GARA > Idatzia > Mundua

Armadari diktaduran zehar hilketak egitea agindu izana onartu du Videlak

p019_f01_148x108.jpg

GARA

Jorge Rafael Videla Argentinako diktadore ohiak atzo onartu zuenez, boterean egon zen bitartean (1976-1983) Armadako kideek egindako hilketen eta erabilitako errepresio neurrien «erantzukizuna» berea da. Hala, soldaduak berak emandako aginduak betetzera mugatu zirela azpimarratu zuen Videlak. «Barne gerratik eratorritako erantzukizuna nire gain hartzen dut. Izan ere, nire manupekoak neuk emandako aginduak betetzera mugatu ziren», azaldu zuen.

Hain zuzen ere, joan den ostiralean hasi zen Argentina erdialdeko Cordobako probintziako auzitegian diktaduran zehar izandako gizateriaren kontrako delituengatik egiten ari den Videlaren aurkako epaiketa. Prozesu berean beste 24 inputatu ere badaude; hilketak egitea eta tortura aplikatu izana egozten diete. 1976ko apirila eta urriaren artean Cordobako espetxean gertatutako 31 preso politikoren fusilamendua egozten diete; hau da, «Gontero kasua».

«Argentinako Armadak subertsiboen aurkako gerran egindako ekintzen erantzukizun osoa neurea dela berretsi eta nire gain hartzen dut», adierazi zuen Videlak atzoko ahozko ikustaldian. «Beti onartu izan ditut garai hartan eman nituen aginduak, orduan indarrean zegoen legeriak ematen zizkidan eskumenei jarraiki eman nituen aginduak», gaineratu zuen Videlak epailearen aurrean Argentinako komunikabideek jaso dutenez.

Bere erantzukizuna onartu bazuen ere, diktadore ohiak argi utzi zuen bere aurka egiten ari den epaiketa prozesua arbuiatzen duela. Izan ere, Videlaren ustez, Argentinako Armadak azken diktaduran zehar egindako krimen guztiak epaituta geratu ziren 1985ean junta militarraren aurka egindako epaiketarekin.

Historikotzat jotako 1985eko epaiketa hartan, biziarteko kartzela zigorra ezarri zioten Videlari bere agintaldian zehar milaka lagun desagerrarazi edota hil izana leporatuta. Bost urte beranduago, ordea, orduko presidente Carlos Menemek Videlaren indultua sinatu zuen. «Delitu berbera bi aldiz epaitzea ezinezkoa da,» aldarrikatu zuen atzokoan bere aurkako epaiketan diktadore ohiak.

«Gontero kasuko» beste inputatu nagusietako batek, Armadako Hirugarren Gorputzeko buruzagi ohi Luciano Benjamin Menendezek, aldiz, uko egin zion epailearen aurrean deklaratzeari. «Epaiketa hauek Konstituzioaren aurka doaz» esan ostean, auzitegi militar batek epaitua izateko eskubidea duela aldarrikatu zuen. «Epaimahai honek ez du ni epaitzeko zilegitasunik», esan zuen. Armadako jeneral ohiak soldaduen jarduna ere defendatu zuen, bere iritziz 1976an «aberriaren aurkako erasoaldia» hasi zuen «subertsio marxistari» erantzun baino ez ziotelako egin.

Videlaren indultua 2006an baliogabetu zuen epaile argentinar batek, eta erabaki hori joan den apirilean berretsi zuen Auzitegi Gorenak. Ordutik, 86 urteko diktadore ohia espetxean da.

2003tik 65 lagun prozesatu dituzte Argentinan gizateriaren aurkako delituengatik. Justiziako iturrien arabera, horietatik 53 kondenatu dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo