GARA > Idatzia > Euskal Herria

Musika, dantza eta jan-edana oparo, Lasarte-Oriako sanpedroetan

Gezurra badirudi ere, oraindik jaiei benetako hasiera eman gabe dabiltza Lasarte-Orian. Izan ere, azken egunotan hainbat ekitaldi eta ikuskizun ospatzen ari dira herrian, tartean San Joan egunaren ingurukoak, eta festa usaina zabaldua dago herriko kaleetan. San Pedro jai handien txupinazoa larunbatean botako dute, baina, eguerdian Udalean eta geroxeago sorgin-gunean. Asteartera arte denetariko ekitaldiak bilduko dituen agertoki bihurtuko da Lasarte-Oria.

p016_f0281899.jpg

Janire ARRONDO

Kalean antzeman daiteke, usaindu egiten da. Udan sartu berritan eta asteburuaren etorrerarekin, badatoz Lasarte-Oriako San Pedro jaiak ere. Bihar emango zaie hasiera ofiziala, baina, dagoeneko kaleetan zein jendearen aldartean ere sumatzen da datorrena. Bihartik asteazkenera arte gustu eta era guztietako ekitaldiak izango dira Lasarte-Orian haur, gazte zein helduentzat. Kaleak eta plazak ekitaldien agertoki bihurtuko dira.

Aurtengoan gainera, festak larunbatez hasiko dira, beste urteetan ez bezala, asteburua tartean harrapatzeko asmoz, eta horrela izanda Udalak uste du bertakoentzat zein herrira inguratzen direnentzat «onuragarriagoa» izango dela. Data aldaketarena, Jesus Maria Zaballos de Llanos Lasarte-Oriako alkateak azaldutakoaren arabera, «jendeak parte hatzeko aukera gehiago izatea xede duen ekimena da, aldi berean aisia eta loaldia uztartzeko».

Jai giroa sumatzen da kaleetan

San Pedro jaiei hasiera ofiziala bihar emango bazaie ere, azken egunotan zenbait ekitaldi eta ikuskizun izan dira, dagoeneko herriari jai kutsua emanez. Zer esanik ez, atzoko San Joan egunaren inguruan, eta bezperako suarekin. Gaur bertan, bestalde, giroan sartzen joateko, Jalgi kafe-antzokian Oreindik eta Lauroba taldeen kontzertua izango da Ttakun Kultur Elkarteak antolatuta.

Hain justu ere, Lasarte-Oriako Udalak prestatutako ekitaldi egitarauaz gain, bestelako erakundeek ere sanpedroetan prestatzen dituzte euren jaiak; aipaturiko Ttakun Elkartea zein Sorgin Jaia taldea eta honen baitan biltzen diren bestelako zenbait eragile. Denen artean, beraz, festa bete-beteak izango dituzte Lasarte-Orian.

San Pedro jaietako egitarauari kirol ekitaldiekin emango diote hasiera bihar. Hain justu ere, Udal Kiroldegian koadrilen arteko futbol txapelketaren finala izango da eta Michelingo kiroldegian tenis torneoaren finalak. Hala ere, txupinazoa izango da jaien benetako hasiera irudikatuko duena. Zehazki, eguerdian Udaletik botako dute txupinazoa eta erraldoi eta buruhandien konpartsa abiatuko da jarraian Oriako Txaranga lagun duela.

Herriko kaleak agertoki

Zertxobait geroago emango diete hasiera Sorgin Jaiei ere, zehazki sorgin-gunea deitu duten orubean 1936ko gerrako biktimen senideak izango dira txupinazoa botatzeaz arduratuko direnak. Aurretik baina, koadrilek txarangak alaiturik kalejira egingo dute Lasarteko kaleetan zehar lekuraino. Gero, bazkaria izango dute leku berean. Larunbat arratsaldea ere ikuskizunez beterik iritsiko da. Udalak antolaturik, esaterako, zezen-ikuskizuna Atsobakarren, haurrentzako parkea Isla Plazan edo kanta, poema eta txiste lehiaketa erretiratuen elkartean izango dira.

Arratsaldean bertan, Ttakun Elkarteak antolaturik, Sorgin-Dantza abiatuko da Oriatik eta txosna gunean amaituko da, Sorgin Jaiaren pregoiarekin bat eginez. Leku horretan bertan, olinpiadak egingo dituzte jarraian. Gabiria, Lizarra, Añorga, Zabaleta eta Lasarteko gazteak izango dira parte hartzaileak. Horren ondotik, goierritar gazteek euskal dantzen erakustaldia egingo dute.

Iluntze partean, bestalde, Udalaren eskutik, Biyak Bat erretiratuen elkarteko abesbatzaren kontzertu emanaldia egingo da Brigitatarren komentuan. Bestelako ikuskizuna berriz, 20.00ak inguruan irtengo da udaletxetik, Moon Space Lunatics kale ikuskizuna egingo duen taldea.

Ttakun elkarteak urtero antolatu ohi du, bestalde, zikiro-afaria txosnetako sorgin-gunean, eta aurten jaietako lehen egunean izango da. Gero, giroa alaitzeaz Laiotz musika taldea arduratuko da. Sorgin Jaien baitan ere izango da musika emanaldirik. Gauerdia baino lehen, berriz, herriko kaleetan barrena beteranoen danborrada izango da Oriako Txaranga eta Eibarko gastadoreak lagun dituztela. Isla plazan dantzaldia izango da Nexo orkestraren eskutik eta Andatza plazan OBKren kontzertua.

Gehiago hurrengo egunetan

Igandean, eta asteartera arte bezala, beste makina bat ekitaldi izango dira Lasarte-Orian, musika, antzerki, dantza eta bestelako saioak. Sorgin-gunean, goizeko seietan txokolate-janarekin emango diote hasiera egunari batzuek eta amaiera beste batzuek. Sabela gozatuta, Udalak antolaturik, Atsobakarren jarri duten zezentokian izango diren bigantxak ikusteko moduan izango dira. Aurtengoan, Saka ganadutegia izango da bigantxak Lasarte-Oriara eramango dituena.

Haurren Danborrada, herriko kaleetan ibiliko den Zo Zongo musika taldea, Michelingo Kiroldegian egingo duten Iturberen Omenezko XXI. Bola eta Toka txapelketa, puzgarriak, goitibehera lehiaketa, erraldoi eta buruhandiak, antzerki eta dantza ikuskizunak eta mariachi emanaldiak beteko dute eguneko egitaraua. Iluntze partean, erromeria izango da Hitzartu eta Trikihotsen eskutik, eta sorgin-gunean Danba eta Emonen kontzertuak izango dira.

Astelehenean, gisa berean jarraituko dute, eta zer esanik ez asteartean, San Pedro egunarekin. Lasarte-Oriara hurbildu nahi duenak behintzat izango du zerekin gozatu jai egunetan.

bete-betea

Lasarte-Oriako Udalak prestatzen duen jai egitarauaz haratago, hainbat talde biltzen dituen Sorgin Jai taldea eta Ttakun elkartea arduratuko dira festetan euskal giroa jartzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo