GARA > Idatzia > Euskal Herria

Mila litro ardo hustuko dituzte arbizuarrek aurtengo aateetan

«Auzate» beste herri batzuetan, «aate» Arbizun. Jaietako ezinbesteko ekitaldia da Sakanako herri honetan. Aurten mila litro ardo prest ditu Udalak, inor egarri geldi ez dadin. Lehen egunean 200 hustu zituzten.

p015_f02.jpg

GARA | ARBIZU

Herri gehienek badute jaietan berezko izaera ematen dieten ekitaldiren bat. Arbizun, zalantzarik gabe, aatea da hori. «Auzatea, ezta?», galdetu diogu Itziar Lizarraga besten ardura duen zinegotziari, eta erantzuna berehalaxe etorri da: «Ez, auzate ez, aate». Horrela agertzen da jai egitarauan eta horrela jasota dago Euskaltzaindiaren web orrian ere.

Arbizun baino ez da erabiltzen hitza. Bere erdarazko esanahia, Jose Luis Erdoziaren ``Sakanako hiztegi dialektologikoa''- ren arabera, hauxe: «Reparto gratuito de vino por parte del Ayuntamiento a los vecinos, en fechas señaladas».

Etimologia kontuak alde batera utzita, besta da garrantzitsuena, hau da, egun hauetan arbizuarrak eta herrira hurbiltzen diren guztiak bapo-bapo geldi daitezela, jaiari behar bezala ekin ahal izateko.

Ardorik ez da faltako. Lizarragak dei egin dio horretaz arduratzen den Udaleko langileari, eta hura ere harrituta gelditu da aurten parrandazaleek sabeleratuko duten kopurua entzutean. Mila litro ardo prestatu dituzte. Lehenengo egunean, esaterako, 200 izan ziren San Juan ermitaren itzalpean hustu zituztenak.

Horretaz gain, beste hamaika aate egingo dira herrian datozen egun hauetan. Egun gehienetan, bi, bazkaldu eta afaldu aurretik, 13.00etan eta 20.00etan. Arbizuko herria batzen duen ekitaldia da, bertan adin guztietako jendea biltzen delako. «Jende heldua ere bai, noski -nabarmendu du zinegotzi gazteak-. Horiek ez dute hutsik egiten!», gaineratu du irribarretsu.

Barkilloetan hobe

Aateetan herritar guztiek parte hartzea ezinbestekoa da. Udalarekin batera, elkarteek prestatzen dute eguerdiko «gosaria», edo gazteek... ardoaz gain, sabela fundamentuz bete behar izaten baita.

Hogei koadrila baino gehiago osatu dira Arbizun eta bertan dute hitzordua, egunari behar bezala aurre egiteko eta gaua berotzen hasteko.

Ohiturak asko agintzen du horrelakoetan. Eta Arbizun aateek barkilloak dituzte ezinbesteko lagun. Izen hori ematen zaie espresuki horretarako gordetzen diren hiru zilarrezko katiluei.

Badaki, beraz, nahi duen orok, gaur, bihar, etzi, etzidamu, bai eta datorren asteartean ere Arbizun lagun artean ardoa edatera gonbidatuta dagoela. Aate-etara, alegia.

adin guztiak

Gazteak zein hain gazteak ez direnak biltzen dira plazan. Beteranoek nekez egiten dute huts horietara, eta 20 gazte koadrila baino gehiagorentzat ezinbesteko hitzordua da aatea.

EGUNEAN BI

Jaietako egun gehienetan, asteartera arte, ardoa edateko bi aukera izango dira, bazkaldu aurretik zein afaldu aurretik, 13.00etan eta 20.00etan hain zuzen ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo