Arriaga antzokiak uztaileko oporrak aprobetxatuko ditu barrualdea eraberritzeko
372.000 euro kostako dira Bilboko Arriaga antzokia berriztatzeko lanak. Orkestra-zulogunea, agertokiko zorua, oihalak mugitzeko motorrak eta argiak aldatuko dituzte, eta uztailaren 29rako prest egotea espero dute.A. ARRUTI | BILBO
1890. urtean inauguratu zen Bilboko Arriaga antzokia eta 1986an izan zuen erabateko azken eraberritzea. Geroztik moldaketa txikiak eginez joan dira, eta aurtengo oporrak aprobetxatuz, uztailean, barnealdeko hainbat elementu berriztatuko dituzte. Ibone Bengoetxea antzokiko presidente eragile eta Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak atzo adierazi zuenez, «antzokiak jauzi kualitatiboa egin du azken urteetan, ikuskizun ausartagoak programatuz, eta uste dugu hau dela momentua moldaketa hauek egiteko». Haren esanetan, egokitzapen hauek bestelako ikuskizun batzuk eskaintzeko aukera emango dute.
Eraberritze lanek 372.000 euroko kostua izango dute, 2010erako Bilboko inbertsio eta enplegu planaren barruan. Lau eremutan eragingo dute lanek. Batetik, orkestra-zulogunea berrituko dute. Oraingo koadro elektrikoa zaharkituta gelditu da 23 urteren ondoren, eta beraz, kontrol-koadroa, kableak eta dauden bost motorrak aldatuko dituzte.
Agertokiko zorua izango da eraberrituko duten bigarren elementua. «Eszenografia pisutsuekin apur bat hondatuta dagoenez, guztiz berrituko da. Egungo haritzezko 192 tranpolen ordez, material bereko berriak jarriko dira», azaldu zuen Bengoetxeak.
Bestalde, oihalak mugitzeko erabiltzen diren goiko aldeko motor zaharrak kendu eta berriak ipiniko dituzte. Makina berri hauek tona bat mugitzeko ahalmena izango dute. Bukatzeko, oraingo argiztapena ere aldatu egingo da. «Azken belaunaldiko foku robotizatuen sistema jarriko da, angelu eta zoom zabalagoak egin eta argi gehiago izateko, zarata kentzearekin batera», azaldu zuen Kulturako zinegotziak. «Publikoa zaintzeaz gain, oso garrantzitsua da bertan lan egiten duten profesionalak ere zaintzea eta, horretarako, argiztapena funtsezkoa dela uste dugu», gaineratu zuen. Izan ere, antzokitik ehun bat konpainia pasatzen dira urtero, 230 emanaldi eta 174.000 ikusle inguru jasotzen ditu eta 40 lagunek egiten dute bertan lan.