Sorotan Babies, laugarren dimentsiora bidean, doinu ilunekin
Sorotan Babies lapurtarrek lehen diskoa kaleratu berri dute, autoekoiztuta. Musikari dagokionez, post-hardcoreak eta metal zertzeladek bat egiten dute iluntasun eta indar handiko doinuetan. Leioako pop-rock txapelketan bigarren saria eskuratu dute metal alorrean.
Koldo OTAMENDI | DONOSTIA
Sorotan Babies izen bitxiaren atzean, Sara (Lapurdi) eta Bera (Nafarroa) arteko seikote bat ezkutatzen da: Xabi eta Xanti ahotsetan, Iñaki baterian, Iñigo baxuaren lau soketan, eta Tanas eta Lian gitarrak astintzen. 2008an eman zituzten lehen urratsak talde bezala. Lehen begi kolpean, Sorotan Bele taldeari erreferentzia zuzena egiten dioten arren, musikalki, oso urrun dira Babiak. Post-hardcorea eta metal indartsuak bat egiten dute euren musikan, non iluntasuna inoiz baino ilunagoa bilakatzen den akorde bakoitzean. Talde berria izan arren, taldekideak bestelako musika abenturetan ibiliak dira, eta hori aski ongi nabari da taldearen lehen diskoa, «Lau dimentsio», aditzean.
Taldeko zenbait kidek BKBO (Brutal Kinki Band Orkestra) taldearekin tartekatzen dute Sorotan Babies, agertoki gainean bi taldeen arteko orekari eutsiz. Xantik, taldeko abeslarietako batek, horrela definitzen du taldearen sorrera. «Musikalki BKBO baino lasaiagoa izanen zen talde bat egitea zen helburua, eta taldekideak batzen joan ginen gaur egungo seikotea osatu arte. Batzuk, etxean topatu genituen, BKBOn, eta taldea osatzeko Berara jo genuen», dio taldearen lehen urratsak oroituz.
Musika eraginak etxean
Taldearen musika entzun eta berehala, urrutira joan gabe, lehen erreferentziak etxean bertan topatzen ditugu: Dut eta Lisabö. «Gure musika sortzerakoan eragin handia izan duten taldeak dira biak. Dut oso talde handia izan zen eta Lisabö, berriz, gaur egun Euskal Herrian den talderik interesgarriena da, nire ustez», dio Xantik bi taldeekiko mirespena adieraziz. Era berean, Willis Drummond edota Anestesia taldetik ere jaso dute eraginik, gorrotoaren ahotsa zabaltzen ari den seinale argia. Musikalki, garapen handia duten kantuak dira Sorotan Babies-ek lantzen dituenak. Kanturik laburrena hiru minututik gorakoa da, eta luzeenak zortzi minutura iristen dira.
Denbora tarte horretan, kantua garatzeko eta musika eremu ezberdinak lantzeko nahia topa daiteke, erritmoetan ekaitz eta barealdi ugari biziz kantu bakoitzean. «Beti gustuko izan ditugu Neurosis bezalako taldeak», esan du Xantik beste erreferentzia zuzen bat emanez, taldearen gustuko taldeak aipatzen dituen bitartean. Erreferentziak erreferentzia, Sorotan Babies taldeak nortasun propioa du kantuak sortzeko eta jotzeko unean.
Izan ere, identitate puntu bat ahotsen langintzan topa dezakegu. Bi abeslari izaki, erregistro ezberdinak lantzeko bidea topatu dute: Xanti eta Xabi dira ahots lanketen ardura hartu dutenak. «Gure ahots erregistroak hagitz ezberdinak dira, eta bien baturak egiten du berezi gure musika», adierazi du lehenengoak. Orokorrean, musikalki gitarra indartsuek agintzen dute Sorotan Babies taldean, nahiz eta base erritmikoak sendotasun handia ematen dien kantuen estrukturari. «Lau dimentsio» diskoa, etxean bertan duten entsegu lokalean grabatu dute, eta bertan azaltzen diren zazpi kantuak dira zuzenean eskaintzen duten emanaldiaren zutabe nagusia. Guztira, 45 minutu irauten duen musika eztanda.
Uda lasai pasako dute Sorotan Babies taldeko kideek, eskainiko dituzten emanaldiak urriak izango dira: «Gure musika negurako da», esan du barrez Xantik. Negua, hotza eta iluntasuna iristen denean igoko dira, beraz, berriz ere agertoki gainera.
«Lau dimentsio» diskoko kantuetan giro ilunak dira nagusi. Hitzak ere ilunak dira, eta, besteak beste, heriotza, bakardadea eta barne bidaiak dira agertzen dituzten gaiak, musika eta testuak elementu bakarrean uztartuz.
Taldea: Sorotan Babies.
Herria: Bera (Nafarroa), Sara (Lapurdi).
Diskoa: «4 Dimentsio».
Kantu kopurua: 7.
Diskoetxea: autoekoizpena.
Sarean: www.myspace.com/the sorotanbabies