Munduko kopa Italia, egungo txapelduna, kalera
Krokodiloek jan dute funanbulista
Eslovakiak eta Italiak neurketa bikaina jokatu zuten. Lippirenek berdinketa eskura izan zuten azken segundoetan. Paraguaik eskuratu du multzoko burua.
Arnaitz GORRITI
Alanbre gainean funanbulista bikaina da Italia; ez da alferrik munduko egungo txapelduna. Atzo arte. Eslovakiak berebiziko sorpresa eman eta azzurri-ak krokodilo artera bota zituelako. Paraguairen atzetik, Eslovakiak final-zortzirenetako txartela lortu du eta Holanda izango du aurkari; zaila Vladimir Weiss-en mutilentzat, baina...
Partida bikaina -ez agian teknikoki, baina bai erakutsitako kemenagatik- jokatu zuten, bigarren zatian batez ere. Italia, ohi bezain zuhur, atzean sartuta zelairatu zen, ongi baitzekien Eslovakia zela garaipena behar zuena. Gutxien uste zuenean, ordea, Vittek-ek area ertzetik egundoko jaurtiketa egin eta Marchetti gainditu zuen. Bigarren zatira arte ez zioten kolpe horri buelta eman urdinek. Aldaketek asko hobetu zuten Italia, batez ere Pirlo sartuz geroztik. Hala, Quagliarellak berdinketa bertan izan zuen.
Korner baten ostean, atezaina gainditu zuen area txikitik jaurtita, baina Skrtel-ek atepetik atera zuen. Hori ez zen izan okerrena Lippiren mutilentzat; izan ere, 7 minutura, beste korner batean, Vittek bigarrena sartu zuen. 17 minutu zituen Italiak aurrera egiteko behar zuen puntua nonbaitetik ateratzeko.
Baina azzurri-ak kasta gogorrekoak dira eta ez zuten etsi. Hala, hamar minuturen faltan, Di Natalek 2-1ekoa sartu zuen. Urduritasuna zen nagusi: ostikadak, protestaldiak, txartelak... eta tartean aukeraren bat italiarrentzat, golik gabe, ordea.
Denbora galtzearren, Eslovakia aldaketak egiten hasi zen amaiera aldera, 87. minututik aurrera; baita asmatu ere. Kopunek-ek 89. minutuan ukitu zuen baloia aurrenekoz, eta Italia hilzorian utzi zuen, hirugarren gola sartu baitzuen kontraerasoan, baloia Marchettiren gainetik sareratuta.
Dena galduta, Italiak aurrera jo zuen, eta 92. minutuan Quagliarellak txapelketako golik ederrena sartu zuen area ertzetik: 3-2 eta bi minutu eskas jokatzeko. Presioari esker, beste korner bat atera ahal izan zuten Lippirenek, eta Pepek bertan izan zuen hirunakoa, baina errematea kanpora joan zitzaion eta Italia, funanbulista bikainena, krokodilo artera erori zen. Paraguai eta Zeelanda Berriaren arteko deman ez zen horrenbeste dramatismo egon; ia batere ez, egia esan. Hegoamerikarrek izan zuten jokoaren ekimena, baita aukera on zenbait ere, baina ez zuten Paston-en atea zulatzen asmatu. Ezta beharrik ere. Gerardo Martinoren gizonek defentsa asko zorroztu zuten eta ez zioten zirrikiturik laga Ozeaniako taldeari. Porrotik jaso gabe, Zeelanda Berria etxerako bidean da.
3
2
0
0