Ariane Kamio Kazetaria
Labezomorroaren atzetik
Harmonia. Sotila, elegantea. Bakoitzaren ahotan potolo, lodi, bare eta baikor antzematen da. Lerro jarraikor eta lau baten gisan ikusten dut; etenik gabea, luzea, amaiezina dela esango nuke. Fina, meharra, xehea eta gorena, aldi berean. Harmonia, azken batean, harmonia besterik ez da.
Trenbide sare baten erdian irudikatu dut egoera. Ezker-eskuin, aurrealde eta atzealde, erpin guztietarantz abiarazten diren hamaika norabide agertu dira. Ezezagunak denak, zaila da lehen begiratuan erabaki bat hartzea, ihesbiderik gabeko hamaika norabidetako sare hark erakusten dituen aukerak baino ez baititu eskaintzen. Buruari bira eman eta atzera begiratuta egoera berbera errepikatzen da; hamaika norabidetara zabaltzen diren trenbideak, paisaia idor baten erdian eraikitakoak. Minutuak, orduak, egunak, asteak, hilabeteak eta urteak pasa daitezke sare horren erdi-erdian trabatuta. Eskuineko hanka bideetako baten gainean jarri, baina atzera bueltan da berriro; temati, oraindik ez da momentua iritsi. Eta minutu, ordu, egun, aste, hilabete eta urte gehiago igaroko dira; segundoak pasa eta pasa, eta erdi-erdian oraindik.
Trenbideetako bat amildegian behera erori da; hutsa ageri da erpinetako batean, hura ere amaigabea, infernuko zuloaren lehenengo ahoa izango balitz bezala. Haren atzetik beste bat erori da, eta ondoren bestea, baita hurrengoa ere... Zutik bide bakarra geratu da, eta hark ematen du amildegiaren erditik ateratzeko aukera bakarra.
Lurrean eserita, labezomorro beltz batek lehen pausoak eman ditu trenbidean aurrera. Ibilaldi geldoa izango da baina, minutu batzuen bueltan, ez da une batez ere geratu. Hura ere badoa, trenbidearen amaiera bilatzera-edo. Eta bukaeran zer aurkituko? Askatasuna, ongizatea, betiko bizitza, monotonia, zoriontasuna, herioa, madarikazioa...? Nork daki.
Bizitzan, beti bada nondik nora ibilia, eta nondik jarraitua. Nik, labezomorroaren atzetik jarraituko dut, harmoniaren gaineko lerro zuzenean doala aitortu baitit. Esperantza ez da oraindik amildegian behera erori. Zergatik ez aurrera jarraitu? Behar duten horientzat, animo, bizitzak merezi du-eta.