GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Diru zuriketak eta jai herrikoiak

 

Aritz SOUND SYSTEM | Kazetaria eta musika adiktoa

Aurreko zutabe batean Rodolfo Ares (Barne Saila) eta Jokin Bildarratzek (Eudel) adostutako txosnen araudiari buruz aritu ginen. Azken urteetan asko dira herri mugimenduen jarduera kontrolatzeko eta oztopatzeko martxan jarri diren ekimenak (legeria, arau zein neurri errepresiboak).

Krisiaren aitzakiapean bide berria bilatu dute hainbat agintarik. Herrietan ekimenak antolatzen dituzten herri taldeei diru laguntzak ematen dizkietenean diru horien zuriketa eskatzen zaie, eta logikoa denez, diru laguntza publikoa jasotzen duenak diru hori zertan gastatu duen justifikatu beharko du. Gauza da, dirudienez, legediak diru justifikazio horiek fakturen bitartez egin behar direla agintzen duela eta hor datoz komeriak. Orain arte, nolabaiteko «permisibitatea» egon izan da, eta fakturak egin ez zitezkeen kasuetan, «hartze agiria» edo antzeko formalismoen bidez egiten zen (diru kopuru handiak ez zirenean behintzat); hau da, dirua jaso duenak (artistak edo dena delakoak) diru hori jaso duela ziurtatzen duen agiria sinatzen zuen (bere datuekin batera) eta paper hori aurkezten zen justifikazio modura. Diru hori ez zen nonbait deklaratzen eta hortik ere badatoz arazoak. Orain, ordea, gauzak aldatzen ari dira (azken urteetako joera izan arren krisiarekin areagotu da) eta jasotzen den diru laguntzaren azken xentimoraino ere faktura bidez justifikatu beharra dago. Herrietan egiten diren ekitaldi askoren antolatzaileak ez daude enpresa modura egituratuta eta antolatzen dituzten ekitaldi askotan parte hartzen duten «artistek» ere, enpresa edo autonomo ez direnez, ezin dute fakturarik igorri. Egoera berriak bi ondorio garbi ditu; batetik, edozertarako faktura behar bada, orain arte faktura gabe egiten ziren ekitaldiak izugarri garestituko direla, eta bestetik, faktura igortzeko aukera ez duten artistek (enpresa bezala eratuta ez daudenak, alegia) ezin izango dutela instituzioak tartean dauden ekitaldietan parte hartu. Era berean, irabazi asmorik ez duten herritar talde antolatzaileek ere beste zailtasun bat edukiko dute gauzak antolatzeko garaian (hala egin ezean, diru laguntzak galtzeko edo isun gogorrak jasotzeko arriskuarekin, gainera).

Azken urteetako joera da talde antolatzaileei baldintzak gogortzeko hori eta honen aurrean, erantzuna ezin du isolatua edo banakoa izan (hiri, herri edo auzo mailakoa soilik). Irabazi asmorik ez duten herritarren talde antolatzaileek erantzun bateratua bilatu beharko dute eta bide horretan ari den Jai Herrikoiak Bultzatuz bezalako ekimenak inoiz baino beharrezkoagoak dira.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo