GARA > Idatzia > Kultura

Nafarroa Oinez Donostiara dator eta sukaldaritzak ere bere sekretu eta aukerak erakutsiko dizkigu

«Artea Oinez' 10» eta «Hutsaren isiltasuna. Jateko moduko mundu baten ikuspegiak» erakusketak ikus daitezke Kutxaren Boulevard aretoetan. Margolan eta eskulturak sukaldaritza munduarekin bateratu dituzte.

p043_f01_148x104.jpg

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

«Artea Oinez' 10» erakusketa Iruñeko Eskola gisa ezagutzen den mugimenduko artistarik garrantzitsuenetako batzuen ekimena da. Erakusketa Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolak sustatu du; hau da, datorren urriaren 17an Atarrabian ospatuko den Nafarroa Oinez jaiaren ikastola antolatzaileak. Horrenbestez, Nafarroan euskara sustatzea da ekimenaren azken helburua. Erakusketa Donostiako Kutxa Boulevard aretoetan izango da hilaren 25era bitartean eta atzo aurkezpen ekitaldia egin zuten.

Erakusketan, besteak beste, Jose Ramon Amondarain, Dora Salazar, Nestor Basterretxea, Pedro Chillida, Pedro Salaberri eta Jose Luis Zumeta artista ospetsuen lanak ikus daitezke. Beste hainbat artista gaztek egindako lanek ere badute tokia.

Beste hainbat tokitan egon ostean, hala nola Iruñean, Donostiara heldu da erakusketa Nafarroako eta Gipuzkoako ikastolen elkarteen lankidetzaren ondorioz. Pasaia-Lezo Lizeoak ere eman dio laguntza Paz de Ziganda ikastolari artelanak Nafarroatik kanpora ateratzeko. Horrela, 63 artistak egindako lanek osatutako bilduma Donostiara iritsi da. Guztira, 52 margolan, hamalau eskultura, hiru collage, hiru grabatu eta zazpi argazki ikus daitezke Kutxa Boulevard aretoetako bi solairuetan.

Sukaldaritzaren edertasuna

Beste alde batetik, sukaldaritzaren mundua ere aretoetara ekarri dute Enrique Fleischmann eta Borja Garcia Argüellesek Juantxo Egaña argazkilariaren laguntzarekin egindako «Hutsaren isiltasuna. Jateko moduko mundu baten ikuspegiak» erakusketarekin.

Sukaldaritzaz hitz egitean, edozeini errezetak, elikagaiak eta jada prestatutako dauden platerak etortzen zaizkio gogora berehala. Baina, atseginaz gain, beste gauza asko ere baditu eta ematen ditu sukaldaritzak. Horietako batzuk prestaturiko platerek eskaintzen duten ikuskizuna da, begirada bakar batez konturatzen baikara sarri beraien edertasunaz. Beste plater batzuk, ordea, beste zerbait sortzen dute guregan.

Horren erakusle, erakusketa honetan, sukalde batean topa genitzakeen lanabesen zein arraroagoak suertatzen zaizkigun beste batzuen erabilera azaltzen digute argazki bidez. Hori bai, ez harritu kortxoak kentzeko gailuen forma duten espiralak edota espraizko pintura potoekin eginak diruditen artelanak aurkitzerakoan.

Hala ere, sukaldaritzak ez ditu jakiekin egindako jolasak bakarrik eskaintzen. Euskarri berrien sorleku ere bihurtu da oraingo honetan. Hala, Iñigo Ormazabalek udarez egindako paper baten gainean egindako margolana aurkeztu du. Erremolatxa eta piperrezko pigmentuekin eta txipiroi tintaz azenario paper baten gainean egindako margolan bat ere ikus daiteke.

Horrez gain, antxoa batzuen fosilak ere badira Boulevardeko Kutxa aretoetan ikusgai. Arrautzen gorringo eta zuringoekin egindako milaka puxtarriek osatzen duten argazki berezia ere aurkituko du bisitariak.

Horiek horrela, sabelak betetzeko aukera emateaz gain, sukaldaritzak artea egiteko ere balio duela erakusten digu Donostiako erakusketak. Bilduma berezi hau hilaren 25era bitartean izango dugu ikusgai, astelehenetik igandera. Sarrera doakoa da.

Fitxa

Erakusketen izenburuak:

«Artea Oinez' 10» eta

«Hutsaren isiltasuna. Jateko moduko mundu baten ikuspegiak».

Tokia: Kutxa Boulevard aretoak (Donostia).

Data: Uztailaren 2tik 25era arte.

Ordutegia: Astelehenetik igandera: 11.30etik 13.30era eta

17.00etatik 21.00etara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo