Italian atez atekoa 18 milioik egiten badute, Gipuzkoa osoan aise ezar daitekeela argi dago
Hondakinen arazoari irtenbidea emateko atez atekoan uste sendoa zuten lehen ere, eta are gehiago konbentzituta itzuli dira Italia iparraldean zehar egindako bidaiatik bai Sanmarko Mankomunitateko ordezkariak, bai gipuzkoar alkate eta zinegotziak. Hondakinak gaika eta atez ate biltzeko sistema Usurbil, Hernani eta Oiartzundik Gipuzkoa osora zabaltzeaz harago, hurrengo jomuga tasa justua ezartzea izango da.
Janire ARRONDO
Gutxi gorabehera 18 milioi biztanleri eragiten dio Italian zaborrak biltzeko atez ateko sistemak ¯Gipuzkoak 740.000 ditu¯ eta bilketa sistema hori edozein neurritako herri edo hirietan egitea teknikoki posible dela erakutsi dute bertan. Leku batzuetan ia 10 urtez martxan den Italiako porta a porta delakoak ez du kolore politikoekin zerikusirik; are gehiago, herrialdeko legeak gaika biltzeko agintzen du eta erakundeek ekonomikoki laguntzak ematen dituzte bai bilketarako, bai sistema ezarri eta azpiegiturak jartzeko.
Piemonte eta Lombardiara egindako bidaiaren ondoren, beraz, Sanmarko Mankomunitatekoek, Italian izan diren hainbat udaletako alkate eta zinegotzik nahiz gizarte eragileetako kideek izango dute datozen egunetarako zereginik. Bertan jasotako datuak lasaitasunez osatu, aztertu eta eztabaidatu beharko dituzte, ondoren lekuan lekuko behar eta baldintzetara egokitutako proiektuak prestatzeko.
Italiarrak atez atekoan aitzindariak izanda, bilketa sistema hau bertatik bertara ezagutzea aberasgarria izango zela iritzita bidaiatu zuten bertara Gipuzkoako alkate zein zinegotzi ugarik. Handik bueltan, Sanmarkoko lehendakari Ricardo Ortegak azaldu zuen halako sistema ikusi duenak ezezkoa ematea «ezinezkoa» dela. Euskal Herrian oraindik erabiltzen ez den «tarifa justua»ren garrantzia ere nabarmendu zuen Ortegak eta hondakinen murrizketaren helburua lortzeko «giltzarrietako bat» izan liteke beraren iritziz. Hain justu ere, tarifa justuak norberak sortzen duen horren arabera ordaintzea du oinarri, eta edukiontzietan jarritako mikrotxip-en bidez etxe bakoitzean sortzen den errefusa neurtzen da.
Atez atekoa lanabesa da
Sanmarkon lehendakariorde eta Usurbilen zinegotzi lanak betetzen dituen Imanol Azpirozek muturreraino ezagutzen ditu atez atekoaren nondik norakoak. «Zaborren amaiera nahi dugulako etorri gara Italiara, nola gutxitu ikasi nahi genuen, hori delako benetako helburua», azaldu zuen berak prentsaurrekoan. Gipuzkoan hondakinen gaikako bilketan lanean ari direnen azken helburua da zaborra ahalik eta gehien murriztea; alegia, «zero zabor» filosofia praktikan jartzea. Hori posible dela, eta ondorioz, errauste-plantaren beharrik ez dela izango erakutsi nahi dute, eta ingurumari horretan kokatzen da Aldundiari erraustegia 6 urtez behintzat atzera dezala eskatzea.
Asmo horretan garrantzi berezia du hondakinak gutxitzeak, eta horretarako prebentzioa lehenesten dute. Italian ikusi ahal izan zuten nola gutxitu ontzien erabilera. Esnea, garbigaiak, olioa edo ahal diren elikagaiak aurrez ontziratu gabe erostea esaterako, ontziak aurrezteko modua litzateke. Bestalde, produktu berrerabilgarrietara jotzea ere hondakinak gutxitzeko modua da; poltsa berrerabilgarriak edo pixoihalak, esaterako.
Hernani eta Oiartzun atez atekoan hasi berriak diren arren, Usurbilek dagoeneko urtebete pasatxoko esperientzia du horretan. Birziklatze neurriak %80tik gorakoak dira; %86ra ere iritsi dira. Bereizirik jasotzen den organikoa, gainera, kalitate onekoa lortzen dute, %99ko purutasuna baitu.
Eta geratzen denarekin zer?
Atez atekoaren aurka jotzen dutenek, ordea, birziklatu gabe geratzen den zabor hondar horri irtenbidea emateko ere erraustegia beharko dela defendatzen dute. Sistema horrekin, birziklatu gabe geratzen dena soilik %15etik %20ra bitartekoa da. Hala ere, Azpirozek azaldutakoaren arabera, badaude errefusa hori are gehiago gutxitzeko moduak. Multzo horren barruan daude, adibidez, pixoihalak eta udazkeneko kale garbiketako orbelak. Halakoek, mekanikoki sailkatu eta biologikoki egonkortzeko tratamendua jaso eta gero, ez dutenez usainik edo biogasik isurtzen, ez dituztenez animaliak erakartzen, ez lukete arazorik emango, eta eratorritako konpostak, ongarritzeko erabilgarria ez izan arren, baditu beste erabilera batzuk. Gainerako hondakin geldoak, txatarrak eta gisako materialak, zabortegira eramatea litzateke irtenbidea Azpirozen esanetan.
Errefusa horren erdia egoki bideratuta, beraz, %10eko zaborrez hitz egingo genuke, eta neurri hori Gipuzkoa osora hedatuz gero, errauste planta ekonomikoki ere ez litzateke bideragarria izango. Azpirozen ustez, «tamalez errauste-plantak birziklatzearekin lehiatzen du. Bi aukeren arteko aldea ageri da: erre edo birziklatu; osasuna edo kutsadura».
Errauste plantaren aurkako manifestazioa izango da Donostian Usurbilgo Itunaren sinatzaileek eta errausketaren aurkako taldeek deituta.
Hamaikabatek, atez atekoaren aurka abian duen kanpainaren ildotik, Sanmarko Mankomunitateko lehendakari Ricardo Ortega kargutik kentzeko bere botoa eskaintzen duela adierazi zuen. H1!-en Gipuzkoako lehendakari Martin Beramendik azaldu zuenez, «gipuzkoar erakundeen gehiengoaren erabakiak boikoteatzen ari da» Sanmarko, ez omen duela-eta Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorra (PIGRUG) betetzen, azpiegitura berriak proposatzen eta laguntzen ari den neurrian. Ortega kargutik kendu eta Donostialde osoan bosgarren edukiontzia jartzea defendatu zuen Beramendik. GARA