GARA > Idatzia > Kirolak> Tour

Adierazpenak

Garate: «Aurrera egiteko esan dit Menchovek»

Euskalteleko Samuel Sanchezen ustez, «inork ez ditu bere kartak erakutsi».

p041_f04_097x068.jpg

GARA | DONOSTIA

Euskaldun guztion oroitzapenean dago oraindik Juanma Garatek iaz Mont Ventouxen egindako balentria. Bada, atzokoan ere irundarra ez zen Rousseseko eski-estazioko helmugan garaipen itzela lortzetik urruti izan. Rabobankeko txirrindulariak honela azaldu zuen etapako azken kilometroetan gertatutakoa: «Indarrak gordetzen ibili naiz kolpea emateko. Denisi (Menchovi) galdetu diot eta berak aurrera egiteko erantzun dit. Hala ere, Chavanel zein ondo zihoan ikusi dudanean, ezinezkoa zela konturatu naiz. Oso indartsu dagoela erakutsi du. Zorionak eman behar zaizkio».

Halaber, jardunaldian egindako beroak txirrindulariengan ondorioak izan zituela azpimarratu zuen Garatek. Izan ere, «portu bakoitzean jendea atzean gelditzen zen. Beroaren eraginez izan da; jendea oso jota zegoen».

Ruben Perez protagonista izan zen berriz ere atzokoan. Ostiralean ihesaldi batean parte hartu ostean, atzokoan ere gauza bera egin zuen. «Atzoko [ostiraleko etapagatik] esfortzuaren ondoren ere ihesaldian sartu naiz berriro. Azkenerako aurreko jardunaldiko nekea nabaritu dut. Hala gertatu da, baina behin ihesaldian sartuta, ez zara ba geldituko. Garaipena lortzeko aukera izatea zaila zela banekien, baina saiatu behintzat saiatu gara», adierazi zuen Euskaltelekoak.

Talde bereko liderrak, Samuel Sanchezek, honakoa adierazi zuen: «Bouyguesek erritmo bizia ipini du etaparen amaieran, eta nabaritu egin da. Hala ere, inork ez ditu bere kartak erakutsi. Biharkoa [gaurkoagatik] konplikatuagoa da. Hala ere, ezustekorik ezean, inor ez da lasterketatik at geratuko».

Albisterik txarrena Juanjo Orozek eman zuen. Span amaitu zen etapan erori egin zen eta ordutik minarekin ibili da. Atzo ez zuen abiatzerik ere izan. «Ezin nuen gehiago. Nire belaunak ezin zuen gehiago. Albiste txarra da, baina ahal dudan azkarren eta ondoen sendatzen ahaleginduko naiz», adierazi zuen txirrindulari nafarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo