GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Apustu estrategikoen erronka

Egoeraren sakoneko oinarriak aztertu behar ditugu, eta, batez ere, estrategiari erreparatu behar zaio. Argi dago zer eskaintzen diguten kapitalismoak zein espainiar nazionalismoak. Baina, zein da gure herriarentzako bestelako etorkizuna nahi dugunon egitasmo estrategikoa?

Aste emankorra izan dugu hau. Berriak pilatu dira, baina bi lehenetsiko nituzke nik: Hego Euskal Herriko greba orokorra eta Kataluniako Estatut berriaren kontrako epaia. Nire ustez, bi atal estrategiko dira horiek, jendarte eredu berriaren aldeko borroka batetik eta estatu ereduaren krisialdi sakona bestetik. Eta argi dago espainiar Estatuaren egoera iluna dela eta makurtzeko bidea hartu duela, herri mugimendua eta eragile eraldatzaileak aspaldiko baldintza hobeen aitzinean daudelarik.

Egungo egoeran ez da erraza greba orokor bat egitea. Arrazoiak ematen dituen krisialdiak berak zailtzen du, beldurra eta prekarietatearen ondorioz, besteak beste. Errepresioaren mehatxua nabarmena da, greba egitea arriskutsua izan daitekeela helarazten baitiote jendeari etengabe. Gertatutakoak, gainera, aukera hori baieztatu du: milaka grebalarik salneurri pertsonala ordainduko dute greban parte hartzeagatik: kolpeak, lan mailako zigorrak, isunak... Beldurra erabiltzen dute mobilizazioen kontra, baina jende askok, izutu gabe, bestelako mundu baten aldeko apustua egiten du, kosta ahala kosta.

Grebaren inguruko lerroketa aski esanguratsua da, bestalde. Nazio askatasuna eta jendarte eraldaketa eskatzen dituen esparru sozial zabal eta anitza gorpuzten ari da aspaldidanik. Begi bistakoa da espainiar nazionalistak neoliberalismoaren esparruan kokatuta daudela, nazio afera eta jendarte ereduak uztartuta agertzen direlarik. Nafarroako kasuan, adibidez, arrunt pozik dago Miguel Sanz PSOEko nafar sukurtsalarekin. Jakina! Nafarroan PSOE ez dago oposizioan, formalki Gobernuan ez badago ere! Eredu berdina defendatzen dute eta gaur egun PPk oposizioan dagoela irudikatu nahi badu ere, ados dago krisialdiaren aurreko shock terapian, finean eskuinaren agenda baita Rodriguez Zapaterorena!

Eskuinaren agenda ere inposatu da Kataluniako Estatut berriaren auzian. Nabarmena da zein den gaur egun PSOEren norabidea: inboluzioa! Espainiar nazionalismoaren barnean izandako krisialdian jarrera atzerakoienak inposatu dira. Horregatik PSOE UPNrekin Iruñean eta PPrekin Gasteizen aldaketari ateak ixteko bidean jarrita dago, espainiar nazionalismoaren batasun defentsiboa lehenetsiz. Itxikeriaren dorrean daude gotortuta, alternatiba estrategikorik gabe.

Krisialdi garaietan denok izaten ahal dugu uneko egoerari begiratzeko tentaldia, baina haratago joan beharra dago. Egoeraren sakoneko oinarriak aztertu behar ditugu, eta, batez ere, estrategiari erreparatu behar zaio. Argi dago zer eskaintzen diguten kapitalismoak zein espainiar nazionalismoak. Baina, zein da gure herriarentzako bestelako etorkizuna nahi dugunon egitasmo estrategikoa?

Jendarte eredu berriaz hitz egin beharra dago, ez soilik murrizketa neoliberalen kontrako erantzunaz. Eta, halaber, hemen nahiz Herrialde Katalanetan, gaurko markoaren bide faltsua alde batera utzirik independentziaren bidea zehaztu behar da. Oinak lurrean jarririk, jakina, pausoz pauso, baina agenda estrategikoa eskuetan, iparrorratz gisa. Indar eraldatzaileen betebeharra ez baita injustiziaren ondorioak murriztea, injustizia gainditzea baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo