Ekainaren 24rako greba eguna deitu dute estatu frantseseko 6 sindikatuk
GARA |
Estatu frantseseko sei sindikatuk datorren ekainaren 24rako greba eguna antolatu dutela iragarri zuten atzo. Hain zuzen ere, Gobernu frantsesak pentsio sistema erreformatzeko osatu duen lege proiektuaren aurka protesta egiteko antolatu dute greba eta mobilizazio eguna CGT, CFDT, FSU, UNSA, Solidaires eta CFTC sindikatuek.
Sarkozyren Gobernuak gaur aurkeztuko die sindikatuei erretiroa erreformatzeko osatu duen proiektua. Oraindik ofizialki publiko egin ez badute ere, hainbat komunikabide frantsesek plazaratutakoaren arabera, erretiroa hartzeko legezko gutxieneko adina 60 urtetik 62 edo 63 urtera atzeratu nahi du gobernuak.
Grebara deitu duten sindikatuek ohar bateratu batean azaldu zutenez, azken asteetan erreformaren aurka mobilizatu arren, «Gobernuak pentsio sistema erreformatzeko proiektu bidegabeari eusten dio». Hala, «baldintza hauetan ekainaren 24ko greba egunak inoiz baina zentzu handiagoa du», adierazi zuten. Horregatik, deia zabalduz, herritar guztiei eskatu zieten protesta egunarekin bat egin dezatela.
Milioi bat lagun kalean
Pasa den maiatzaren 27an jada sei sindikatu hauek deituta milioi bat pertsonatik gora mobilizatu ziren Estatu frantsesean, enpleguaren eta soldaten defentsan, baina batez ere, erretiro sistema aldatzea ez dela ezinbestekoa aldarrikatzeko.