GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Soldadu estatubatuarren segurtasunarentzat arrisku larria da Israelgo Gobernua

Barack Obamak Etxe Zurian hartu zuen atzo Benjamin Netanyahu. Bien arteko harremanak dezente tenkatu dira aspaldi honetan, itxura batean behinik behin. Martxoan zorrotz hartu zuen Obamak Netanyahu, Jerusalemen kolonoentzat 1.600 etxebizitza gehiago eraikiko zituela esan zuelako Israelgo Gobernuak. Ondorengo bilera ere bertan behera utzi zuten Israelek Gazarako bidean zihoan espedizio humanitarioa tiroz gelditu eta hamar bat lagun hil zituelako.

Atzoko bilerak, norbaiti mesede egiten badio, Netanyahuri da, nazioarteko presioa arintzeko erabiliko duelako. Zer lor dezake, ordea, Obamak? Asentamenduak egiten jarraitzen duen bitartean, Netanyahuk honakoa adierazten du: palestinarrekin serio negoziatzeko batere asmorik ez du. Obamak badaki hori, baina ez dakigu zerk kezkatzen duen. Palestinarren geroa al da? Ala bere soldaduen segurtasuna? Israel arrisku bilakatu da soldadu estatubatuarren segurtasunarentzat, eskualdean (baita Iraken eta Afganistanen ere) ez baita bakerik izango Palestinaren okupazioa amaitu arte. Baina hori ekiditeko bide bakarra Israeli bere obligazioak betearaztea da. Obamak ez du oraindik hori egin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo