GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lesakarrek XV. mendeko gertakizunak gogoratuko dituzte Zubigainekoarekin

San Fermin eguna da gaur, eta Lesakan jaietako egun nagusia ospatzen da. Saindua gurtzeaz gain, Onin ibai gaineko zubian eta ertzetan dantzatzeko ohitura dago Lesakan. Bihar peñen eguna izango da eta alaitasunak hartuko ditu herriko txoko guztiak. Ostiralean haurren eguna ospatuko dute, eta larunbatean, berriz, adinekoei zuzendutako bikoteen eguna. Egitaraua askotarikoa da eta jaiak larunbatean amaitzen badira ere, igandean ere izango da ekitaldirik.

p014_f02_111x111.jpg

Nagore BELASTEGI

Udaletxetik suziriak airea hartu eta eztanda egin zuenean hasi ziren Lesakako jaiak. Gero, txistulariak, soinulariak, Ablitas txaranga, trikitilariak eta haurren danborrada kalez kale abiatu ziren, herritar guztiei ja sanferminak Nafarroako txoko guztietara iritsi direla jakinarazteko. Lehenengoarekin norbait ohartu ez bazen, 20.00etan bigarren etxafuego bota zuen peñen ordezkariak, eta gero danborrada nagusia herrian zehar abiatu zen.

Atzoko eguna jaiei hasiera eman ziena izan zen bada, eta, gaurkoa, Lesakako ohitura zaharrenak biltzen dituena da. Nahiz eta lesakarrentzat egun guztiak garrantzitsuak diren, San Fermin eguna kanpotar gehien erakartzen dituen eguna da, Zubigaineko dantzak ospe handia baitu. Goizeko 8.30ean ezpata-dantzarien meza isila egongo da eta joan-etorria txistulari bandaren laguntzaz egingo dute. 10.30ean, Koldo Aingeru Erkizia alkatea udaletxeko beste ordezkariekin, ezpata-dantzariekin eta Musika Bandarekin batera udaletxetik elizara abiatuko dira herriko ikurrak beraiekin eramanez.

Horren ondotik, San Ferminen irudiak prozesioa gidatuko du, atzera elizara itzuli arte. Gero denak batera Onin ibaira gerturatuko dira eta Zubigaineko dantza egingo dute. Jarraian, ikurrin-agurra egingo dute Bandera-arbola doinua entzuten den bitartean. Goiz osoa irauten duen ekitaldi hau amaitzeko, Plaza Zaharrera itzuliko dira denak ikurrina udaletxeko balkoian jartzeko.

Zubigainekoa XV. mendetik egiten den dantza da. Lesakak bi auzo zituen garai batean eta gudan ziren elkarren aurka. Bakea sinatu zutenean, zubitik gora bizi zirenek eta zubitik behera bizi zirenek zubi gainean dantza egin zuten. Orduz geroztik, gertaera hori oroitzeko urtero egiten dute jaietan dantza hori. Zubigainekoan 15 lesakarrek hartzen dute parte eta, dantzariek diotenez, zailena oreka mantentzea da, oso toki estua baitute salto egiteko.

Zubigainekoaren ondoren, 18.00etan, Lesakako abesbatzak bezperak abestuko ditu elizan. Gero, ohi den bezala, ezpatadantzari taldeak mutil-dantza, neska-dantza, aurreskua eta jotak dantzatuko ditu Plaza Zaharrean. 19.30ean toki berean bertso jaialdia izango da. Iban Garrok jarritako gaiei erantzun behar izango diete Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Julio Soto eta Estitxu Arozena bertsolariek. Gauean Gau Bela taldeak herritar zein kanpotar, dantzan jarriko ditu festazale guztiak.

Hurrengo egunak

Gaurko tonu irmoa alde batera utzita, bihar, peñen eguna izanik, alaitasuna eta umore ona izango dira nagusi. 9.00etan peñen gosaria izango da. 10.00etan peñetako kideek danborrak hartuko dituzte eta danborradari ekingo diote Ablitas txarangaren laguntzarekin. 12.00etan bigantxak izango dira Plaza Zaharrean Ablitas txarangak musikaz lagunduta. 17.00etan Poxpolo ta Konpainia pailazoek haur ikuskizuna eskainiko dute Plaza Zaharrean.

Handik ordubetera, 18.00etan, lagunarteak elkartzen joango dira Musikaña txarangarekin peñen jaitsiera egiteko. Gainera, arratsaldean eta gauean musika emanaldia izango da Plaza Zaharrean Imanol-en eskutik.

Ostiralean haurren eguna ospatuko dute lesakarrek goiz-goizetik. 10.30ean, haurren eta gurasoen danborrada hasiko da Ablitas txarangaren laguntzarekin. 11.00etan, Gorriti Show haur animazioa egongo da Eltzeta enparantzan. 12.00etan, Plaza Zaharrean, bigantxekin korrikan arituko dira ausartzen direnak eta, nola ez, Ablitas txarangak giroa alaituko du. 18.00etan frontoian esku-pilota partida profesionalen txanda izango da.

Horrez gain, arratsaldean zehar, herriko plazan tailerrak, puzgarriak eta ludoteka izango dituzte haurrek. Egan taldeak jarriko du musika arratsaldean eta gauean herriko plazan.

Larunbatean, bikoteen eguna ospatuko dute. 11.30ean Andra Mari Zahar Etxeko lorategian Voces del Ebro taldeak Nafarroako jotak eskainiko ditu. 12.00etan bigantxak egongo dira Plaza Zaharrean Ablitas txarangarekin, eta 16.30ean frontoian haurren pilota erakustaldia hasiko da.

18.00etan, Voces del Ebro taldeak emanaldia errepikatuko du Plaza Zaharrean, eta ordu berean, Eskolttikitik Txakainera kalejira egingo dute lesakarrek Musika Bandarekin, ohikoa den bezala. Iluntzean, 20.00etan, Txakaindik jaitsiko dira denak Zortziko doinuaren airera. Arratsaldean eta gauean Gabezin taldea arituko da Plaza Zaharrean eta gero Ablitas txarangak hartuko du lekukoa. Goizaldeko 3.30ean txaranga berak izango du jaiei amaiera emateko ardura.

Nahiz eta jaiak ofizialki amaitutzat jo, igandean, 12.00etan, bigantxak izango dira Ablitas-ekin, eta arratsalde partean, Gau Bela taldeak emanaldia eskainiko du plazan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo