Euskal Diasporak eta Nafarroa Bai-k Udalbiltzari babesa eskaini diote
GARA |
Euskal Diasporak eta Nafarroa Bai koalizioak Udalbiltzako auzipetuei elkartasuna eta laguntza eskaintzeko komunikatuak plazaratu dituzte.
Mariana Fernandez Castellik eta Cesar Arrondok Euskal Diasporako Udalbiltzaren lagunen izenean adierazi dute instituzioa eta honen kide ugari hasiera-hasieratik ezagutzen dituztela esperientzia kultural eta abertzaleak partekatu dituztelako. Nabarmendu dutenez, Madrileko Auzitegi Nazionalak egiten dituen salaketak salaketa, «Udalbiltza ez da talde terrorista». Beraz, uztailaren 15ean auzia hasiko dela aintzat hartuta, Euskal Diasporak eskatzen du prozesua berehala gelditzeko, Auzitegi bereziak helburu bakarra Udalbiltza bezalako instituzio bat zatikatzea eta honen izen ona zikintzea delako.
Euskal Diasporako Udalbiltzaren lagunen ustez instituzioak egin duen «bekatu bakarra» Euskal Herria sozialki eta politikoki antolatzea izan da, Zazpi Herrialdeetako udalerrietako hautetsien laguntzarekin hizkuntza, kultura, gizartearen ongizate, kirol, ingurumen, garapen ekonomiko, identitatearen alde egin duelako, baita Euskal Herriari nazio den heinean dagozkion eskubideen alde ere.
Euskal Diasporako Cesar Arrondok, Gloria Zuazolak, Mariana Fernandez Castellik eta Santiago Bereciartuak, diasporaren eztabaida-foroko webgunearen bidez, Udalbiltzari babesa eskaintzeko eskatu diete kideei.
Udalbiltzari eta honen auziari buruzko informazioa duen dokumentu baten ondoan elkartasuna helarazteko helbide elektroniko bat jarri dute webgunean, babesa eman nahi dutenei izen-abizena eta jatorria adieraz ditzatela eskatu diete. Agiria idatzi duten Euskal Diasporako kideen ustez, diasporatik bidalitako elkartasun hitzak oso garrantzitsuak dira momentu honetan.
NaBai Udalbiltzaren alde
Nafarroa Bai-k ere komunikatu bat bidali du auzipetutako Udalbiltzako 22 kideei elkartasuna helarazteko. Orain dela zazpi urte hasi zen prozesuaren kontra antolatutako ekimenetan laguntza eta babesa eskaini nahi duela adierazi du koalizioak.
Era berean, Udalbiltzako langile ohien eta herrietako hautetsien kontra Auzitegi Nazionalak orain dela zazpi urte abian jarri zuen sumarioak aurrera jarraitzea salatzen du koalizioak komunikatuaren bidez.