GARA > Idatzia > Mundua

Lagun bat hil da Kosovon, serbiarren protesta baten aurka egindako erasoan

Pristinako Gobernuak Mitrovicako gune serbiarrean irekitako bulego baten kontrako manifestazioan parte hartzen ari ziren ehunka lagunen aurkako erasoak hildako bat eta hamar zauritu utzi ditu.

p018_f01_148x108.jpg

GARA | PRISTINA

Kosovoko hiri batean serbiarrak egiten ari ziren protesta baten aurka lehergailuz eginiko eraso batean lagun bat zendu eta hamar inguru zauritu ziren atzo, polizia iturrien arabera.

Segurtasun indarrek uste dutenez, eskuzko granada batek eragin zuen leherketa. Erasoak Mitrovica (iparraldea) hiriko gune serbiarrean kosovoarrek irekitako bulegoaren aurka protestan ari ziren serbiarrak izan zituen jomugan.

Besim Hoti poliziaren bozeramaileak zenbait tiro hots entzun zituztela ere baieztatu zuen. Erregistro zibilaren bulego berriaren parean egiten ari ziren manifestazioan 1.000 lagun inguru zeuden bilduta.

Mediku iturriek baieztatu dutenez, zaurituetako bat ebakuntza gelan bertan hil zen. Gainontzeko zaurituek metrailak eragindako kalteak dituzte eta bat egoera larrian dago.

«Protesta baketsua»

«Han geunden eta bat-batean eztanda entzun genuen», azaldu zuen Zoran Rakicek, zauritutako lagunetako batek. Rakicen bertsioaren arabera, «protesta baketsu batean» parte hartzen ari zirela iritsi zen erasoa.

Gobernu serbiarreko arduradunek, tartean Boris Tadic presidenteak, gertatutakoa arbuiatu zuten eta herritarrei zein nazioarteko indarrei indarkeria saihesteko eta lasaitasuna mantentzeko deia egin zieten. Tadicen eskaerari erantzunez, Europako Batasunak Kosovo burujabeari laguntza emateko eratutako Eulex misioak bi polizia unitate bertaratu zituen.

Gutxiengo serbiarrak kosovoarren burujabetza ukatzen jarraitzen duenez, istilu ugari sortu ohi dira Kosovon.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo