GARA > Idatzia > Ekonomia

Busturialdeko herritarrek jakin badakite beren bidea hasi baino ez dela egin

Hainbat astetan prestakizunetan aritu, leku guztietatik atxikimenduak bildu eta hedabideetan ekimenaren berri emateko ahaleginak egin ostean, iragan astean Busturialdearen Aldeko Eguna ospatu zuten Axpen. Eta hitzorduak argi erakutsi zuen etorkizuna izan baduela eskualde eder horrek, nahiz eta batzuk haren kontura beraiena hobetu nahi duten.

p026_f01.jpg

Iker BIZKARGUENAGA

Lan eskerga egin dute azken hilabeteotan Busturialdeko auzokideek, eta denbora honetan guztian sarritan ikusi dute beraien eskualdea hedabideetan. Eta ez beraiek nahiko lituzketen arrazoiengatik. Urdaibairen kontura, hainbat politikarik eta administraziok sona handiagoa eskuratu nahi izan dute; hain zuzen, urtetan eta urtetan eskualdea bazter batean utzita izan duten politikari eta instituzio berdinek. Izan ere, Axpeko zelaietan nabarmendu zuten modura, «eskualdearen krisia ez da gaurkoa».

Herritarrek ez dute ahazten orain Guggenheim berriaren proiektua edo Muxikako industrialdea bezalako egitasmoak mahai gainean jarri dituzten horiek «agintea eta eskumenak» izan dituztela azken hamarkadetan, eta, irizten diote beren eskaintza berri horiek «eustezinak» direla, «espekulazioan oinarritzen direlako eta bertako plan estrategikoaren kontra doazelako». Agintari horiei leporatzen diete ere Biosfera Erreserba izendapenak ekarri zituen aukerak galtzen uztea, «azpijokoz eta sator-lana eginez», eta, beraz, ez dutela aprobetxatu garapen iraunkorreko jarduera ekonomikoak sustatzeko. «Busturialdeko herritarrok ezin dugu inolaz ere onartu euren jolas gune bilakatzea; nekatuta gaude, gogaituta gaude alderdi politiko batzuen artean txanpon truke izatearekin», nabarmendu zuten Axpen Lan eta Bizi plataformako kideek.

«Hau hasi baino ez da egin»

Egutegian gorriz markatutako U-4 hura igarota, arnasa hartu eta egindakoaz hausnartzeko parada har dezakete dagoeneko plataforman buru-belarri ibili direnek, baita Busturialdeko auzokide guztiek ere. Egindakoa baloratu eta egiteko dagoena neurtzeko unea da hauxe. Izan ere, aipatzen duten legez, «hau hasi baino ez da egin».

Azken hilabeteak aztertuta, hiru gauza nabarmendu dituzte. Lehena, «dirua badagoela». Horixe ondorioztatu dute Aldundiak eta Lakuak, bakoitzak bere aldetik, bakoitzak bere planarekin, eskualdean gastatzeko ehunka milioi dituztela aditzera eman ostean.

Argi geratu zaien bigarren gauza da eskualdean bizi eta lan egiten dutenei «hitza lapurtu digutela». «Jose Luis Bilbaok edo Patxi Lopezek, Custer jenerala edo Hernan Cortes konkistatzailea izango balira bezala, ez dute erreserbako indioekin hitz egin nahi», deitoratzen dute herri ekimeneko kideek. Gogora ekarri dutenez, behin baino gehiagotan, azkenekoz iragan martxoaren 29an, Busturialdearen egoeraz «lasai berba egiteko» gutun bana bidali diete, baina oraindik ez dute inolako erantzunik jaso. Itxaropenerako tartea irekitzen duen hirugarren ondorio bat ere atera dute. Izan ere, bizitako esperientziak erakutsi die «geroz eta gehiago» direla Lan eta Bizi plataformak egiten duen lanarekin identifikatzen diren herritarrak. Plataformak bere ibilbidea abiatu zuenetik, sindikatu, herri eragile, indar politiko eta norbanako ugarik egin dute bat Urdaibai eta Busturialdearen berpizte ekonomikoa eta soziala bultzatzeko exijentziarekin. Zalantzarik ez dute, «gehiengo soziala osatzen dugu, gehiengo askotarikoa, jakina».

Gainera, administrazioek duela urte batzuk beraiek egin zuten diagnostikoa onartu behar izatea eragin dute, ezin dutelarik ukatu eskualdeak «krisi sakona» bizi duela, eta, beraz, ezinbestekoa dela egoerari aurre egitea «galdu diren lanpostuak berreskuratu eta sektore gehienen gainbehera geldiarazteko».

Indartsu ikusten dute beraien burua, eta iragarri dute ozen aldarrikatuko dutela Busturialdeko etorkizuna eztabaidatzen den toki guztietan hitza izatea, eta hitz hori entzun dadila. «Busturialdean bizi garenok kontuan hartu barik ez da posible izango inolako garapen iraunkorrik», abisatzen dute, eta hauxe ere iragartzen dute: «Ez dugu inposiziorik onartuko, ez Guggenheim museoarekin ez eta Muxikako industrialdearekin ere».

Eskualdeko plan estrategikoa zertan den erakusten duten zortzi panel ikusgai

Axpeko hitzorduan, antolatzaileek zortzi panel jarri zituzten, bertan ikus zedin Urdaibaiko Legearen eta eskualderako plan estrategikoaren helburuak zeintzuk diren eta bete diren edo ez. Biosfera Erreserbako Patronatuaren organigrama eta beste zenbait datu interesgarri ere ikusgai egon ziren panel horietan.

Horrela, besteren artean, gogora ekarri zuten 1984an Unescok Biosfera Erreserba izendatu zuela Urdaibai, eta Urdaibaiko Legeak Jarduera Sozioekonomikoen Egokitzapen eta Garapenerako Egitaraua burutzea agintzen duela. 1998ko irailaren 29an Urdaibaiko Erreserba Biosferaren Tokiko 21 Agenda dekretu bidez onartu zela oroitu zuten, hain zuzen, eskualdeko garapen sozioekonomiko iraunkorra lortzeko xedea eta bost arlo estrategiko zituen egitasmoa: Nekazaritza eta Arrantza, Industria, Turismoa, Irisgarritasuna eta Koordinazioa. Paneletan aipatzen zenez, orain arte ez da ia ezer egin jarritako helburuak betetzeko. I.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo