GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Edozer itzultzerakoan mila zentzu topatu ditzakezu»

p020_f01.jpg

GARA |

ELENA GARCIA
ELEKA Ingeniaritza linguistikoa enpresako teknikaria

«Itzulpengintzako teknologia laguntzaileak: joera berriak» goiburudun ikastaroan gidari lanetan aritu zen atzo Eibarko Markeskoa Jauregian Elena Garcia. ELEKAko teknikaria izateaz gain, hizkuntza teknologietan aditua ere bada teknikari nafarra. Gipuzkoako udalerria agurtuta, astelehenetik aurrera Udako Euskal Unibertsitateko ikastaroak Nafarroako hiriburuan izango dira.

Gutxi dira paperezko hiztegia alboan eta axota eskuan hartuta testu bat itzultzeari ekiten diotenak. Izan ere, teknologia berriek itzulpengintzan lan egiteko modua guztiz aldatu dute. Tresna berri horiek ezagutzen eta probatzen eman zuten atzo eguna UEUko udako ikastaroen baitan antolatutako «Itzulpengintzako teknologia laguntzaileak: joera berriak» ikastaroan.

Bide horretan, Elena Garcia ELEKA Ingeniaritza Linguistikoa enpresako teknikaria eta hizkuntza teknologietan aditua izan zuten atzo gidari. Astelehenean, Eibar atzean utzita, Iruñera iritsiko dira Udako Euskal Unibertsitateko ikastaroak.

Zer landu duzue ikastaro honetan?

Itzulpengintzan laguntzeko zein joera eta teknologia berri dauden ezagutzea izan da xedea. Ikastaro praktikoa izan da; teknologiak direnez eta gerora erabiltzeko moduko gauzak izango direnez, norberak probatzea hobe. Aipatzen diren tresnak zer diren eta zein emaitza ematen dituzten ere ikusi dugu, beraz.

Zein ikasle mota gerturatu da ikastaro honetara?

Guztiak itzultzaileak edo itzulpengintzaren alorrean lanean ari direnak dira. Filologoak, horietako asko.

Egungo itzultzailea, teknologiaren ezagutzarik gabe, galduta al dago?

Bada oraindik ere betiko moduan lan egiten jarraitzen duenik; paperezko hiztegia alboan eta itzulpenak eskuz egiten dituztenak.

Baina gutxiengoa dira, jendea geroz eta gehiago ari da ohartzen programa informatikoek laguntza handia ematen dutela. Lana errazago eta azkarrago egin daitekeela ikusten dutenez, teknologia berrietara jauzi egiten ari da jendea.

Zein baliabide daude itzulpengintzan?

Tira, ikastaroan, hain zuzen ere, merkatuan baliabideen inguruan zein joera ematen ari diren aztertu dugu, besteren artean. Garai batean dendan softwarea erosten genuen, gure ordenagailuetan instalatzen genuen eta bertan genituen gauza guzti-guztiak.

Orain, ordea, dena ordenagailuan instalatuta eduki beharrean sarean edukitzea da joera, eta Interneten dena partekatzea. Mundu mailan sortu den erakunde bat aurkeztu dugu ikastaroan: TAUS. Erakunde horren helburu nagusia itzulpen memoriak partekatzea da eta bertan daude Microsoft, Adobe... Enpresa garrantzitsuenak biltzen ditu TAUSek. Baliabideak partekatzeko apustua egin dute eta ekimen interesgarria da, zinez.

Beraien itzulpen memoria horretan bilaketak egiteko modua eskaintzen dute. Edonork egin dezake hori eta guk probatu egingo dugu. Ordenagailuz lagundutako itzulpen softwarea da Wordfast, eta hori hartuko dugu adibide bezala teknologiaren garapena ikusteko. Batik bat, web interface bateko bertsio horretan zentratuko gara. Itzulpenak sortzeko ez ezik, itzulpen lanak kudeatzeko tresnak ere ikusiko ditugu. Niri bezero batek itzulpen bat eskatzen didanetik erregistro bat gordetzen dute, aurrekontuak sortzeko balio dute, bukaeran faktura bat sortzen dute, bezero bakoitzari egindako lanen erregistroa egiten dute... Azken finean, kudeaketa tresnak dira.

Itzulpen automatikoak, bai ala ez?

Nik baietz esango nuke. Orain oso modan dago itzulpen automatikoarena, eta nik irakatsi nahi diet ikasleei benetan lagungarriak direla. Gaztelaniatik euskarara testu bat itzultzeko saiakera egingo dugu, adibide gisa. Beste hizkuntza bikoteekin oso emaitza onak lortzen dira; gaztelania-katalana edo galegoa-portugesa...

Euskararen kasuan oraindik lanean gabiltza hobetzeko, baina badira gauza batzuk itzultzaile automatikoek dagoeneko ondo egiten dituztenak.

Itzulpengintzako nahikoa baliabide ditugu euskaraz ala hutsuneak ditugu oraindik?

Gu ELEKAn, bereziki, horretan saiatzen gara. Zorte handia dugu. Izan ere, Windows, Office, Firefox eta abar euskaraz erabil daitezke. Xuxen ere hor dugu. Itzulpen automatikoan ere sartzen ari gara...

Orokorrean esango nuke ez gaudela gaizki baliabide aldetik. Teknologiari dagokionez, tresna horien tripei dagokionez, nik uste asko mugitzen ari garela. Noski betiere jakinik euskara hizkuntza txikia dela, beste hainbat hizkuntza handirekin konparatuz baliabide gutxiago ditugula...

Baina saiatzen ari gara eta jarraituko dugu, eta ez dut uste atzean geratuko garenik.

Itzulpen on bat egiteko urrezko araurik ba al da?

Nik esango nuke itzulpen on bat egiteko merkatuan dauden baliabideak erabili egin behar direla. Egia da, itzultzaile on bat, tresnekin edo tresnarik gabe, ona izango dela.

Hala ere, laguntzarekin, gizakioi eskapatzen zaizkigun detailetxo horiek detektatu egiten dira, makinak makinak baitira betiere. Hiztegiak, zuzentzaileak, editoreak... baliatzea laguntza handia da. Noski, baliabide horiek guztiek garunari lotuta joan behar dute.

Zehatzetik gutxi du itzulpengintzak...

Egia da, oso gauza subjektiboa da. Edozer itzultzerakoan mila zentzu topatu ditzakezu. Eta hori itzulpen automatikoan asko ikusten da. Makinak nola asmatuko du kasu bakoitzean zein den adiera egokia?

Makinak sekula ez du itzultzailea ordezkatuko?

Oso, oso, oso zaila litzateke... Baina lagundu bai, asko lagun dezakete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo