GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

BARRUTIK

Pantailatxoaren alde batean eta bestean...

Amets TXURRUKA | Txirrindularia

Kaixo lagunok! Iritsi da uztaila, termometroen merkurioak gora egiten du egunak pasa ahala eta uda giroa sumatzen da. Horrekin batera, asko oporrekin pentsatzen izango zarete, beste asko jadanik horiek disfrutatzen hasita. Urte guztia honen zain egon ondoren, azkenean ere iritsi da, bai!

Gure kasuan ere halaxe da, baina ez dira oporrak zehazki. Urte guztia Tourra prestatzen ibili garen 198 txirrindulariak eta taldeetako ia beste horrenbeste laguntzaile, zuzendari eta abarrak urteko ekitaldi handi hau hastear gara: 3.642 kilometro Parisera iritsi aurretik, tartean erlojupeko bi, 25 mendate, harbide tarteak eta pantailaren bestalde horretan ikusten ez diren beste hainbat oztopo ere (haizea, erorketak, hoteletara lekualdatzeak, kontrolak, posizioa mantentzeko tentsioa, egoera meteorologiko aldrebesak, kazetariekiko arreta...). Lan apurren bat egin beharko dugu ba noizbait, ez? Ez da ba izango urte guztian bizikletan paseotxoak ematea!

Esan bezala, telebistan ikusten denetik haratago, askotarako ematen du lasterketa honek. Horregatik, lasterketa pantailaz bestaldetik edo egunkarietan jarraitzen duzuenoi horietako batzuk helarazten saiatuko naiz. Horretarako, Markel Irizar izango dut bidelagun. Iazko Espainiako Itzulian gela beretik idazten genizkizuen gure abenturatxoak, baina oraingoan pantailatxoak banatuko gaitu: ni errepide frantsesetan jira-biraka eta bera telebistaz bestalde etxeko sofan etzanda, hau tipue! Iaz berak zutabe bat izendatu zuen legez: «Hi bizi haiz hi!». Horrela bada, gaur aitzin etaparekin ekingo diogun Tourraren lehen pedalkadetan zer ikusi duen berak ekarriko dizue bihar. Ni baino hobe moldatzen da horrelako etapetan; gainera, erlojupeko txirrindu bereziaren gainean bihotza 200 taupadatan izanda baino sofan 34an izanda xehetasun gehiagorekin jabetuko da!

Bezperako egun hauek, ohiko kontrol, aurkezpen eta abarrak egiten eta bizikletaz jositako Rotterdameko bidegorri sarean galduta igaro ditugu (txukuna da baina ezagutzen ez dugunontzat labirinto xamarra). Hala, turismorako tarterik ez dugu izan. Bitxikeria gisa, gaur hotelean jasotako opariaren berri emango dizuet. Neska lirain bi sartu dira talde bakoitzeko partaide birentzako opari bana zutela esanez; Madariaga etorri da bazkaltzen geunden Juanjo eta niregana eta opariaren bila joateko esan digu. Zer izango eta barruko arropen marka batek eskainitako galtzontzilo bana jaso dugu! Urduri antzean gaudela egia da, baina galtzontziloak zikintzeko adina ez horratio! Bueno, Tourreko galtzontziloak ditugula farda dezakegu behintzat! Horrenbestez, hasteko desiran agurtzen naiz. Etzira arte, besarkada bana!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo