Andoni Olariaga Filosofian lizentziaduna
Histori(et)atik aska gaitezen
Historia istorio bihurtu behar dugu. Guk nahi dugun Euskal Herri askea ez baita ezein historiarekin demostratzen. Guk nahi dugun Euskal Herria orain behar eta erabakiko duguna da
Euskaldunok maila askotan gatibu gaudela esan daiteke. Kanpotik gatibatu gaituzte: politikoki, historikoki, filosofikoki eta abar. Kanpotik kate metafisikoak jarri dizkigute, Espainiarekin komunean izan omen dugun historia te(le)ologiko bat eraikiz, beti ere Espainiaren mende. Kanpoko kateak inposatuak izan dira, eta horregatik eraitsi nahi ditugu. Historia (hizki larriz) arrazionala Espainia eta bere gerra handiak dira, Lepantoko gerra ederra eta La Gloriosa independentzia gerra (kristau erreakzionarioa, beraz, anti-ilustratua). Gureak, aldiz, historiatxoak dira beraienen aldean, karlistaldi ttipiak eta Amaiurko gaztelu zahar batean gertatutako setiotxoa, beti ere Espainiaren Historia unibertsalaren makulupean kontatuak izan behar direnak, zentzurik izango badute.
Horregatik, herri bat askatzeko, inork ukatzen ez duen zerbait da herri batek bere memoria historikoa berreskuratzeko eta bere historia propioa eraikitzeko beharra daukala; hori dela bizirauteko eta bere burua eraikitzeko baldintzetako bat. Gure historia/istorioa kontatzeko eskubidea dugu, orain arte Espainiaren eta Frantziaren historia handiaren mende egon baita. Gakoa, ordea, horretan datza, historia kontatzeko moduan. Hau da, Espainiak historia loriatsu, metafisiko (Espainia betidanik da, beraz, anti eta ahistorikoa), eta te(le)ologiko (nahitaez da Espainia den bezalakoa, ezin zen bestelakoa izan) bat muntatu digu, eta bertara kateatu gaitu.
Galdera hau da: zergatik interpretatu/eraiki historia beraiek egiten duten forma berean? Zuzenago galdetzeko: zertarako historia? Kanpoko kateak erraz ikusten ditugu. Zailagoa izaten da barrukoak ikustea, ordea. Batetik, nazioaren existentzia (Nafarroako Estatua izan genuen, beraz, aspalditik izan gara, eta beraz, bagara) nahiz inexistentzia (ez zenuten erreinurik izan, beraz, beti Espainiaren barruan egon zarete; beraz, Espainia zarete) frogatzeko erabili nahi izaten da historia. Horrela, nazioaren existentzia historiara kateatzen da, herritarren borondatetik haraindi. Bestetik, nazio baten (Euskal Herriaren) subordinazioa beste nazio handiago baten (Espainia/Frantzia) aurrean justifikatzeko erabiltzen da historia, baita alderantzizkoa ere, nazioaren burujabetza justifikatzeko, alegia. Aldiz, historiak erakutsi eta esan behar al digu Euskal Herria izan badela edo ez dela existitzen? Ondorioz, historiak esan behar al digu zein zentzutan izan behar den askea edo subordinatua?
Mailak bereiziko ditugu. Historiak gu orain zer garen esan diezaguke (genetikak, antropologiak, soziologiak, filosofiak edota fisikak bezala), nondik gatozen aztertuz (maila askotan). Aldiz, historiak ez digu esaten politikoki zer izan behar garen edo izango garen; hori gure borondateak erabakiko du. Izan ere, badago saiakera bat historiaren interpretazio esentzialista egin eta oraina historiako zenbait gertakaritara kateatzeko. Horrela, norberaren proiektu politikoa justifikatzeko historiaren teleologia bat aurresuposatzen da eta iraganeko gertaerak orainaldira lotzen dira (Nafarroako estatua da berreskuratu behar omen dena). Horregatik, egun, historiaren interpretazio hobea nork egin da guda, nork bere proiektu politikoa justifikatze aldera.
Baina Euskal Herriaren etorkizunari begira eta etsaiarekiko justifikazioari begira: zer inporta du hasiera batean Nafarroak errepublika garaian Euskal Estatutua onartu zuen edo ez? (Jimeno Juriok bikain kontatua, bide batez, «Navarra jamás dijo no al Estatuto Vasco» liburuan). Zer inporta du Nafarroako Erresuma izan genuen edo ez? Etorkizunera goaz, ez iraganera. Hori dela eta, oraineko borroketan sartua dabilenak ez ditu historian ikusten bere arazoak, etorkizunean baizik. Zentzu horretan, Euskal Herriak ez du iragan hoberik behar, horretarako egiten baita historia gaur egun. Aldiz, Euskal Herriak etorkizuna behar du hobea izan. Horregatik, aske izateko eskubide handiagoa ote dugu inoiz Nafarroako Estatua izan bagenu? Eta alderantziz, ondorioz, inoiz estaturik izan ez bagenu, aurrerantzean ezingo al genuke estaturik eraiki?
Euskal Herria ez da existitzen Nafarroako Erresuma egon zelako, baizik eta guk nazio bihurtu dugulako. Estatu espainolak eta frantsesak argudio horri buelta emanez ukatzen dute Euskal Herriaren existentzia. Horrek ez du esan nahi, begi-bistakoa denez, historia interpretatzeari eta eraikitzeari utzi behar diogunik, eta iraganera begiratu behar ez dugunik nondik gatozen jakiteko. Gure interes politikoen betaurrekoek determinatzen dute, ordea, historia modu batera edo bestera interpretatzea, horrek eraikitzen dugun historiari balioa kentzen ez diola jakinda. Horrekin esan nahi dena zera da: historian ez dago gertaerarik, gertaeren interpretazioa baino. Hori ulertzen ez duenak positibismo sinpleenean jausteko arriskua dauka.
Kontua da, beraz, historia egiten dugunean zer egiten dugun: meta-forak edo meta-fisika. Horregatik, historia istorio bihurtu behar dugu. Guk nahi dugun Euskal Herri askea ez baita ezein historiarekin demostratzen. Guk nahi dugun Euskal Herria orain behar eta erabakiko duguna da. Etorkizunekoa, askea, eta hain zuzen, horregatik, historiaren kontrakoa ezinbestean.