GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Afganistango lur okupatu eta, orain, aberatsa

Afganistango lur azpian topatu dituzten litio, kobre, burdina eta beste metal preziatuen erreserbak han martxan den gerraren etorkizuna baldintzatzerainoko handiak omen dira. Maila ideologikoan, erlijiosoan, ia metafisikoan azaltzen zen bataila honetan, «demokrazia», «askatasuna», «jainkoa» eta «segurtasuna» hitz gako gisa zituen gerra santu honetan, nolanahi ere milaka afganiar hil edo deserriratu duen okupazio honetan, alor ekonomikoa erabat estalita egon da orain arte. Okupatzaileek opioa eta beste ezer gutxi gehiago hazteko moduko harritza gisa aurkeztu dute herrialdea. Orain, okupatzaile horiexek, altxor preziatua topatu dute bertan, Bin Laden ezkutatzen zen Tora Bora kobazuloak baino pixka bat sakonago. Akaso bonben eraginez konturatuko ziren han azpian zer zegoen, goitik behera zulatu baitute herria hegazkinetatik jaurtitako bonba horiekin. Tartean, ezin da ahaztu, hamaika herritar zibil akabatu dituzte bonba horiek. Orain, altxorra topatu ondoren giza eskubideen ikuspuntutik onartezina zen guda honi herrialdearen ondasunen ustiapenaren lizunkeria gehituko zaio. Mendebaldeko enpresak ari omen dira honezkero kalkulatzen zenbat tokatzen zaion bakoitzari, nola banatu altxorra. Okupatzaileek gerra irabazten badute, betiere. Hau baita, orain arteko kalkuluetatik, asmatu ez duten bakarra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo