Eszenak
Puck, Titania eta Oberon
Dorleta URRETABIZKAIA 1 Aktorea eta idazlea
Mendietako baserrietan kaleko plaza danetan San Juan suak piztutzen dira Gau zoragarri honetan». Pasatu dira jada, udako solstizioa eta baita San Juan gaua ere. Uda jaiotzearekin batera, sorginak beren kobazuloetatik atera eta gure herri eta hirietara gerturatu ziren, euren kantu eta dantzekin udari ongietorria ematera. Gauaren iluntasunean murgilduriko herri eta hiriak dantzari gorri, laranja eta horiaren argitasunaz jantzi ziren urteko gaurik motzenean eta munduko pertsona askok, dama ederrarekin dantza egin zuten, bihotza itxaropenez beterik suaren gainetik jauzi eginez. Egun argiarekin batera San Juan gaueko suak itzali egin ziren, Saramago idazlearen sua itzali den bezalaxe, eta gauza bera gertatu zaio Donostiako dFeriari ere. Aurtengo edizio berezi honetan, hiru egunetan, euskal sortzaileen hamabost lan ikusi ahal izan ditugu hiriko antzokietan, eta su gorriari eskaturiko desioa beteko bada, antzerkiak, aitaren etxeak bezala, iraunen du zutik.
Baina ez dira San Juan gaueko su guztiak itzaliak izan oraindik, sorginez eta magiaz beteriko gau hau geure artean izango baitugu asteburu honetan Donostian. Euskal Herriko sorginetatik XVI. mendeko Ingalaterrako sorginkerietara jauzi egin beharko dugu bihar eta etzi Victoria Eugenia antzokian izango dugun lana, «Sueño de una noche de verano», ikusi ahal izateko. William Shakespeare-k 1595. urtean idatziriko klasiko handi honen Ur taldearen bertsio aski ezaguna hain zuzen ere. 1987. urtean Helena Pimentak sorturiko talde hau aski ezaguna dugu geure artean eta baita honako antzezlan hau ere, izan ere, 92an estreinaturiko lan honek arrakasta ikaragarria izan baitzuen, baita sari ugari jaso ere. 98an berriz egin zuten, baina San Juan gauean gertatzen den amets, maitagarri eta magiaz beteriko lan bikain hau geure artean izango dugu, aurreko urtean taldeak berriro bizitza ematea erabaki zuelako.
Teseo: Hipolita, gure ezkontzaren unea heltzear da. Zein egun ederrak ekarriko dituen ilargi berriak, baina zein luzea egiten ari zaidan zaharraren beheratzea. Nire itxaropenak ezereztatu egiten ditu sekula hil ez eta oinordeko gaztearen errentak xahutzen dituen amaorde edota alargunak bezala...
Teseo eta Hipolitaren ezkontza da antzezlanaren ardatz nagusia, baina fantasia, ametsez, errealitateaz, maitasunaz eta magiaz beteriko lan honetan errealitatea ametsa bilakatuko da edota alderantziz, izan ere, naturaren indar ezkutuak tartean sartuko baitira guztia hankaz gora ipiniaz. Taldearen bertsio hau, klasikoaren irakurketa garaikidea da, non maitasuna izango den benetako protagonista, gizakia askatu, lotu, bultzatu, desegin, suntsitu, idealizatu eta apaltzen duen maitasuna. Honen geziak bultzaturik, pertsonaiak basora abiatuko dira, sen eroen mundura, eta bertan errealitatea eta fikzioa korapilatu egingo dira euren pasio eta fantasia aske utziaz. Eta irudimenak mugarik ez duen froga moduan Urano planeta dugu, izan ere, honen hiru satelitek klasikoaren hiru pertsonaiei zor baitiote izena: Puck, Titania eta Oberon.