Jose Ignacio Munilla Agirre Donostiako gotzaina
Banan-banan salbatu (ditzagun)
Heriotzaren kulturarengandik aldentzeko estrategia eraginkorrena «behetik gora» ekitea dugu, «goitik beherakoa» alde batera utzita... Bizitzaren aldeko borroka legala irabazteko aukera handiagoa izango dugu, heriotzaren atzaparretatik erreskatatuak izan diren haur eta nerabeen kopurua jakitera ematen den egunean...
Bidegabekeria nagusitu da. Giza eskubideen historian, 2010eko uztailaren 5a egun beltza izango da. «Sexu Osasunaren eta Ugalketaren» (hau hizkuntzaren ironia!) Lege berriak, lehendik ere askok ezagutu eta baimentzen zuten lege iruzurrari esker Espainian aspaldidanik egiten zen abortu libreari euskarri legala eman dio. Legalki, hiru kasutan zigorrik gabekoa izatetik, abortua eskubide izatera pasa da. Ospitale abortistetako nagusi eta jabeek askoz ere lasaiago egingo dute lo, zalantzarik gabe.
Eta orain zer? Elegite judizialen zain-zain gelditu behar dugu? «Bizitzaren auziak» lege borrokan al du ba bere funtsa? Ez horixe!... Esaerak dion bezala, «hobeto dugu kandela piztea, ilunpea madarikatzea baino». Egunotan, Calcuttako Ama Teresak Mendebaldean abortua liberalizatu zenean esandakoa datorkit burura: «Ez itzazue hil, niri eman. Nik bai, nahi ditut!». Era berean, ezin dut ahaztu kazetari batek Ama Teresari hainbeste haur salbatzeko zein estrategia erabili ote zuen galdetu zionean, honek emandako erantzuna: «Banan-banan!».
Iritsi da bada, «banan-banakoaren» garaia... Bizitzaren aldeko elkarterik gehienek ildo horretatik jo dute azken urteotan. Leku askotan -baita Donostian ere- arrakastatsu jardun dira, RedMadre fundazioaren koordinazioari esker, «erreskate taldeak». Milaka eta milaka haur in extremis salbatu dituzte, abortuak egiten dituzten lekuetan «hitzordua» jarrita bazutela. Haien metodoa, haurdun dagoen emakumeari haurra hil ez dezan irtenbideak ematea: laguntasuna, diru laguntza, harrera etxeak, babes medikoa eta juridikoa eta abar. (Utzidazue Espainian talde guzti horiek koordinatzen dituenaren telefono zenbakia ematen: 902 188 988). Ekinari eusteko unea iritsi da!
Heriotzaren kulturarengandik aldentzeko estrategia eraginkorrena «behetik gora» ekitea dugu, «goitik beherakoa» alde batera utzita... Bizitzaren aldeko borroka legala irabazteko aukera handiagoa izango dugu, heriotzaren atzaparretatik erreskatatuak izan diren haur eta nerabeen kopurua jakitera ematen den egunean... Bizitzaren dohainagatik haien esker ona beharrezkoa izango da, etorkizunean biziaren aldeko kultura nagusitu dadin.
Zalantzarik gabe, gure gizarteko balio asko baliagarriak lirateke, planteatzen dudan norabide horretan bitarteko moduan... Nola da posible atzerriko haurren adopzioa goraipatzea eta artean, etxean, adopzioaren aukera kontuan ez izatea? Edo esaterako, gobernuz kanpoko erakunde zibilen eta erlijiosoen bitartez Hirugarren Munduko haurren aita-amabitxi izateaz gain, ez genituzke hemen abortutik salbatutakoak ere besoetan hartu beharko (haien elikadura eta heziketarako diru laguntza emanda, adibidez)? Eta bestalde, zer esan abortuaren ondorengo sindromea ezkutuan eta bakardadean bizi duten emakumeen egoeraz? Genero indarkeriaren biktimek, zorionez, gero eta babes handiagoa dute; hauek ere ezinbestekoa dute laguntza, abortatu ondorengo zauri moral eta psikologikoak sendatzeko.
Kontuan izan dezagun «bizitzaren kausak» irabaz dezan, guztion parte-hartzea ezinbestekoa dela: arteak eta kulturak adibidez, gure gizarteko balioen oinarri dira... (Eduardo Berasteguiren «Bella» filmaren ekarpena aipatu besterik ez dugu). Era berean, komunikabideak eta bereziki Internet «nasciturusaren» alde erabiltzea, funtsezkoa da. Eta ez dugu ahaztu behar legea iragarri, landu eta bideratzen ari ziren bitartean, iritzi publikoak jaio ez denarenganako defentsa eta errespetuaren alde egin duela, espainiar demokraziaren historian lehen aldiz.
Baina, argi dago bestalde, bizitzaren kulturaren garaipenaren gakoa, gure gazteen heziketan datzala. Eta praktikan, lege honen ondorio tamalgarrienetarikoa, heziketa sisteman nabarituko dugu. «Sexu Osasunaren eta Ugalketaren Legeak», gurasoek euren seme-alaben heziketan dituzten eskubideak zanpatzen ditu, eskolan abortuaren aldeko eta «genero» ideologiak inposatzen dituelako (cfr. Art 5, 1, a).
Ezbairik gabe, «bizitzaren kausa» ezin dugu aldendu «heziketaren kausa» eta «familiaren kausa»rengandik. Ezinbestekoa da bizitza eta familiarenganako errespetu osoa dugunok (sinestun, ala ez), elkarlanean eta elkarlaguntzan aritzea, egiazko askatasunean oinarritutako heziketa osatzeko. Heziketa zintzoak ezin ditu inoiz kontrajarri askatasunaren eredua eta errugabeen bizitzarako eskubidea. Eta askatasuna azaleko lizentzia bihurtzen badugu, askatasuna bera zapuztuko dugu, eta bizitza ere bai.