GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Leire Txakartegi ELA sindikatuko Osasun arloko arduraduna

Eraso politiko bati emandako erantzun sindikala

ELAk eta LABek iragarri dutenean Osalango parte hartzea eten egin dutela, Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak erantzun die esanez sindikatuok erabakia «arrazoi politiko hutsek mugituta» hartu dutela.

Halaxe da, Mendia anderea, gure erabakia politikoa da. Osalani buruz Jaurlaritzak hartutako erabaki politikoei eman diogun erantzun sindikala.

Eusko Jaurlaritzak baztertu egin du lan-osasuneko benetako politikarik egiteko aukera. Horren adierazgarri, Osalaneko aurrekontuari 2010ean egingo dion murrizketa: %43 aurreko urtearekiko (pertsonal gastuak alde batera utzita). Murrizketa eskandaluzkoa da, aurrekontua berez barregarria baitzen, BPGaren %0,02ra ere ez baitzen iristen. Mendia bozeramaileak esan duenez, «2010erako aurrekontua murriztu denik gezurra da; 20,6 milioitan dago oraindik». Haatik, ez du esan Jaurlaritzak, murrizketa beharraren aitzakiaz, ez duela eman zenbateko horren zati handi bat gastatzeko baimenik (4 milioitik gora). Erabiliko ez den kopurua murrizketa da, eta aurreko urtearekiko %43 gutxiago izango da, besterik gabe.

Jaurlaritzak nahi du EAE espainiar Estatuko beste edozein autonomi-erkidegoren gisakoa izatea, baita lan-segurtasun eta osasunari dagokionez ere, eta beste esparru batzuk bezala Osalan estrategia honen mesedetan ipini du. Hartutako erabakiekin autogobernuan atzerakada eragin du, eta dituen eskumenak ez ditu aintzat hartu.

Hain zuzen, Gasteizko Gobernuak dirua eskatu dio Estatuko Fundación Laboral de Prevención de Riesgos Laborales izeneko erakundeari. Diru hori publikoa da, eta kotizazio sozialetatik dator. ELAk gai honetan daukan irizpidea orain arte Osalango Kontseilu Nagusiak eta Jaurlaritzak berak ere defenditzen zuten: funts horiek zuzenean jarri behar dira EAEren esku, Fundazio hartako leihatilara jo behar izan gabe. Diru publiko hau onartzearekin banaketa eredu bat jarriko da martxan, patronala eta Estatu mailako sindikatuak finantzatzeko erabiliko den eredua.

Atzerakada politiko berbera adierazten du Osalanek Fundación Laboral de la Construcción-ekin sinatu duen lankidetza-hitzarmenak; beronen bidez EAEko eraikuntzako langileek Estatuan ematen den prestakuntza berdina jasoko dute, estatu mailako fundazio pribatu baten esanetara.

Halere, badakigu Espainiako ereduak porrot egin duela, eta lehentasuna ematen diola gizarte-eragileak finantzatzeari, lan-osasuna bigarren mailan geratzen delarik. Eusko Jaurlaritzak eredu hau inposatu nahi du, Osalan edukiz hustu eta «elkarrizketa soziala» izen gezurtia daraman horren zerbitzutara jarri. Elkarrizketa mahai horretan gutxiengo sindikalarekin itxitako akordio hutsalak Osalanera eramaten dituzte, honek finantza ditzan; hauxe egin dute Lotu kanpainarekin.

Ez da harritzekoa EAEko gutxiengo sindikala (CCOO eta UGT) hartutako erabaki politiko guztiekin bat etortzea. Ez baitira alferrik «Osalan berri» horren onuradun nagusi izango, patronalarekin batera. Zertan da berria? Hemendik aurrera Osalan sistema honetan parte hartzen duten eragileak finantzatzeko izango da, eta politikoki Estatuari asimilatuta egongo da.

Beraz, Osalanen azken hiletako ibilbidea Jaurlaritzak asmatu eta kalkulatutako estrategia politiko baten ondorio da. Oldar honi erantzun sindikala ematea beste aukerarik ez digute utzi. ELA prest dago organoetan parte hartzeko eta eztabaida egiteko, baina horretarako behar bezalako baldintzak daudenean eta aurrera egiteko balio badu; aitzitik, honelako fartsarik ez dugu legitimatuko. Horregatik guztiagatik, Kontseilu Nagusian parte hartzea eten egin dugu, harik eta gure partaidetza baliagarri izango dela bermatzen den arte.

ELAk eutsi egingo dio enpresa eta sektoreetan lan-baldintza duin eta osasungarriak lortzeko borrokari. Eta orain arte bezala aldarrikatuko du lan-osasun eta segurtasun kontuan politika publikoak errotik alda daitezela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo