GARA > Idatzia > Kultura

«Super Mario Galaxy 2», munduko iturgin ausartenak ez du mugarik

Aurki hogeita hamar urte beteko ditu Mario Bros iturginak. Nintendo etxeko bideo-jokoak 230 milioi ale saldu ditu munduan zehar eta datorren astean, ekainaren 11n, «Mario Bros Galaxy 2» joko berria merkaturatuko dute, Wii-arekin jolasteko. «Osatuagoa, harrigarriagoa eta nostalgikoagoa» omen da, prentsa oharrak dioenaren arabera, Mario jatorra urrutiko mundu ezezagunetaraino eramango duen jokoa. Bilbon ere aurkeztu dute, eta bertan izan gara.

p047_f01_199x112.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Shigeru Miyamotok orain ia 30 urte sortu zuen Mario Bros, eta dagoeneko 230 milioi bideo-joko saldu ditu mundu osoan. «Time» aldizkariaren arabera, munduan eragin handiena duten ehun gizakien artean dago.

«Berrikuntza» omen da Mario Brosen guraso Nintendoren hitz magikoa. Iturgina sortu eta bera izan zen, bideo-jokoetan, pantaila osotik mugitzen lehena («Donkey Kong», 1981), baita alboko scroll baten bidez agertoki ezberdinak ezagutu zituen aurrenekoa («Super Mario Bros», 1985) edo hiru dimentsioetan askatasun osoz mugitzen aitzindaria ere («Super Mario 64», 1996). Eta «Super Mario Galaxy»rekin, 2007an, hankaz gora jarri zituen fisikaren legeak.

Nintendo etxe japoniarreko iturgin jatorrak baina, erronka berria du aurrean. Izan ere, Wii kontsolarako sortutako «Super Mario Galaxy 2» jokoak ekainaren 11n ikusiko du argia. Berrikuntza nabarmen bat ekarriko digu, «orain arte elementu aldaezin ziren agertokiak abenturaren parte dinamiko bihurtuta».

«Super Mario Galaxy» jokoan -11 milioi ale saldu zituen- iturgina azalera borobileko planeten gainean zebilen bitartean, jokalaria hiru dimentsioetan murgilarazita, berri honetan orain arte jokoak mugiezin zituen elementu bakarrak, plataformak, aldakorrak dira, Marioren mugimenduak bezala. Ez dago geldirik egoteko une bakar bat ere, beraz, «Super Mario Galaxy 2» joko berri honetan.

Gamerankings bideo-jokoei buruzko itzal handiko webguneak historiako bigarren joko onena izendatu zuen «Super Mario Galaxy», hura gainditu zuen bakarra «The Legend of Zelda: Ocarina of Time» bideo-jokoa izan zen; eta belaunaldi honetako jokorik onena izendatu berri du gurean ateratzear den «Super Mario Galaxy 2».

Baina izendapen eta laudorioak gorabehera, Nintendo etxeko Jose Arcasekin jarri gara gu harremanetan, jokoaren berri eman diezagun eta, zergatik ez, joko berriarekin partidatxoren bat jokatzeko. Andaluziarraren esanetan, «jokoaren %90 berria da hemen», eta «grabitatea lurretik desagertu egiten da». Itxuraz retroagoa, joko berrian «iraganeko jokoei keinu asko egiten zaizkie eta orain arte Mario Brosen abenturetan agertu izan diren pertsonaia ia guztiak agertzen dira». Musikari dagokionez ere klasikoak dira melodia gehienak, «baina orkestratuak ageri zaizkigu».

Ohikoa denez, jolasean Mariok dama (Peach printzesa) lagundu behar du, Bowserren (koopa arrazako errege) atzaparretatik ihes egin dezan. Horretarako, guztira 240 izar dituen jokoan «hiru trebetasun berri ageri ditu Mariok; eta jantzi ugari, hauek garatzeko». Hori bai, «sarri `Galaxy 2' gutaz trufatzen da, eta norberak jokatu beharrean jokoa bera da norberarekin jolasean ari dena», ohartarazten digu Arcasek.

«Jada ezinezkoa da aspaldiko jokoen bezainbesteko harridura sortzea jokalariarengan» onartzen du bideo-jokoaren aurkezleak, «baina joko nostalgiko hau aurreko guztiak baino askoz osoagoa da, eta dauden berrikuntza guztiak erraz ulertu eta erabiltzen dira, betikoak balira legez». Eta zailtasuna areagotu bada ere «zaleek horrela eskatuta, laguntza gehiago eskaintzen du -aurkezpena ere sinpleagoa omen da-, jendea zailtasunetan kateatu ez dadin».

Azalpenak eman eta jokatu, biak batera egiten ditu Jose Arcasek, eta trebetasun harrigarriarekin gainera. Sartuak izango ditu bai, ordu batzuk aurkezten duen jokoarekin borrokan. Eta bukatu aurretik, `jokoaren giltza' argitu digu, ahopean: «Honako honetan, Yoshi dinosauroa funtsezko pertsonaia da, arrakastaz jokatu nahi bada».

Europarako, jokoak bost hizkuntza hedatuenak baino ez ditu erabiltzen, baina hori bai: «Mariok hasierako agurra euskaraz ere badu».

Bat-bateko dibertsioa

Orokorrean, Mario Brosen arrakasta ulertzeko laguntza ere eskatu diogu Arcasi. «Bat-bateko dibertsioa da giltza -aitortu digu-, beste ezeren gainetik, lehen minututik ondo pasatzen duzu Marioren jokoekin». Gainera, «kalitate handikoak dira, mimo handiz prestatuak. Bideo-jokoez ulertu barik ere, bat hartu eta asmatu nahi baduzu, hautatu ezazu Mario».

Erabiltzaileari dagokionez, asko aldatu dira kontuak. «Lehen amatxoek seme-alabei erosten zizkieten bideo-jokoak eta egun beraiek ere jokatzera animatzen dira». Mario gainera, «bortxarik gabeko ikonoa da, familia guztiarentzako».

Beti etorkizunera begira, Nintendo etxea 3DS kontsola berria prestatzen ari da gainera, kontsola eramangarria hiru dimentsioetan, eta betaurrekorik gabe.

ETXEKO DENONTZAT

Nintendok erabiltzaile guztientzat egokiak diren jokoak prestatzen ditu, familia osoari begira, eta horrek eman dio arrakasta Mario Bros iturginari: «Erabateko dibertsioa eskaintzen du, eta indarkeriarik gabeko jokoa da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo