GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Julen kaltzada Busturia

Krisia gainditzeko bide bila

Gure agintariek, itxura denez, esku artean duten arazo garrantzitsu bat gastuak murriztea da, soldatak jaisteraino heldu baitira. Asmo hori zintzoa bada, aurrerapauso bat emateko aukera paregabea dute.

Komunikabideetan hainbat aldiz agertu da ETAk borroka armatua utziko duela Euskal Herriari erabakitzeko eskubidea, hau da, hamazortzi urteko neskato/mutiko bati onartzen zaion eskubidea, onartzen zaionean.

Hori egia bada, eta itxura batean hala da, bi gobernuek onartuko balute Euskal Herriak herri eskubide hori erabiltzeko adina duela, ETAk borroka armatua utziko luke. Borroka armatuaren arazoak, bada, konponbide erraza du eta, gainera, duina, herri eskubidearen urraketa bat konpontzen delako eta, bestalde, mesede egingo dio Estatuaren aurrekontuen murriztapenari.

Horren ondorioak zeintzuk diren? Krisi garai honetan ere ETA berriro ari omen da enpresariei dirua eskatzen. Eskubide hori onartuta enpresariek ez lukete biziko gaur bizi duten egoera latza. Dirua ematen badute, kartzelara eramaten dituzte. Eta ematen ez badute, arriskupean daude eurak eta euren ondasunak. Gainera, dirua emanda baino gastu handiagoa egin behar da ez emanda, euren burua eta euren ondasunak zaintzeko soldata ordaindu behar zaielako bizkartzainei. Beraz, kostu horri edo enpresariek euren diruaz edo estatuek (hau da, herriak) erantzun behar diote. Ondorioz, diru hori ezin da erabili krisiari aurre egiteko.

Borroka armatua desagertzen bada, enpresariek (eta politikariek) ez dute beharko bizkartzainik. Ikusita zenbat bizkartzain dagoen, politikariek soldatetatik utziko duten dirua baino askoz gehiago aurreratuko litzateke ziur asko. Gainera, Euskal Herrian behintzat askoz ere polizia eta salatari gutxiago beharko da eta hor ere diru mordoa aurreratuko da.

Eta nortzuk egongo lirateke arazo hori konpontzearen alde? Behintzat ETA bera eta kartzelan eta atzerrian daudenak, horiek direlako herri eskubideen urraketaren ondorio larrienak jasaten ari direnak. Eta enpresariak, dilema latza bizi dutelako: edo kartzela edo bizia eta ondasunak arriskuan. Gero herri xehea, bere diruarekin ordaintzen direlako mundu horretan ari diren bizkartzain eta salatari ugari, ertzain eta polizia.

Eta nortzuk daude arazo hori konpontzearen kontra? Borroka-mota hori mantentzetik onura ateratzen dutenak. Adibidez bizkartzainen enpresak, fondo erreserbatuetatik jaten duten salatariak eta abar. Eta Espainia, eguzkia sartzen ez zen erresuma izatetik penintsula erdira nanotuta ikustearekin traumatizatuta daudenak.

Euskal Herriarentzat, Kataluniarentzat eta abar erabakitzeko eskubidea onartzeak krisi ekonomikoari mesede egiten dio, enpresariei ere laguntzen die eta Espainia nanotzeagatik traumatizatuta daudenak lasaituta geratuko dira Euskal Herria eta abar Europako estatuak, hau da, neba-arrebak, direla ikustean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo