GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

BARRUTIK

Gora San Fermin!

Amets TXURRUKA | Txirrindularia

Iruñerrian jai giroan zaudeten denok gogoan, gaurko zutabetxorako inspirazioa zeuek ekarri didazue! Zezenak dira aste honetan zehar Iruñerriko protagonista nagusiak eta gurean ere badira zezen handi askoak! Tropela aztertzen hasita, ia ehun erraldeko Miura zezen indartsuen aldamenean dabilen bigantxa txiki jaio berri bat sentitzen naiz, indarrak ahitu artean salto eta «iputika»-ka irauten dudana; aldiz, indarra falta beste horiek bezain adarkada sendoak emateko.

Aitzin etapan 83 kiloko zezenkote suitzarrak (edo Markelek izendatu bezala «basajaunak») eman zigun lehen adarkada. Bigarren etapan, kaleak irristakor izanik, zezen taldea arrastaka ibili zen; zorionez, bigantxa ttipia aurretik zen eta tente mantentzeko gai izan nintzen. Taldea erabat sakabanatu zela ikusita, eta Iruñean sarri gertatu ohi den bezala, zezen plazara iristeko arazoak zeudela ikusirik, «mantsoak» iritsi arte itxaron eta denok alkarrekin helmugaratu ginen.

Hirugarren etapan, Estafeta kalearekin genuen hitzordua. Harbide arriskutsuaren beldur ginen pisu eta indar gutxiko bigantxatxoak. Zezen indartsuek, aldiz, bezperako zauriekin moteldu beharrean, amorrazioz beteta ekin diote egunari. Eta, espero bezala, ospitalean amaitu dut. Ezer larririk ez, baina...

Kiroltasunaren muga non dagoen, tropeleko arau ez idatziak noiz errespetatu behar diren, noiz jarraitu behar den lasterketaren lehiarekin, ikuskizunaren eta kirolarien segurtasunaren erlazioa nork ezarri behar duen, itzuli handi hauetan horrelako etapek egon behar luketen... Zalantza ugari sortu dira azken egunotako egoerak bizi ondoren.

Berez, ados nago honelako erorketa izugarrien ondoren, kiroltasunez, erritmoa moteldu eta egoera «normal» batera iritsi artean atzekoei itxarotearekin. Nire kasuan, tartetxo batekin ihes eginda nintzen erorikoa gertatu aurretik. Geratu beharra al nuen? Beste talde batzuk aurrean eta gu atzean bagina, zer gertatuko zen?

Harbidez betetako etapa morboso honetan, Miura indartsuek aurrera egin dute; erorikoen ondorioz, bezperako kolpeek eragindako minagatik edo bigantxa arinak izateagatik harbideetan izandako zailtasunak direla medio atzean geratutakoei denbora tarte ederra sartu digute, errukirik eta kiroltasun keinurik gabe. Galdera asko sortzen zaizkit, batzuk hausnarketa sakona eskatzen dutenak. Aldiz, bakoitzaren esku uzten dut erantzuna aurkitzea. Bien bitartean, gora San Fermin!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo