Julia Gillard izango da Australiako gobernuburutzan lehen emakumea
Bere historian aurreneko aldiz, emakume batek zuzenduko du Australiako Gobernua, Julia Gillard laboristak, hain zuzen. Kevin Rudd orain arteko lehen ministroaren ospeak gainbehera egin izanak eragin zuen haren dimisioa eta Gillarden izendapena.
GARA
Australiak emakume bat, Julia Gillard, izango du Gobernuaren buru, bere historian aurrenekoz. Orain arte lehen ministro izandako Kevin Rudden ospearen gainbeherak eragindako barne eztabaidak ekarri du Gillarden izendapena.
«Hurrengo lehen ministroa, kargu honetan lehen emakumea, Julia Gillard izango da», ezagutarazi zuen Gobernuko bozeramaileak. Gillard 48 urteko abokatua da eta lehen ministroorde kargua izan du, diputatu laboristek gainbeheran zegoen Kevin Rudden ordezko izateko aukeratu zuten arte.
Bi urte eta erdiz lehen ministro karguan izan ostean, duela gutxi aurkeztu zuen Kevin Ruddek dimisioa Alderdi Laboristako buruzagi gisa.
«Ohore bat da niretzat. Laster egingo ditut adierazpen zabal eta sakonagoak», esan zien Gillardek Canberrako Parlamentuaren kanpoaldean zain ziren kazetariei. Datozen hileotan hauteskundeak deitzeko asmoa duela ere iragarri zuen.
Australiako gobernatzaile orokor Qentin Bryceren aurrean kargua zin egin ondoren hasiko da buru-belarri lanean Gillard. Wayn Swan egungo Ekonomia ministroak, krisiaren kudeaketagatik ospe handia duenak, hartuko du lehen ministroordetzaren ardura.
Kevin Ruddek 2007an irabazi zituen hauteskundeak eta, hala, John Howard kontserbadorearen hamaika urtetako nagusitasunari amaiera eman zion. Era honetan lortu zuen Harry Potterrek, hala deitzen baitzioten alderdikideek ere, Alderdi Laborista zegoen zulotik atera eta biziberritzea.
Biztanleen artean sona handia izan duen lehen ministroa izan da Rudd, laboristentzako zailak ziren hainbat erabaki hartzera derrigortuta egon ziren arte: klima aldaketaren aurkako borrokaren baitan Karbono Plana baztertu behar izan dute, meatze enpresen irabazi handiak zergapetzeko proiektu polemikoa.
Atzo bertan, ordea, Gillardek bere aurrekoaren hitzaren aurka egin zuen eta Karbono Plana berrabiarazteko asmoa agertu zuen. Kevin Rudd, 52 urtekoa, bere kargua uzten duen aurreneko lehen ministroa da, duela 19 urte Bob Hawkeek gobernuburutza utzi zuenetik, 1991n.
«Australiako herriak hautatu ninduen herri honetako lehen ministro izateko (...) eta, benetan, ahalik eta ondoen egiten saiatu naiz», aitortu zuen Ruddek, bere senideekin batera egin zuen agerraldian.
Politikari estimatua
Politikagintzan egindako bidean, Lan eta Hezkuntza ministro ere izan delarik, langile fin eta eraginkorra dela erakutsi du eta, ondorioz, oso emakume estimatua da Australiako politikarien artean.
Adibidez, eskoletan inbertitzeko programa garrantzitsu bat bultzatu eta hura kudeatu izanak edota kontserbadoreek sustatutako zenbait lege atzera bota izanak Gillard politiko ausarta dela frogatzen du.
«Zerbait egiten duen lehen emakumea» izateko bokazio berezirik ez duela azaldu zuen duela urte bakan batzuk diputatu kontserbadore baten adierazpenei erantzunez. Bere borondatez ezkongabe izan nahi duen emakume bat ez dela herrialdearen etorkizuna gidatzeko egokiena esan zuen diputatu hark.