GARA > Idatzia > Ekonomia

10.000 lagunek erretreta sistema ez hondatzeko eskatu dute Baionan

Sindikatuak beldur baziren ere, erretiroen erreformaren aurka mobilizatzeko deiak erantzun bikaina izan zuen atzo Baionan. Jendeak trumilka jo zuen kalera, Gobernuak erretiroa hartzeko adina 60tik 62ra igotzeko eta kotizazio epealdia handitzeko duen asmoaren aurka protesta egiteko. Estatuan ere 200 bat manifestazio egin ziren, sindikatu nagusien esanetan, bi milioi lagun bildu zituztenak. Udazkenerako «berotze-ariketa garrantzitsutzat» jo zuten atzokoa.

p024_f01_199x116.jpg

Arantxa MANTEROLA

Pozik ziren atzokoan langile-sindikatuak erretreta-sistema erreformatzeko asmoaren aurka protesta egitera milaka herritar karrikara ateratzea erdietsi zutelako.

Baionako mobilizazioa azken urteotako handienetakoa izan zen. Tren-geltokiaren aitzinean bildu zen jendetza ikusita, hasieratik sumatu zen sei sindikatu nagusiek -CFDT, CGT, CFTC, UNSA, FSU eta Solidaires-, LABek eta hainbat eragile politiko eta sozialek egindako deialdiak oihartzuna izango zuela.

Ohi bezala ekin zioten martxari, hau da, sindikatuetako ordezkariak pankarta bateratuarekin buruan eta, atzetik, sindikatuen blokeak. Atzo, halere, aldaketatxo bat izan zen ibilbidean. Izan ere, Espiritu Sainduko zubitik eskuinera hartu zuten manifestariek eta, Paulmy etorbidetik igaro ostean, hiriguneko karriketatik Xaho zelaigunean amaitu zuten.

CGT eta CFDTko multzoak izan ziren jendetsuenak. Beren kamioietako bozgorailuetatik hainbat lelo eta kontsigna jaurti zituzten, baita kantuz ere, Gobernuaren erreformaren aurka daudela argi uzteko. Esparru pribatuko enpresa nagusiek -Turbomeca, Dassault, Guyenne et Gascogne, Carrefour, Castorama, Bonnet-Nevé- eta zerbitzu publikokoek -Ospitalea, Kontseilu Nagusia, Posta, Hezkuntza, Garraioak, Gizarte Zerbitzuak- pankarta propioekin adierazten zuten lege egitasmoa bertan behera uzteko eskaera.

Lelo sutsuak

Tartean, norbanakoek etxean egindakoak ere ikusi ziren, argazki, lelo eta esaldi sutsuekin. «Kapitalak gizadia larriki kaltetzen du», «Biziaren ebasleak», «Non daude langileen bizkar 40 urteotan egin dituzuen dirutzak?» «20 urterekin lana eta 60kin atsedena» eta antzekoek manifestarien amorrua erakusten zuten.

LABeko multzoan ere parte hartze bikaina izan zen. «60, 65, 70 urte... nora goaz? SOS erretreta-sistema» zioen pankartaren atzetik, ia 700 bat lagun bildu baitzen. Haien atzetik, NPA, PS eta PC alderdietako militanteak.

«Aberastasuna banatu, lana partekatu» eskatuz eta kamioi gainean adineko bulegari bat jo eta ke lanean parodiatuz, Bizi! mugimenduak itxi zuen manifestazioa.

Asmo «eroak» gelditu

Haiek Herriko Etxera inguratu zirenerako, manifestazioaren buruak ibilbidea osatua zuen. Alain Duzert CGTko ordezkariak hartu zuen hitza sei sindikatu deitzaileen izenean. Atzokoa Gobernuaren «asmo eroak geldituko dituen mugimendua eraikitzeko etapa berria» izan zela nabarmendu zuen.

Langileak «krisiaren biktimak eta ez arduradunak» direla adierazita, Sarkozyren, Gobernuaren eta patronalaren asmoak geldiezinak ez direla gaineratu zuen, «denak batuta» borrokan segitzeko deia egin aitzin.

Greba deialdiari dagokionez, hezkuntzan -publikoan zein pribatuan-, hiri-garraioan, SNCF tren-konpainian eta Air Franceko hegaldietan izan zuen jarraipen handiena.

Azkenengotik bikoiztu eta udazkenerako «berotze-ariketa bikaina»

Estatu frantsesean egindako 200 manifestazioetan, atzo bi milioi pertsona karrika atera zirela kalkulatu zuten sindikatuek, joan den maiatzaren 27an baino bi bider gehiago, hain zuzen ere.

Lanuzteak ez zuen, haatik, goranzko joera bera izan. SNCF tren konpainiaren arabera, 10etik 4 langilek egin zuen greba atzo. Lehen eta bigarren mailako hezkuntzan, berriz, %20 inguru, eta lizeoetan jarraipen eskasagoa, egun hauetan baxoa azterketak egiten ari direlako. Parisen eta inguruko departamenduetan RATP eta RER garraioan, oro har, lau trenetik bat ez zen ibili.

Kopuruak kopuru, erretreten erreforma eragiten ari den haserrea hedatzen doala adierazi zuten langile-sindikatuek, Gobernuari bere asmoak bazter ditzan eskatu aitzin.

Gobernuak berak onartu zuen atzo duela hilabete baino jende gehiago mobilizatu zela. Alta, orain arteko presioa gorabehera, badirudi aise eutsiko diola erreforma egitasmoari.

Greba deialdiek ez dute oraingoz jarraipen aski indartsua izan. Agintean dauden alderdiek, 1995eko abenduko «uholdea» gogora ekarrita, atzoko «arrakasta» erlatibizatu egin zuten.

Horrenbestez, seguru asko Gobernuak aurrera segituko du finkatutako egutegiarekin. Horrela, uztailaren 13an, Sarkozyk erreforma aurkeztuko dio Ministro Kontseiluari eta, irailean, Asanblea Nazionalak legearen eztabaidari ekingo dio.

Sindikatuak ere udazkenera begira ari dira, batez ere, lanean. Atzoko mobilizazioa -laugarrena urte hasieratik- legearen eztabaida hasiko denerako «berotze-ariketa garrantzitsutzat» jo dute. A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo