Gari Mujika Kazetaria
Harritzea, zaila
Tertu-listo gehiegi aritzen dira egunero, Euskal Herriaz mintzo. Gutxi batzuk gertatzen dena ezagutuz eta gehienak agindu politikoekin estali nahi dutenari men eginez, eurak ere estrategia baten barruan kokatuz. Kazetariekin gauza bera, are lotsagarriagoa, gertatzen dela zer esanik ez. Baina gertaerez jabetu eta kontzientzia hartzen duen orok, azkenean, nolabait «onartu» egiten ditu horiek; jada zaila baita gurean asaldatzea.
Gaur, atxiloketa bat izanez gero, berdin dio haren zergatia. Nola edo hala ETAkoa izatea egotziko diote, eta izanez gero, guztien «jefea» izango da, noski. Oilo dema azkar hasten da politikari izan nahiko luketen tertu-listoak kukurrukuka hasten direnean, zein baino zein, aho zabaltasun eta garun urritasunean ea nor izango den garaile. Azkar batean erakutsiko dituzte, gainera, Barne Ministerioak igorri dizkien argazki eta akusazio prefabrikatuak. Baina hurrengo egunean inor ez da gogoratzen libre utzi dutela, edota absolbitu egin dutela, edota torturak salatu dituela, edota Guardia Zibilaren benetako lana erakusten duen txostena izan badela...
Azkar batean aireratzen dituzte euskal preso politikoen izena eta izana kakazteko idatzitako propaganda esku-orriak, baina muzin egiten diote dispertsioak eragiten dituen istripuei kasu egiteari, astebururo eragiten duten sufrimendua erakusteari, eta zer esanik ez tinko eusten duen elkartasunak etenik ez duela ikusarazteari. Honek asaldatu? Eguneroko ogia baita.
Baina horrek ez dio duen larritasuna kentzen. Gaur bertan, bi euskal gazte Paueko auzitegian eseri beharko dira, ea Madrilen esku utziko dituzten edo ez erabakitzeko. Erroman espetxeratu dituzten beste hiru euskal gazte independentista bezala. Euren delitua ez baita Segi gazte erakundean militatu izan edo ez izana, konpromisoz eta koherentziaz independentziaren alde aritzea baizik. Hori baita estatuen etsai nagusia.
Eta garesti ordaintzen da konpromiso koherente hori. Hil bukaeran, Donostiako 18 gaztek beste epaiketa politiko bati egin beharko diote aurre. Zortzi urteko espetxe eskaerak. Jada ez gaitu ezerk harritzen. Kontua eramatea ere zaila egiten da, baina Igorreko gaztea zenbatgarrena da polizia jazarpenak salatzen? Ohitzea, ahanztura bezalaxe, etsai txarra da gurean. Eta hiru hilabete badira Jon Anza hilik agertu zela...