GARA > Idatzia > Euskal Herria

Itsasondoko meatzeetako ekintzaileak nekatuta baina pozik, helburua lortuta

Itsasondoko meategietan bost egunez itxialdia egin duten lau lagunak aske geratu ziren atzo goizaldean; «beldurra» eta «kezka» sentitu badute ere, pozik agertu ziren atzo. Meatzeak egoera txarrean daudela ohartarazi zuten eta hor dabiltzan langileak ere arriskuan direla.
p011_f0120284.jpg

Janire ARRONDO |

Lurpean pasa dituzten egunak «luzeak» eta «nekagarriak» izan badira ere, Abiadura Handiko Trenari aurre egiteko «borrokan segi beharra» dagoela aldarrikatu zuten atzo Itsasondon. Meatzeetan bost egunez itxialdia egin duten lau lagunen izenean hitz egin zuen Mikel Alvarez ekintzaileak prentsa aurrean eta berarekin ziren Haitzuloetako Aurkariak izeneko babes taldeko kideak ere. Une batzuetan «beldurra» eta «kezka» sentitu zituztela azaldu zuen, batez ere lehen egunetan, leherketak ez zirela eten ohartu zirenean. Hala ere, pozik agertu zen helburuak lortu dituztelako. Izan ere, Lakuak AHTren eraikitze lanak «normaltasunez» gauzatzen ari direla badio ere, ekintzaileak ohartarazi zuen Ordizia eta Itsasondo arteko tunelean, esaterako, obra-planean aurreikusitakoaren arabera, 14 hilabeteko atzerapenarekin ari direla. Atzerapen hori tunelaren Legorreta aldeko irteeran, baserritarrek desjabetzen aurrean erakutsitako erresistentziaren eta Itsasondoko Udalak AHTrekin ez kolaboratzeko hartutako jarreraren ondorio dela esan zuen.

Ekintza amaitu orduko, proiektu erraldoiaren aurka jarraitzeko asmo betea duela ere agerian utzi zuen atzo Alvarezek eta jendea horretara biltzea funtsezkoa dela esan zuen: «Meatzeko ekintza amaitu dugu, baina jendea animatu nahi dugu denon esku dauden desobedientzia eta erresistentzia ekintzetan parte hartzera».

Hain justu ere, atzo goizaldeko ordu biak inguruan gelditu ziren aske lau ekintzaileak, meatzeetatik ateratakoan hainbat ordu Beasaingo Ertzaintzaren komisarian eman ondoren. Aurretik, Beasaingo anbulatoriora eraman zituzten laurak, baina, hainbat arazo «arin» kenduta, osasun egoera onean daudela ziurtatu zuten.

Ertzaintzak euren kontra egindako akusazioak «neurrigabeak» dira, ekintzailearen ustez; «funtsik gabeko akusazioak dira», zioen. Zehazki, «erresistentzia eta desobedientzia larria eta desordena publikoa zein kalteak» eragitea leporatu die Poliziak. Ekintzaileak kontatu zuenez, komisarian adierazpenik egin nahi ote zuen eta bere eskubideak jakinarazi zizkioten tramite horretan, poliziari euren egoera zein zen galdetu zion. Agenteek Auzitegi Nazional espainolera bidali behar zituztela esan zioten eta atxilotuaren harriduraren aurrean honakoa gaineratu zuen: «Obrak 5 egunez geldiaraztea delitu larria da eta hau ANra doa». Bien bitartean, ostegunetik Lakuako Herrizaingo Sailak, ekintzari garrantzia kentzeko asmoz edo, behin eta berriz ukatu du meatze horietan inor egon zitekeenik. Are gehiago, astelehenean, ekintzaileak galerietara noiz sartu diren aztertzeko Ertzaintzak ikerketa egingo duela jakinarazi zuten.

«Langileak ere arriskuan»

Alvarezek Itsasondoko Malkorra mendi inguruko meatzeen egoera «larria» dela azaldu zuen, egunotan Urdaspal Alberdi ingeniariak, Ińaki Antiguedad hidrogeologoak eta Mikel Aramendi kazetari itsasondoarrak azaldu bezala. Meatzeak utzita daude, harkaitz handiak erorita eta urak hartuta asko. Obra proiektuan aitortzen denez, meatze horiek ez dituzte behar bezala aztertu eta ez dakite zer dagoen barruan. Meatzeen berezko ezegonkortasuna kontuan hartuz, horri leherketak gehitzea «erabateko arduragabekeria da», Alvarezen hitzetan.

Era berean, ekintzaileentzat ez ezik, AHTren tunela egiten dabiltzan langileentzat ere «gune arriskutsua» da inguru hori.

Luzaroan prestatutako ekintza izan da

Behin Itsasondoko meatzeetatik aterarazita, bost eguneko erresistentzia ekintza prestatzeko lanean luzaroan aritu zirela azaldu zuten atzo. Planaren nondik norakoak agertu zituzten. Barrura sartu ziren lau lagunetatik bi meazulo batean jarri ziren, lotu gabe. Gune lehorra izan arren, haitz erorketa ugari izaten diren lekua zen hori. Beste biek, aldiz, 200 metro barnera egin zuten. Obraren proiektua meatze horrek 80 metro inguru dituela jasotzen duen arren, 230 inguru behintzat baditu. Hala, AHTrentzat egingo duten tunelaren lerroaren gainean kokatu ziren ekintzaileak, zehazki 30 metro gainetik. Gune horretan hezetasun handia dagoela azaldu zuen Mikel Alvarezek eta horrek egonaldia zaildu zuen. Hasierako asmoa, polizia barrurago kokatu ziren bi ekintzaileak ateratzera sartzen zenean, aurrerago zeuden neskak euren gordelekutik atera eta bidoira lotzea zen. Lehen egunetan leherketak eten ez zirenez, eta Herrizaingo Saila «ezikusiarena egiten» zebilela-eta, ekintza luza zitekeela ohartu eta larunbatean babes taldekoek kokalekuaren berri eman zuten. Orduan, plana aldatu eta bi neskak gordelekutik atera eta desalojoan ertzainek aurkitu zituzten hormigoizko bidoira lotu ziren. «Orain ikerketa jarri dute martxan euren arduragabekeria zuritzeko», zioen Alvarezek. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo