GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Xabier Silveira Bertsolaria

Futbola

Beti izan diot nazka, esan bezala, «España»-ri, selekzioari, baina orain, orain... Txiletarrei bizitza oparituko nieke, futboleko-botak mingainez garbitu behar badizkiet ere

Ez nuen usteko «futbol si, politica no» leloa inoiz nire egingo nuenik. Beti dago lehenengo aldi bat. Alde ederra dago oraingo eta lehengo Real Sociedad-en artean, zorionez. Anoetan lazo urdin faxistak jartzen zituztenean jokalariek ez zuten horren ardurarik, noski, baina igoeraren ospakizunean jokalari batzuk hartu zuten ardurak euskal herritar aunitz jarri gintuen oilo pikorretan. Horrelako momentuetan gatazkaren alderik latzena pairatzen duten herritarrekin oroitzea bai dela primerakoa, «txanpionsekoa».

Baina futbolean ere albiste berriak azkar aski zaharkitzen dira, alajainkoa, eta apenas inor oroitzen den bi Mikel eta Eñautekin, munduko kopa hasi zenez geroztik. Orain gaurkotasuna inperioen futbol ordezkaritzek bereganatzen dute ehuneko ehunean. Frantziar arrazista beltzak, España, italiar jokalari faxistak, España, berriro España... Dena da Mundiala, denak gara España. Xabi Alonso ez dago jada Realean, ezta?

Dena da Hegoafrikako mundiala, baina Hegoafrikan dena ez da mundiala. Portugaleko Eurokopan izan nintzenean ere Lisboako auzo txiroetan pilatzen diren beltzak gogor saiatu ziren, su eta ke, beraien egoera tamalgarria munduari erakutsi nahian. Gogorrago, erranen nuke, egiten dute protesta egunotan Johanesburgon, Soweton edo Durbanen, pobrezia zein den beltza salatzeko. Alferrik baina. Eto'o, Drogba, eta interesatzen zaigunean Nelson Mandela. Gainontzekoan, beltza ez da udarako kolorea.

Eta idazten dut papera ispilua bailitzan, nire buruari leporatuz gehienbat, baina jakinik ispilu naizela neroni ere; zuena.

Sutan jartzen nautenak, injustiziak izan ordez, espainiar kazetariak dira. Beti izan diot nazka gorri-horiari, España hitzari, España sentimenduari. Hainbeste, beti izan dudala argi ezin zela leku bat izan neurrigabeko goragale hori sorrarazten zidana. España ez baita leku bat, sentimendu bat da. Eta telebistan entzuten ditudanean, edo taberna batean «Marca» bat hartzen dudanean... ezin da esan sentitzen dudana, debekatua dago. Ispilua, ezta? Beti izan diot nazka, esan bezala, España-ri, selekzioari, baina orain, orain... Txiletarrei bizitza oparituko nieke, futboleko-botak mingainez garbitu behar badizkiet ere. Eta Txileri ez bada, egiten duenari, harropuzkeria hori isilarazten duenari, nire arima opari. Ea portugaldarrak izaten diren, garen. Porto hiria inbaditzen saiatu zirenean jaso zituzten galantak espainiarrek, orduan gaztelarrak zirenak, eta guztiak dauka bere bigarren aldia.

Nahiz eta (behin futbolaz hasi garela esango beharko dut) sentsazioa dudan, iruditzen zaidan, nire aberriko taldeak irabaztea baino nahiago dudala beste batek irabaztea. Goazen Diego! Maradonak zuzentzen duen Argentinak Munduko Kopa irabazteak FIFAko handi-mandiei ekarriko dien tripako minak gozatuko du nik ederki. Bere bizitzan Pelusa-k eman duen gerraren eta egin duen borrokaren azken ekintza gisa, ez legoke gaizki. Vamos Diego!

Bukatzeko, duda bat sortu zait eta... EA eta ezker abertzalearen tratu horretan, España-k irabazten duenean ospatzen dutenak ere sartzen ote dira?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo