GARA > Idatzia > Kirolak> Arrauna

TKE liga

Urdaibaik zeresana eman nahi du

Bermeotarrek aurreneko garaipena lortu dute egundoko estropada eginda; Pasai Donibane, bikain, bigarren izan da 4 segundora.

Ander GARTZIA

Hiru estropada besterik ez ditu behar izan Urdaibaik mamu guztiak uxatzeko. Izan ere, atzo Kantabriako uretan emandako erakustaldia da Jose Manuel Francisco buru duen proiektu berriaren bermerik behinena. Denboraldia hasi aurretik guztion ahotan izan diren kupoak tarteko, bermeotarren helburuen artean txapelketak eta Kontxako Bandera zeuden letra larriz markatuta. Bistakoa da, baina, «Bou Bizkaia» ontziaren tostetan orain arte ezkutatuta izan den otsoak letagin zorrotzak dituela eta bizkaitarrek ez diotela inolaz ere muzin egingo TKE liga lehiatzeari.

Kupoek traineruaren mailan duten eraginaz haratago, Urdaibaik ontzi indartsua du, esperientzia askokoa. Gainera, bistan da izen handiko fitxaketak traineruko tostetan finkatzen joaten diren ahala -batik bat Astillero aldetik etorritako gizonak-, bermeotarrak garaipenak pilatzeko hautagai garbiak izango direla. Eta ez Kontxan bakarrik. Atzo Zulaika, Millares, Viadero, Polo, Zabala, Portularrume, Colunga, Viudez, Pazos, Astelarra, Azkue, Rua eta Montenegro aritu ziren Asier Aregoren gidaritzapean.

Bermeotarrak aurreneko txanpatik bertatik atera ziren tarteak zabaltzeko asmoz; hala, berehala lortu zuten estropadaren burua Pasai Donibanerekin batera. Ezberdintasun handiak izan ohi dira Santanderko badiako kaleen artean, baina, atzokoan, kolore guztietako borroka eta garaipenak izan ziren. Azken txandan, begirada guztiak aurreko asteburuan jaun eta jabe izan zen Orioko «Mirotza» traineruan jarrita zeuden bitartean, ikaragarria izan zen bermeotarrek eta pasaitarrek, brankaz branka, eskaini zuten lehia. Hirugarren eta azken ziabogara arte Pasai Donibanek oso-osorik mantendu zituen garaipenerako aukerak eta egundoko estropada eginda meritu handiko bigarren postuan sailkatzea erdietsi zuen. Gipuzkoarra gorantz doan taldea da eta ikusi beharko da atzo bezalako beste aukera batekin topo egiten duen. Oriotarrak, berriz, ez ziren aurreko bi estropadetako mailan aritu; hala, zailtasun handiak izan zituzten aurrekoen erritmoa eusteko. Horrenbestez, Joxean Olaskoagaren gizonek, ahalik eta puntu gehien pilatzeko xedez, Castro izan zuten aurkari; azken unean kantabriarrak gainditu bazituzten ere, seigarren besterik ez ziren ziren izan helmugan.

Borroka gogorrak

Lehia ikusgarria izan zuten bi euskal taldeen atzetik etxean aritu zen Pedreñak eta Astillerok, eta beraiek izan ziren sailkapen nagusiko aurreneko postuak eskuratu zituztenak. Kantabriarrek -Santanderko badiako bizilagunak biak- maila bikaina eman zuten, eta bigarren txandan uneoro haize zakarra bide lagun izan zutela kontuan izanik, estropada borobila egin zutela esan daiteke. «San Juan XIV.a» ontziak egunetik egunera gorantz doala erakutsi zuen bitartean, Pedreñak behin ohorezko txandan sartuta zer-nolako maila ematen duen ikusi beharko da. San Pedro, ostera, ez zen aurreko igandeko balentria errepikatzeko gai izan, eta, Hondarribiarekin lehia estu izan eta gero, hamargarren izan zen. Lehen txandan, Kaiku izan zen azkarrena. Zumaia eta Zarautz, aldiz, azken postuetan sailkatu ziren berriz ere.

Portugaletek hartuko du TKE ligaren lekukoa gaurkoan. Hain zuzen ere, 12.00etatik aurrera (ETB-1) jokatuko da denboraldiko laugarren estropada. Ohorezko txandan Orio, Urdaibai, Pasai Donibane eta Pedreña arituko dira nor baino nor.

Pedreñako Marina de Cudeyo bandera

Gipuzkoako selekzioa izan da azkarrena Euskotren ligako aurreneko estropadan

Denboraldiko aurreneko estropadan Getaria-Tolosa ontziari egokitu zitzaion Gipuzkoako selekzioaren ordezkaritza eta Olatz Aldalur patroiaren gidaritzapean aritutako emakumeek ezin hobeto ekin zioten II. Euskotren Liga Txapelketari. Gipuzkoako selekzioko arraunlariak ederki aritu ziren arraunean eta aurreneko txanpatik bertatik hartu zituzten mendean faborito ziren galiziarrak. Kantabriako uretan jokatutako estropadan gogotik jo zuen haizeak, batik bat bueltako luzean; aldiz, gipuzkoarrek garbi erakutsi zuten indar handia dagoela beraien traineruko tostetan. Galiziarrek ziabogara bitarte eutsi zuten, baina itzuleran amore eman behar izan zuten iazko txapeldunek.

Bizkaiko ontzia, berriz, fin aritu zen aurreneko luzean eta uneoro izan zen kantabriarren aurretik, tarte zabalarekin gainera. Gaur, 11.35etik aurrera, bigarren estropada jokatuko da Portugaleten. A. G

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo