GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Gu gara herritarrak eta herritarrengan pentsatuz antolatzen ditugu jaiak»

p017_f027352.jpg

 
Beñat Iriondo
Sorgin jaien antolatzailea

Sanpedroak festa egunak badira ere, lanari ere eutsi beharko diote Lasarte-Oriako hainbat gaztek eta helduk. Izan ere, Sorgin Jaia taldekoek herritarren neurrira eta, ikuskizun hutsetik harago, herritarrentzat prestatutako jaiak nahi dituztelako, azken hilabeteotan, bereziki azken asteetan, buru-belarri dabiltza lanean. Taldeko kide Beñat Iriondok iragarri zizkion iragan asteazkenean GARAri jai horien gaineko xehetasunak.

Oztopo eta debekuen gainetik sorturiko mugimendua da Lasarte-Oriako Sorgin Jaiarena. Egitekoa herriko jaietan adin eta era guztietako jendearentzat prestatutako jai herrikoiak antolatzea da. Aurten sorgin-gune lekuz aldatu da herrian diren obrengatik. Iriondok azken bi asteotan herrian zalaparta dagoela dio, sorgin-jaien inguruko jakin-mina, eta hori pozgarria dela dio.  

Nondik eta zertarako sortu zen Lasarte-Orian bestelako jaiak antolatzeko ideia?

Lasarteko Udalak, duela hamar urte inguru, herrian txosnak jartzea debekatu eta urtebetera sortu zen gisa honetako mugimendu bat sortzeko ideia, baina Sorgin Jaia geroago iritsi zen. Kontua zen, txosna jartzen zuten taldeek jaietan ekintzak antolatzerakoan indarra izan beharrean, herriko jendeak izatea protagonismo hori. Herrian herriko jendeak osatutako jai batzordea sortu zen, pixkanaka hasi ginen gauzak egiten. Guztia debekua gainean zegoela jakinda.
 Eta Udalarekin arazoak izaten jarraitu zenuten, ezta?
Debekuak hastean hasi ziren arazoak eta bost urtez erresistentzia egoeran egon ginen. Kalean jartzen genituen txosnak, desmuntatu, egunero oholtza jarri eta kendu, kamioi gainean jotzen ziren kontzertuak. Azkenean, udalak ezin gintuela bota ikustean lehen akordio batera iritsi ginen. Orduan Sorgin Jaiak hasi ziren, sorgin-gunea deituriko gunean.

Zergatik uste duzu jaietako udal egitaraua osatu beharra dagoela?

Gu herritarrak gara, eta jai herrikoiak deritzena gu gara. Gu ez gara Udalak antolatzen duen egitarauaren alternatiba, bata ez da bestearen ordezkoa. Sorgin Jaia ez du inongo teknikarik egiten, eragile eta herrigintzan dabiltzan taldeek baizik. Asanblada irekiak egiten ditugu eta erabakiak guztion artean hartu. Bertan lana egitea herri guztiari tokatzen zaio; txosnak, karpak edo oholtzak muntatzen, esaterako.

Zein da Sorgin Jaien helburua?

Gure asmoa herritarren inplikazioa lortzea da, gero eta gehiago. Egiten dugun lanarekin umeengana heldu nahi dugu, gazteengana, helduengana, baita zaharrengana ere. Euskal giroko jendearengana eta giro horrekin identifikatzen ez den jendearengana ere bai.

Zuen egitarauan jaien hasierari garrantzi berezia eman nahi izan diozue.

Ba, bai. Urtetik urtera gero eta egitarau zabalagoa egiten ari gara, pixkanaka berrikuntzak sartzen ari gara. Jaien hasieran koadrilak biltzea nahi dugu, gazte zein heldu. Hala, kalejira egingo dugu larunbatean, Andatza plazatik sorgin-guneraino, eta han txupinazoa botako dugu.

Zein berrikuntza izango du aurtengo Sorgin Jaiak?

Urtez urte eraldatzen goazela kontuan hartzeaz gain, aurtengoan abesti berria osatu dugu. Belaunaldi berriekin datorren kontua da hau. Orain hamarkada bat punk-rock talde ugari zeuden Lasarten eta garaiko musikarekin kanta bat egin zen; orain, oraingo gazteek beste bat egin dute. Sorgin Jaien izaera zabaltzeko erabiliko dugu abestia.

San Pedro egunak sindikatuek deituriko greba egunarekin bat egiten du. Nola moldatuko duzue eguna?

Sorgin Jaia taldeak hasieratik hartu zuen erabakia gehiengo sindikalak erabakitakoarekin bat egitea izan zen; txosnak itxi eta egitaraua bertan behera uztea. Hala ere, gero sindikatuetatik San Pedro jaiak ospatzen ziren herrietan ostalaritzan greba beharrean paroak egitera deitu zuten.

Hortaz, goizeko guztia bertan behera utzi dugu Donostiako manifara deituz. Arratsaldean, berriz, “lanpostuaren bila” jokoa egingo dugu, altxorraren bila bailitzan. Iluntzeko seietan, manifestazioa, eta hortik aurrera festak jarraituko du. Janire ARRONDO

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo