GARA > Idatzia > Kultura

Dekretuaren inguruan alegazioak aurkezteko epea, zabalik

Lakuak soilik bere irizpideak baliatuko ditu Praileaitz babesteko

Debako Praileaitz kobazuloa «babestuko» duen dekretu berria EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen atzo Lakuako Gobernuak. Babes gunea 50 metrotik 65 metrora zabalduko du proposamen berriak eta haitzuloaren mendi magalak Kostaldeen Legearen babespean egoten jarraituko du. Eragile askoren arabera, ez dira nahikoak Lakuak proposatutako neurri horiek; orain, hogei eguneko epea dute beren alegazioak aurkezteko.

p040_f02_199x120.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Aldaketa gutxi Praileaitz kobazuloaren inguruan. Lakuako Gobernuak joan den maiatzaren 3an adostutako dekretua atzo publikatu zen EAEko Agintaritzaren Aldizkarian eta aurrez jakinarazitako neurrietan ez da apenas aldaketarik izango. Blanca Urgellek zuzentzen duen Kultura Sailak soilik hamabost metrotan zabalduko du Debako Sasiola harrobiaren bihotzean kokatuta dagoen historiaurreko haitzuloaren babes perimetroa (2. eremuari dagokiona). Hau da, 2007an Miren Azkarateren legegintzaldian onartu ziren 50 metroko eremua 65ekoa izango da orain. Urrun geratzen dira, beraz, Jean Clottes zientzialari eta aditu frantsesak gomendatu zituen 500 metroak. Gipuzkoako Aldundiak, bestalde, 100 metroko babes eremu bat ezartzea onetsi zuen, baina proposamen hori ere ez zuen onartu Lakuako Gobernuak.

Praileaitzeko aferaren inguruan borrokarik gehien eragin duen auzia mendi magalaren babesaren inguruan sortu da (4. eremuari dagokiona). Haitzuloaren defentsan lan egiten duten hainbat eragileren aburuz (Praileaitz SOS, Praileaitzen Lagunak, Aranzadiko hainbat ikerlari...), Deba ibaiaren inguruan geratzen den eremua Kostaldeen Legeak babesteak ez du kobazuloaren etorkizuna bermatzen. Beraien iritziz, haitzuloa bera eta barruan gordetzen dituen aurrehistoriako margoen esanahia ulertzeko, «ezinbestekoa» da ingurua bera zaintzea, hau da, mendi magala bere horretan uztea. Sasiolako harrobian, ordea, Amenabar lantegiak ustiapenerako baimenak ditu eta, eragile horien ustez, Kostaldeen Legeak ez du eremuaren biziraupena bermatzen. Lakuak, bestalde, guztiz kontrako iritzia agertu du azken hilabeteetan egindako adierazpenetan, eta Kostaldeen Legeak mendi magalari nahikoa babes ematen diola uste du. Horrela, dekretu berriarekin, eremuak Kostaldeen Legearekin babestuta egoten jarraituko du. Defentsa eragileek, ostera, inguru hori Kultur Ondarearen Legearekin babesteko galdegiten dute.

Amenabar lantegia Sasiolan egiten ari den ustiatzeak hainbat buruhauste eragin ditu eragile horiengan, haitzuloa deuseztatzeko «arrisku bizia» dagoela ohartarazi baitute. Lakuak, «irtenbidea» atzeman dio arazo horri; 5. eremuaren inguruan (dekretuaren proposamen berrian zazpi areatan banatu dute zonaldea; aurrekoa bostetan banatuta zegoen) lubaki bat eraikitzea proposatzen dute, harrobiko leherketek sortzen dituzten bibrazioak ekidin eta haitzuloari kalterik ez eragiteko. Neurri hori ere gogor kritikatu zuten hainbat taldek, euren ustetan, haitzuloa babesteko modurik eraginkorrena ustiapen jarduera guztiak etetea litzatekeelako. Azken hilabeteetan, gainera, Amenabarrek zuloak egiteko makinak erabili eta hormigoi ekoizle bat jarri du mendi magalaren eremuan, Praileaitz SOS elkarteak jakinarazi zuenez.

Xabier Peñalver Aranzadiko arkeologoak garari adierazi zionez, dekretu berriaren planoan babes eremutik kanpo geratu dira haitzuloko hainbat galeria, hortaz, kalteak sortzeko aukera are nabarmenagoa litzateke. Halaber, sedimentuz beteta dauden hainbat galeria daude oraindik ikertzeke Praileaitzen barruan. Krisiaren eraginez, Gipuzkoako Aldundiak eta Lakuako Gobernuak ikerketa arkeologikoetarako aurrekontuak murriztu dituzte aurten eta, beraz, 2010ean ez da kanpaina arkeologikorik egingo Sasiolako inguruetan. Bere hitzetan, «ezagutzen ez duen zerbait `babestu' nahian dabil» Lakuako Gobernua.

Iragan udaberrian Antonio Rivera Kultura sailburuordeak egin zituen adierazpenek hautsak harrotu zituzten afera honen defendatzaileen artean. Izan ere, talde horiek eskatzen dituzten neurri guztiak onartzeak gastu ekonomiko izugarriak ekarriko lituzkeela ohartarazi zuen, orain dituen baimenak kentzeagatik Amenabarri diru ordaina eman beharko liokeelako Patxi Lopezen Gobernuak.

Horrenbestez, eta ildo beretik jarraituta, kulturaren eta arlo ekonomikoaren arteko «oreka» bilatzearen aldeko apustua egingo zuela iragarri zuen Blanca Urgellek, apirilaren 13an Gasteizko Legebiltzarrean egindako Kultura Batzordean. «Babesten dugun ondarearen metro bakoitzeko, eskakizun ekonomiko bat jasotzen dugu harrobiaren partetik», adierazi zuen.

Hilabete berean Maria Jesus Aranburu Kultura diputatuak garari jakinarazi zionez, «legea bete ezean, Praileaitz inguruko mendi magala desagertu egin daiteke», baina ondarea galtzeko arriskurik ez dute ikusten Aldunditik. Foru erakundeak haitzuloari ehun metroko perimetroko babesa ematea proposatu zuen, Aldundiko arkeologoek egindako azterketetan oinarrituta. Aukera hori baztertu egin zuen Lakuako Gobernuak eta oraindik jakiteko dago Aranbururen taldeak alegaziorik aurkeztuko duen ala, aitzitik, legea betetzera mugatuko den.

Atzotik hasita, hogei eguneko epea irekitzen da, beraz, nahi duten eragile edo instituzioek beharrezkoak jotzen dituen helegiteak aurkezteko. Praileaitzen Lagunek eta Praileaitz SOS elkarteak beraienak jarriko dituzte, eta litekeena da Aranzadik ere bide berbera hartzea, nahiz eta oraindik baieztapenik ez dagoen. Nolanahi ere, alegazioak alegazio, Lakuak ez du bozketarik edo gainontzekoen onarpenik beharko dekretu berria aurrera ateratzeko.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo