GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lasarte-Oriako alkateak Sanmarkoko lehendakaria kargugabetu nahi du

Ricardo Ortega Ezker Batuko zinegotziak Udalean duen kargua eta mankomunitateko lehendakaritza utzi beharko ditu. Bere ustez, hirigintza operazio baten aurka egoteagatik kendu nahi dute kargutik.

p013_f02.jpg

Nagore BELASTEGI | LASARTE-ORIA

Ezker Batuak salatu duenez, Jesus Maria Zaballos Lasarte-Oriako alkateak (PSE) xantaia egin dio Ricardo Ortega zinegotziari, eta, ondorioz, Sanmarkoko Mankomunitateko lehendakaritza utzi beharrean izango da. Erabakiaren berri joan den astelehenean izan zuten.

Antton Karrera Ezker Batuko Gipuzkoako koordinatzaileak, Ubaldo Ortiz idazkari instituzionalak eta Ricardo Ortega zinegotziak aurreratu zutenez, azken honen kargugabetzearen berri bihar emango dute ziurrenik. PSEko Martin Moreno zinegotzia izango da bere ordezkoa. Aurrerantzean ere ANV eta Ezker Batua alderdiek gehiengoa izaten jarraituko dute Mankomunitatean; aldiz, presio handiagoa izango dute erraustegiaren ordez atez atekoaren alde egiteko. Ortizek azpimarratu zuenez, PSEri zinegotzi bakar bat falta zaio gehiengo absolutua lortzeko eta Ortegaren botoa behar du zenbait ekimen aurrera ateratzeko.

Ortegak azaldu zuenez, sustatzaile pribatu batek eraikigarria ez den zoruan hotel bat eraiki ahal izateko arau subsidiarioak aldatu nahi zituzten, eta, berak ezezkoa eman zuenez, Udaletik bota nahi dute. Erraustegiaren kontra duen jarrerak erabakian zerikusia duela ere uste du.

Ezker Batuko zinegotziak atzo argi utzi zuenez, ez du inolaz ere alkatearen xantaia onartuko bere postua mantentzeko. Ezker Batuak PSE-EErekin zuen hitzarmena orain dela hainbat hilabete geratu zen bertan behera hondakinen bilketaren inguruan sortutako tirabiren ondorioz; ordutik, horrelako zerbait gertatzea espero zuela onartu du Ortegak.

Debagoiena

Antton Karrerak atzo adierazi zuenez, argi gelditu da milioika euro balio dituen erraustegia eraikitzea ez dela beharrezkoa hondakinen arazoa konpontzeko. Horren ordez, atez ateko gaikako bilketa sistema ezartzea hobea dela uste du, merkeagoa eta ekologikoagoa baita.

Sanmarkoko Mankomunitatea izan da Gipuzkoan atez ateko bilketa aplikatzen aitzindaria, baina laster Debagoienako udalerriek ere egingo dute. Izan ere, bertako mankomunitateak aho batez erabaki du eskualdeko zortzi herrietan gaikako bilketa ezartzea.

Orain, eskualdeko udalek erabaki beharko dute sistema berria ezarri nahi duten edo ez. Atez ateko bilketa ezarriko duen lehen herria Antzuola izango da. Ondoren, epeka, gainontzeko herriatara zabaltzen joango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo