GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea Gipuzkoako finala

Irigoienek hasieratik erakutsi du bere agintea

Errezildarrak ez zuen hutsik egin bere herritarren aurrean, eta txapelari aise eutsi ahal izan zion.

p039_f01.jpg

Jon LEUNDA

Ez zen ezusterik izan, eta Aimar Irigoienek aise irabazi zuen herenegun arratsaldean Errezilen Gipuzkoako harri-jasotze Txapelketako txapela. Errezildarrak guztira 9.087,5 kilo jaso zituen.

600 ikusle inguru batu ziren Errezilgo pilotalekuan saioa zuzenean ikusteko asmoarekin. Kirolari bakoitzak 125 kiloko kopa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100eko bola erabili behar izan zituen. Bakoitzarekin lanean aritzeko berriz, hiruna minutu izan zituzten.

Aimar Irigoien bera izan zen lanean hasten lehenengoa. Errezildarrak hasieratik utzi nahi izan zuen garbi han zeinek agintzen zuen, eta 33 aldiz berdindu zuen lehen harria, eta garbi geratu zen aurreneko probatik hasiko zirela egiten aldeak.

Haren atzetik plazaratu zen Izeta III.a. aiarrak ere lan ona egin zuen, eta 28 aldiz jaso zuen 125eko kopa. Ondoren atera zen Telleria II.a, eta honek ere ez zuen lan txarra egin, 24 aldiz bizkarreratu baitzuen 125ekoa.

Azkena plazaratzen Izeta IV.a izan zen, eta zarauztarrak lan bikaina egin zuen, kopa 29 aldiz berdindu baitzuen bizkarraren gainean, eta lehen saioaren ostean bigarren postuan kokatu zen.

Lehen harriarekin egin beharrekoak eginda, garbi zegoen txapela zeinek jantziko zuen, baina bigarren posturako lehia handia ikusten zen Izeta III.aren eta Izeta IV.aren artean, osabaren eta ilobaren artean, alegia.

Bigarren harria 1125,5ko kubikoa zen, eta hor ere Irigoien izan zen onena. Errezildarrak 21 jasoaldi eman zizkion, eta txapela lortzetik gero eta gertuago zegoen. Izeta III.a plazaratu zen jarraian, eta aiarrak ere lan ona egin zuen, nahiz eta 16 jasoaldirekin konformatu behar izan zuen.

Telleria II.ak ere lan bikaina egin zuen, eta Izetak bezainbeste jasoaldi egin zituen, 16 alegia. Azkena plazaratu zen Izeta IV.a, eta honek sekulako saioa egin zuen, 20 aldiz jasoz harria, Aimarrek baino bat gutxiago eta bere osabak eta Telleriak baino lau gehiago jasoz.

Bigarren lanaren ostean, eta 100eko bolaren faltan, gauzak nahiko erabakita geratu ziren. Azkeneko lanean ere Irigoien izan zen onena. Errezildarrak 26 jasoaldi eman zizkion 100eko bolari, eta txapela segurtatuta utzi zuen. Jarraian Izeta III.a plazaratu zen, eta honek 22 jasoaldi eman zizkion, eta bere ilobak egiten zuenaren zain geratzen zen, nahiz eta bigarren postu hori lortzeak oso zaila izaten jarraitzen zuen.

Telleria II.ak 16 aldiz berdindu zuen bola, eta honek amaitu zuenean ere bazekien berea izango zela azkeneko postua. Azkena plazaratzen Izeta IV.a izan zen. Zarauztarrak bigarren postua oso gertu zeukan, eta hori segurtatu nahi izan zuen. 21 aldiz jaso zuen bola, bere osabak baino bat gutxiago, baina hori nahikoa zuen bigarren postua eskuratzeko, oso gustura amaitu zuen Izeta II.aren semeak, bigarrena ere postu bikaina baita.

Sailkapen nagusia honela geratu zen: lehena Aimar Irigoien 9.087,50 kilorekin (80 jasoaldi); bigarrena Izeta IV.a 7.975 kilorekin (70 jasoaldi); hirugarrena Izeta III.a 7.500 kilorekin (66 jasoaldi) eta azkena Telleria II.a, 6.400 kilorekin (56 jasoaldi).

Errezilgo pilotalekuan bertan jokatu zen Gipuzkoako orga-jokoko finala ere, eta bertan txapeldun Xabier Urreisti izan zen, berea izan baitzen markarik onena. Sei itzuli eta 1,90 metro egin zituen. Bigarren, berriz, Uranga sailkatu zen lau itzuli, bi seiko eta 10 zentimetrorekin, eta azken postuan geratu zen Zubiaurre lau itzuli, seiko bat eta lau metro eginda.

Burdin Gazteak bikain aritu da

Euskal Herriko harri-zulatze Ligako hirugarren jardunaldia jokatu zuten larunbatean, eta oraingoan Burdin Gazteak izan zen nagusi. Aurreko bi jardunaldietan Txorierri gailendu izan da, baina oraingoan Ortuellakoak izan dira onenak.

Burdin Gazteak taldeak lan bikaina egin zuen, eta beren denbora amaitu zenerako, ortuellarrek 21 zulo eta 3,5 zentimetro zituzten eginak. Bigarren geratu zen Txorierri. Lehen bi saioetako irabazleek bigarren postuarekin konformatu behar izan zuten oraingoan, eta 19 zulo eta 5,2 zentimetro egin zituzten. Hirugarren Kabiezes sailkatu zen, 18 zulo eta 9,5 zentimetrorekin; laugarren Trapagaran sailkatu zen, 16 zulo eta 8 zentimetrorekin; bosgarren Gallarta izan zen, 16 zulo eta 7,5 zentimetrorekin; seigarren Las karreras sailkatu zen, 13 zulo eta 8,5 zentimetrorekin; zazpigarren Errekatxo izan zen, 12 zulo eta 8,5 zentimetrorekin, eta azkena, berriz, KZ Kolpeka, 7 zulo eta 5,5 zentimetrorekin. Sailkapen nagusian Txorierrik jarraitzen du lehen postuan, 23 punturekin. Bigarrena Burdin Gazteak da. J.L.

BIGARRENA

Izeta IV.ak lortu zuen bigarren postua bere osabari, Izeta III.ari, aurre hartuta. Bien artean dema polita izan zen, baina azkenean gazteak aurre hartu zuen, eta gorako bidean jarraitzen duela erakutsi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo