San Joan bezperako ospakizuna dolu gau bihurtu zen Castelldefelsen
Sanjoanetako jaia dolu gau bihurtu zen Castelldefelsen (Katalunia), jaira zihoazen hamahiru lagun trenak harrapatuta hil eta beste 14 zauritu zirenean. Kasualitatea edo ez, zenbait elementu batu izanak, hala nola, zenbait iturriren arabera, lurpeko pasabidea egokia ez izateak, trenbide gaineko zubia itxita egoteak eta lagun talde handi batek trenbidea gainetik zeharkatzeak ezbehar ezin larriagoa eragin zuen. Denboran atzera egitea ezinezkoa bada ere, ezbeharra saihesterik ote zegoen galdetzea beharrezkoa da, ikerketa batek erantzun beharko lukeena. Inork ez zuen horrelako istripua gertatzerik nahi, jakina; baina, gertatutakoa saihestea ezinezkoa bada, leku berean edo antzeko beste batean berriro gerta ez dadin nahi bada, jakin beharra dago zein izan zen ezbeharraren kausa. Nolanahi ere, eta pasabideen egoera egokia zen ala ez jakin gabe eta, beraz, egin beharreko ikerketari aurrea hartu nahi izan gabe, arreta ematen du arrisku puntuen ugaritasunak, besteak beste, trenbideen inguruan. Arrisku hori ezabatu edo gutxitzeak ez du inbertsio handirik eskatzen, trenbide, errepide eta azken teknologia duten ibilgailuetan egiten direnen aldean behinik behin.