Mugertza II.aren aurka neurtuko da. Finalerdietan Saralegi kanporatu zuen. 7.39 izan zen Larretxearen denbora eta 9.20 Saralegirena.
18 urtez azpikoetan, Eneko Otañok, lehiaketako gazteenak, irabazi zuen azken saioa proba guztiak irabazita. Atzetik Kortxero, Usia eta Lopez sailkatu ziren. Finalean, ordea, Saralegi eta Kortxero neurtuko dira. Final guztiak datorren larunbat gauean Azpeitiko Betarran pilotalekuan jokatuko dira.
Zaldibiako taldea, eta Gipuzkoa-Bizkaia-Lapurdi-Nafarroa taldea izan dira nazioarteko erako taldekako Euskal Herriko txapela lortu duten bi taldeak. Lehenengoek mutiletan eskuratu zuten, eta bigarrenek, berriz, nesketan.
Talde bakoitzak lau segalari izan zituen lanean, eta mutilek 10x20 metro karratuko sailak moztu behar izan zituzten, eta emakumezkoek, berriz, 8x15 metro karratu moztu behar izan zituzten.
Mutiletan, Zaldibiako taldeak lortu zuen garaipena, eta 4.14 izan zen bere denbora. Bigarren Baliarrain sailkatu zen, eta hirugarren Gaztelu. Nesketan lau herrialdeko neskek osatutako taldea izan zen onena eta 4.25 izan zen egindako denbora.
J.L.