Julen MURGOITIO
Danba! eta Tarrat!
Aitortu behar dut, I need it, bai, I need zer demontre hori, Spa...i..., ezina zait osorik idaztea, nire atzamarrek berezko planto egin dute teklen aurrean, teklek beraiek ere berdin, nire buruaren informazio-piketeren beharrik gabe. Planto! Bai, atzamarretan hamarrek egin dute planto, aho batez hartutako momentuko erabaki landuan: hatz luzea, hatz erakuslea, hatz txikia, hatz lodia, eta zer esanik ez! hatz nagia bera ere, denak bat, ezkerrekoan bezala eskuineko eskuan ere, planto! Batek daki zer gertatuko zitekeen hatzen artean bat Aralarrekoa izan balitz! Auskalo! Tira, harira! I need it astebete jan eta jan eta barrua hustu gabe pasatu eta gero. Hain da libragarria! Eta errezetarik gabea! Kopagoa bera ere ez! Une batez burua horretan zentratu eta danba! agur! see you! hortxe doa barrukoa isurian kloaketan barrena. Gusturako isuria. Klimax aldaketa edo.
Tira! Non nengoen ni... bai, hango auzitegi zer haren azkeneko auziaz nengoen, epaiaz jantzita baina auzia azken batez. Kolpea gero auzitegi auzizale zer horrena! Hara non dioen Pirinioen bazterretako herritarrak espainiar generoaren espezieak baino ez garela! Ama, ama! Azkenean non ez duten esango ETAren indarkeria genero-biolentzia izan dela! Hamaika irakurtzeko gara! Eboluzioaren bidean batzuek lehenengo ordainlekuaren barreran gelditu diren seinale. Spa...i... horren disolbaezina gogoratu du berriz ere, berriro ere. Denontzako kafearen promesa egin zutenean jakin bagenekien Pirinioetan plater bazterrean zen azukre koskor hura ez zela kafe-ordezko hartan disolbatuko. Disolbaezina diote! Bai zera! Gauza bera esaten zuten Atapuercako konstituziozaleek inguruko karaitzez, euren epaitegia kobazulo batean zutela konturatzera iritsi gabe. Portzierto, Atapuercako indus-lanek hangoek atez atekoa burutzen zutela frogatu omen dute berrikitan. Iraultzaren ataria izan zitekeen hura.
Tira, mundua aldatzen dagoela esateko motiborik bada, sanferminetan ere. Horra, lehen toreroak baziren zezenaren belarria mozten zutenak orain zezenak hasi dira toreroaren belarria mozten. Eta dena plaza berean. Iraultza gero! Nork-zeri-zer lehen, zerk-nori-zer orain. Interesantea, bada. Eta entzierroetan zezenek korrikalarien larrua urratzen bazuten ere orain Pirinioen bazterretako herritarrak hasi dira beheko zezenaren larrua urratzen. Tarrat! Urrunean jantzien urradura eta hortzen krakada...