Zikoinaren joan-etorriak
Amets TXURRUKA | Txirrindularia
Inori ez zaigu arrotz egingo, zikoinak Parisetik umeak ekartzen ditueneko kontua, ala? Kontu horretan oinarrituta dator gaurko zutabea. Nire zutabekide Markelek, aurreko denboraldiaren hasieran, Australiatik bueltan zetorrela hegazkinak egindako eskala baliatu zuen Eifell dorrera osteratxo bat egin eta zikoinari enkargutxo bat eskatzeko. Handik denboratxo batera, Arrasatek herrikide berri bat zuen: Aimar ttipia jaio berri zen.
Entrenamenduetan laguntzen dion Iban Velaskok ere, gustura entzun zuen kontu hori. Hala, zikoinaren ibilbideari ekin zion, hori bai, kontrako noranzkoan: Arrasatetik Parisera. Ibilbide luzeari ilusioz gainezka ekin zion; bere bizitzako amets bi betetzeko bidean zen. Batetik, txirrindulari ororen ametsa betez, lehendabiziko aldiz Tour handiko historian sartzear zegoen. Bestetik, aldiz, Tour horren bukaeran, Parisetik Arrasatera zikoinari bidea erakutsiz etortzekoa zen; bertan itxaron asmo zuen zikoinatxoak alabatxoa noiz ekarriko. Zenbakiekin eta zientziekin beti ongi moldatu izan den mutila dugu Iban, eta oraingoan ere zenbakiak alde zituen: Tourretik etorri, atseden hartu eta laster iritsiko zen Nora. Hala ere, beste behin ere, naturak zientzia eta matematika zehatzen menpe ez dagoela erakutsi digu: zikoinak aurrea hartu dio, eta berarentzako albiste gazi-gozoa den arren, gaur goizean gustura jaso dut mezua: «Nora jaio da, hilabeteko aurrerapenarekin baina ondo, 2,190 kilorekin».
Zutabe hau bukatu eta bidaltzeko prest nengoela, telefono mugikorrak mezu bat jaso izanaren soinua egin du beste behin ere: «Hor zehar dabil Urtasunberri bat. Egoi izena dut eta 4,200 kg eta 54,5 zm. Ikusten duzue gurasoak bezala jatun ona naizela». Hau bai hau kasualitatea!!! Pozten naiz, bene-benetan! Zorionak eta ongi etorri Egoi eta Nora!
Etapari dagokionez, ikaragarria! Beti miretsi izan dut Sylvain Chavanel. Eredutzat izan dut aspalditik bere lehiatzeko modua. Hainbat lan eta borrokaren ondoren, azkenean merezi zuena eman dio denborak, nahiz eta bide erraza izan ez duen lesio eta abarrekin. Oso ondo Valls eta Juanma ere. Etxeko sofatik lasterketaz gozatzeko aukera eman didazue. Hori bai, sufritu ere egin dut, bertatik bertara bizi ezinagatik.
Bukatzeko, egunaren zaporeak gazi-gozoa izaten jarraitzen duela ezin ahaztu. Horregatik, gogoan izan nahi dut nire bide berbera hartu behar izan duen Juanjo Oroz ere. Egun zailak pasa ditu eta etxera etorri ondorengoak ere ez ditugu errazagoak, baina tira, etorriko zaizkiguk garai hobeak Balú!